“Filosofiak fisikaren krisian du sorburua”

Olatz Mitxelena

“Nik ozen aldarrikatzen dut filosofia, batez ere, metafisika dela”. Horixe dio Victor Gomez Pin filosofoak, idatzi duen azken lanaren mamiaz galdetuta. Fisika joniarraren eta fisika kuantikoaren ondoren. Filosofiaren jaiotza eta berpiztea izenburupean, liburu mardula idatzia du filosofo katalanak. Azken lau asteak Pasaian eman ditu Gomez Pinek, Hugoenean, Juan Ramon Makuso idazlearen laguntzaz bere azken lanaren laburpen bat euskaratzen, Eusko Ikaskuntzak argitara dezan.

Ez da lan makala izan. Makusok jakinarazi duenez, jatorrizko lanak 700 orri inguru dituelako. Euskarazko bertsio laburtua Makusok idatzi behar du, eta, testu informatiboa izanik, gogor aritu dira biak Pasaian elkarlanean, itzulpena “edozein irakurlerentzat ulergarri” izan dadin. “Makusok testuak euskaratu, eta, ondoren, niri ozen irakurri dizkit. Nik itzulpena ez banuen ulertzen, berriro itzultzen genuen testua”, azaldu du Gomez Pinek. Euskara “oso zaila” dela dio, baina ulertu egiten du, eta hitz egiteko gai ere bada. Donibaneko liburutegian euskaraz egin zuen bere lanaren aurkezpena, lehengo asteartean.

Filosofiaren berpizkundea

“Joniarren eta fisiko kuantikoen artean lotura bat” dagoela azpimarratu du Gomez Pinek bere lanean. “Filosofia Grezian jaio zen, eta han sortu ziren lehenengo fisikariak ere”, jarraitu du. Jada joniarren garaian fisikan krisi bat gertatu zela uste du Gomez Pinek, eta fisikaren krisi hark hausnarketa eta gogoeta metafisikoa eragin zuela dio, filosofiaren sorrera eraginez: “Filosofiak fisikaren krisian du sorburua”. Gomez Pinek azaldu duenez, joniarren garaian gertatu zen antzera, XX. mendean ere, fisikaren krisi berri batek eragingo du filosofiaren berpizkundea. Hortxe lotura joniar fisikari eta egungo fisikari kuantikoen artean.

Egungo fisika “sekulako saltsan sartuta” dagoela dio Gomez Pinek, XX. mendera arte naturaren oinarrizko printzipioak izan direnak ezbaian jarri direlako. Fisikariak efektu fotoelektrikoaren dualtasunaz ohartu direnean hasi da “nahaspila”, horrek lokalitate printzipioa ezbaian jarri duelako, “jatorriz dugun naturaren kontzepzioa kolokan jarriz”.

“Beti pentsatu izan da ezagutzak gu eraldatzen gaituela, baina ez duela eraginik aurrez ezagutzen dugun horretan”. Bada, printzipio zehatz hori da gaur-gaurkoz ezbaian dagoena, eta egiaztapen horretatik eratortzen da filosofiaren berpiztea.

Kontzepzio okerrak

Metafisika hitza gaur egun oker erabiltzen dela ohartarazi du Gomez Pinek, besteak beste, “apaizek egin duten erabilera interesatuarengatik”. “Metafisikak ez du zerikusirik fisikatik kanpo dauden espekulazioekin, aingeruekin eta beste… Metafisika fisika krisian sartzen denean sortzen den hausnarketa da”.

Norabide berean, gaur egungo gizartean filosofiaren kontzepzio okerra gailendu delako kexu agertu da: “Filosofiaren kontzepzio okerra nagusitu da gaur egun. Filosofia zientziaren eta mundu poetiko literarioaren artean kokatzen dute askok”. Gomez Pin, ordea, kontzepzio horren erabat kontra dago: “Nik kontzepzio hori erabat suntsitzen dut nire tesi honetan. Filosofia metafisikoa da. Are gehiago, soilik da morala, subjektuaren arazoari erreparatzen diolako”.

Filosofiarik gabe gizabanakoak esploratzeko gaitasuna galduko lukeela dio Gomez Pinek, besteak beste, “filosofiak atea zabaltzen dielako zientziaren behatzaileek dituzten galderei”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>