“Eskola praktikoak jarraian ez izanda ohiturak galtzen dira”

A. Olaizola

Luciano Manterolak (Getaria, 1969) lehenengo pertsonan bizi du Gipuzkoako aztertzaile faltaren arazoa. Lanbidez gidaria da, eta trailerrerako gidabaimena edukitzeko ikasten dabil irailaz geroztik.

Zerk bultzatuta hasi zinen trailerreko gidabaimena ateratzen?

Irailaren 21ean hasi nintzen horretan, eta bi hilabeteren bueltan ateratzea aurreikusten nuen. Duela 30 urte atera nuen autoko gidabaimena, eta orain dela 20 urte kamioi txikiena atera nuen. Betidanik izan dut kamioi handien gidabaimena ateratzeko kezka, nire ibilbide profesionalerako. Izan ere, trailerraren gidabaimenik gabe motz geratzen nintzela uste nuen. Baina unean-unean beti sortzen zitzaidan beste zerbait, eta atzeratu egiten nuen. Azkenean, langabezian geratu nintzenean, jasotako kalte-ordainekin gidabaimena ordaintzea erabaki nuen. Urte amaierarako gidabaimena edukita lan aukera berriak izango nituela espero nuen.

Nola izan da prozesua?

Trailerreko gidabaimenerako hiru azterketa gainditu behar dira: teorikoa, maniobrena eta errepidean egiten den praktikoa. Maniobrena bigarren aldian gainditu nuen, eta horregatik ere eskola gehiago jaso behar ditut. Horrez gain, azterketa batetik bestera hiruzpalau aste igaro dira. Uste nuen baino luzeago doa guztia. Ez da batere serioa.

Egunero izan al dituzu eskola praktikoak?

Maniobrenak bai, baina zirkulaziorako azterketa prestatzeko eskolak ez. Azterketa praktikoa prestatzen hasi ginen lehenengo astean bi izan nituen, eta hurrengo astean beste bat. Aste honetan ez dut izan eskolarik, ez dakigulako noiz izango dudan azterketa. Bezperan beste bat izango dudala pentsatzen dut.

Gidabaimena ateratzen hasi zinenean, espero zenuen horrenbeste luzatuko zela?

Ez nuen inondik inora espero. Autoeskolan esan zidaten pixka bat atzeratuta zebiltzala, baina lanik ez nuenez, aurrera egin nuen.

Noiz aurreikusten zenuen egitea azterketa praktikoa?

Azaro eta abendu bitartean egitea pentsatzen nuen. Oraindik ez dakigu noiz egingo dugun. Beharbada, hurrengo astean izango da, baina ia azken egunera arte ez dugu jakiten ezer.

Beharrezkoa al duzu gidabaimena lanerako?

Bai. Bizi osoan gidaria izan naiz. Hogei urte egin ditut lanean: anbulantzian hasi nintzen, gero banatzaile…

Ekonomikoki eragin al dizu?

Bai, erabat. Aurreikuspenak egiterakoan, bizpahiru hilabetetan ateratzea zenbat diru kostako zitzaidan kalkulatu nuen. Orain, nire diru guztia pikutara joan da. Lau eskola jarraian jasota, gutxi gorabehera, praktika guztia buruan duzu, baina atzeratuz joan da guztia, eta, eskolak jarraian ez izanda, ohiturak ere galduz joaten dira. Eskola praktiko bakoitzaren prezioa 70 euro da. 1.400 euro gastatuko nituela aurreikusten nuen, baina dagoeneko 2.000 euro ordaindu ditut.

Zertan eragiten dizu egoera honek guztiak?

Denean eragiten dit. Lana bilatzeko orduan, ez dakizu nora joan, gidabaimenik ez duzulako. Bi eskaintza izan ditut; baina, gidabaimenik ez nuenez, aukera galdu dut.

Azterketa praktikoa gaindituko ez bazenu, prozesua gehiago atzeratuko litzateke. Nola eragingo lizuke horrek?

Ez dakit zer egingo nukeen. Beharbada, oraingoz utzi egingo nioke gidabaimena ateratzeari, eta dirua aurreztutakoan berriro ekingo nioke.

Zer-nolako iritzia duzu egoeraz?

Herrialde aurreratuetan ez da halakorik gertatzen. Europa pixka bat ezagutzen dut, eta inon ez dut halakorik ikusi. Engainatu egin nautela sentitzen dut, baina ez naute engainatu autoeskolek eta aztertzaileek, gobernuek baizik. Hau guzti hau ahalbidetzen duten politikariek dute errua. Hau Madrilen ez litzateke gertatuko; baina gu probintzia txikia garenez, ez dira jabetzen hemengoaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.