“Ederra da jakitea zure lana kontuan hartu dutela, motibagarria”

“Ederra da jakitea zure lana kontuan hartu dutela, motibagarria”

Aitziber Arzallus

Etxean zer jaten duten sarri galdetzen diete Goenaga ahizpei, haien emaitzek harrituta. Dozenaka domina eta garaikur dituzte etxean, han eta hemen irabazitakoak, gehientsuenak igerian. Ainhoak (1997), Oihanak (1999) eta Maitanek (2002) bizitza guztia daramate uretan; gazteenak ere hamar bat urte bai. Eta beste pixka batean hala jarraitzeko asmoa dute ahizpa azpeitiarrek.

Igerilari ona izatea geneetan daramazuen zerbait al da?

AINHOA: Ez dakit hala izango den, baina askotan esan digute familiatik datorkigun zerbait izango dela. Gurasoek eztabaidan jarduten dute: amak dio bere aldetik datorkigula; aitak, berriz, beretik.

Ala asko entrenatzearen ondorioa da?

MAITANE: Ez dut uste horregatik bakarrik denik. Ia egunero entrenatzen gara, baina gure kontra lehiatzen diren gehienak baino gutxiago.

Zenbat entrenatzen zarete, bada? Eta zer jaten duzue?

MAITANE: Astean sei aldiz entrenatzen gara, igandeetan izan ezik, egunean bi orduz. Taldean egiten ditugu saioak, entrenatzaile batekin. Denboraldia irailean hasten dugu, eta abuztuan amaitu, eta etapa diferenteak izaten ditu.

AINHOA: Hasieran, lan aerobiko gehiago egiten dugu, fondoa hartuz joateko; eta, lehiaketa eguna gerturatu ahala, lan espezifikoagoa egiten hasten gara; igerilari bakoitzak lehiatuko den proben araberako erritmoak lantzen ditu. Oso garrantzitsua da lehiaketa aurreko atsedenaldia ere, egindako lanak emaitza hobeak emateko.

OIHANA: Jan, berriz, amak jartzen diguna, denetarik. Afariak egiten ditugu indartsuak, entrenatu eta gero egundoko gosearekin ailegatzen garelako etxera.

Abenduaren erdi aldera Sabadellen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) izan zineten Espainiako Neguko Txapelketan. Hiru ahizpok lehiatu zineten absolutuen mailan. Ez da zuena bezalako beste kasurik egongo…

AINHOA: Ez dut uste; etxe beretik hiru joatea ez da oso ohikoa.

OIHANA: Bozgorailuetatik gure izenak esaten dituztenean, jendea harrituta gelditzen da horrenbeste Goenagarekin. Gainera, Sabadellera Izarraitz taldetik gurekin batera joan zen beste igerilari batek ere abizen bera du, nahiz eta ez garen familiakoak.

Hirurok maila berean lehiatzen al zarete?

AINHOA: Berez, ez. Adinagatik, ni aurten absolutuen mailan ari naiz; Oihana, absolutu gazteetan; eta Maitane, haurretan. Baina, denborengatik, gurea ez den maila batean parte hartzeko aukera ere izaten dugu. Adibidez, Sabadellekoa absolutu mailako lehiaketa zen, eta Maitane haurretan dabil, baina, gutxieneko denborak baino hobeak dituenez, lehiatzeko aukera izan zuen.

Gustura geratu zineten han egindako lanarekin?

MAITANE: Bai, ezin genuen gehiago eskatu; baliogabetze batzuk-eta egon ziren, baina…

Zeren arabera erabakitzen duzue zer probatan parte hartuko duzuen?

AINHOA: Proba bakoitzerako gutxieneko denbora bat jarrita egoten da. Denbora hori baino hobea badaukazu, parte har dezakezu, eta bestela ez. Oihanak ia proba guztietan hobetzen du gutxienekoa; beraz, aukeratu egin dezake. Nik, normalean, bizkar egiten dut, hor ditudalako denbora onenak.

Azaroan, Ainhoa etorkizuneko kirolari eta Oihana talentuzko kirolari izendatu zintuzten Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrek zer esan nahi du zuentzat?

AINHOA: Ederra da jakitea federazioak zure lana kontuan hartu duela, motibagarria, eta laguntzen du igerian jarraitzeko, adin batetik aurrera gehienek utzi egiten dutelako. Sari horri esker, azterketa medikoak-eta doan egiteko aukera izango dugu. Oihanari eman diotena, ordea, hobea da, maila altuagokoa.

OIHANA: Niri, batetik, diru pixka bat eman didate; eta, bestetik, abantaila batzuk ikasketekin jarraitzeko. Orain, Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz, eta datorren urtean unibertsitatean hasteko asmoa dut. Bada, talentuzko kirolari izateagatik, lehentasuna izango dut EHUn nahi dudan karrera hautatzeko, batez besteko notarik izan beharrik gabe; gainditzearekin nahikoa izango dut. Horrek egundoko lasaitasuna ematen dit, batzuetan ez baita erraza kirola eta ikasketak bateratzea. Adibidez, joan den urtean pasatu nuen bolada bat nahiko txarra, entrenatu arren ez nituelako nahi bezain emaitza onak lortzen, eta, gainera, ikasi egin behar. Momentu horietan, burua huts egiten hasten zaizu, dena beltz ikusten duzu, frustratuta sentitzen zara, ezkor. Horrelako aitortza batek laguntzen du ikusten egindako lan guztiak merezi duela, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu.

Jendeak, oro har, duen balioa ematen al dio igeriketari?

OIHANA: Ez; jende askok egiten du igeri, baina txapelketen mundua gutxik ezagutzen dute.

Orain artean, sari eta marka asko erdietsi dituzue. Zeintzuk izan dira zuentzat garrantzitsuenak?

AINHOA: Junior mailan, Espainiako Txapelketan, bigarren geratu nintzen hiru alditan. Absolutuetan, final batzuetan sartu izan naiz. Adibidez, udan, Kanaria irletan jokatutako Espainiako Txapelketan, bi final jokatu nituen.

OIHANA: Lorpen dezente dauzkat, baina niretzat garrantzitsuena duela bi urte egindako bat da. Gogor entrenatzen jardun nuen, nire denbora hobetu eta nire adinekoen artean Espainiako laugarrena izateko, Europako Txapelketarako txartela lor genezakeelako. Jarritako helburua lortu egin nuen, eta niretzat sekulakoa izan zen, nahiz eta azkenean beste kontu batzuk tarteko zirela ezin izan ginen joan Europara. 2015eko udan, berriz, Euskadiko errekor absolutua egin nuen. Ordura arte banituen markak nire adinekoen artean, baina absolutuetan marka egitea izugarria izan zen. Hogei urtean baino gehiagoan inork ez zuen hobetu denbora hura, eta nik egin nuen.

MAITANE: Haurren mailakoa izanda, absolutuetan lehiatze hutsa bada nahikoa lorpen niretzat. Udan, berriz, Espainiako Txapelketan, nire adinekoetan hirugarren izatea lortu nuen bi probatan. Inondik inora ere ez nuen espero etxera bi domina ekartzerik.

Zein dira zuen hurrengo erronkak?

OIHANA: Haurrek martxoan Espainiako Txapelketa jokatuko dute; guk, berriz, Aste Santuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.