[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

Maite Alustiza

Ekainaren 5a “egun historikoa” izan zen, mugarri bat, “egun oso inportantea”. Estatus politikoari buruzko galdeketak egin zituzten Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian. “Garbi daukagu ekainaren 5ean ez dela ezer bukatuko: zerbait egiten baldin bada, hasi egingo da”, azaldu zuen Gure Esku Dago dinamikako Angel Oiarbidek. Emaitza bera baino gehiago, erabaki ahal izatea jo zuten garrantzitsutzat, eta galdeketek izandako harrerarekin gustura agertu ziren antolatzaileak: “Ekainaren 5ean borondate bat azaleratu da; kuantitatiboki bere emaitza izan du, baina kualitatiboki ikaragarrizko dimentsioa dauka”. Goierrin, euskal estatu burujabeaz egin zuten galdera; Debagoienean eta Azpeitian, berriz, euskal estatu independenteaz. Guztira, 124.741 herritar zeuden bozkatzera deituta, eta, parte hartu zutenen artean, aldeko iritzia nagusitu zen, alde handiz.

Goierriko 23 herrietan 58.066 herritarri galdetu zitzaien, eta 15.724 goierritarrek eman zuten botoa: euskal estatu burujabe baten alde agertu ziren 15.059 (%95,7); ezezkoak, aldiz, 510 izan ziren (%3,3). Parte hartzeari dagokionez, eskualdeko datu orokorra %27 izan zen, baina alde nabarmena egon zen herri txikien eta handiagoen artean. Zerainen, Gaintzan eta Mutiloan, esaterako, hamarretik zazpik eman zuten botoa; Zaldibian, Ataunen eta Itsason, hamarretik seik. Bestelakoa izan zen parte hartzea Beasainen, Ordizian, Zumarragan eta Legazpin; espero baino txikiagoa. Bi adibide: Beasainen, 11.478 herritar zeuden deituta, eta 2.427 herritarrek parte hartu zuten. Zumarragan, 8.487 herritarrek parte har zezaketen, eta 1.140 herritarrek bakarrik eman zuten botoa. Arlo horretan herri batzuetan “gabeziak” egon arren, antolatzaileak gustura agertu ziren jasotako erantzunarekin.

Debagoienean, eskualdeko zortzi herrietan eta Aramaion (Araba) egin zuten galdea —datuetan bederatzi herriak hartzen dira kontuan—. Hautesleen %29,35ek eman zuten botoa; hau da, 16.007 lagunek. Horietatik 15.190 herritarrek euskal estatu independentearen aldeko hautua egin zuten (%94,89). Erain plataformak antolatu zuen galdeketa, eta emaitza “oso positiboa” izan zela adierazi zuen biharamunean. Parte hartzea nabarmendu zuen: Leintz Gatzagan %50ek baino gehiagok parte hartu zuten; Oñatin, 10.000 biztanle baino gehiagoko herria izanik, %35ek baino gehiagok; eta, Bergaran, ia %30ek —15.000 biztanle inguru ditu—.

Azpeitian, “inoiz egin den herri galdeketarik parte hartzaileena” izan zen ekainaren 5ekoa. Hitzartu plataformak antolatuta, herritarren %39,4k parte hartu zuten. Eta estatu independente bati baiezkoa eman zioten botoa eman zutenen %94,6k, ezezkoa %3,9k, boto baliogabea %1,1ek eta zuria %0,4k.

Prozesuaren garrantzia

Bozketa egunean boluntarioek eta eragile ezberdinek egindako lana aintzakotzat hartu zuen Gure Esku Dago-k; talde lan hori, ordea, ez da egun batera mugatzen. Lanketa luzea egin zuten herri guztietan ekainaren 5era iritsi arte. Nagusiki hiru pausotan bideratu zuten prozesua: sinadurak bildu, galdeketa antolatu eta galdeketa egin. Herri edo eskualde bakoitzeko taldeetan pentsamendu eta joera askotariko herritarrak elkartu ziren, eta prozesua bera aberasgarria izan zen, Oiarbidek esan zuenez: “Prozesuak aurrera egin ahala mito pila bat erori dira. Elkarrizketarako, elkarri entzuteko eta elkarrengandik ikasteko aukera eman digu prozesuak sentsibilitate ezberdinetako goierritarroi, eta hori oso aberatsa da”.

Galdeketa egin ondorengo hilabeteetan ere lanean segitu zuten Goierrin, eta horretan dabiltza orain ere. Azaroan, Hemendik aurrera zer? saioa egin zuten Seguran, eta, dinamikako kide Aitor Urkiolak Goierriko Hitza-ri azaldu zionez, momentu honetan Gure Esku Dago-ren erronka da “Goierrin sua piztuta nola mantendu”. Urola Kostan, Azpeitiak lekukoa pasatu berri die hurrengo urtean galdeketa egingo duten eskualdeko herriei. Hitzartuk bere ibilbidea amaitutzat eman duen arren, Azpeitian “erabakitzeko eskubidearen aldeko suari eustea” daukate helburu, eta Gure Esku Dago-ren lantaldean jarraitzeko deia egin die Hitzartuk herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.