Irakurtzen ikasiz, lanpostua amets

Irakurtzen ikasiz, lanpostua amets

E.G.L.

Asteartea da, eta Andoaingo HHE zentroan hiru ikasle baino ez dira ari lanean. Arratsaldez aritzen dira ikasle gehiago. Sahararrak dira ikasleetako bi, senar-emazteak, eta marokoarra bestea. Gazteleraz hitz egiteko gai dira hirurak, baina ez dakite irakurtzen eta idazten. Horretan ari dira. Testuak irakurri eta ulermena lantzeko galderak erantzuten; koadernoan esaldiak idazten; irudiei izenak jartzen… Ikasketarik gabeak dira hirurak, eta arabiarrez ere ez dakite irakurtzen.

Yussef Tangerrekoa da, eta 37 urte ditu. Lanean umetan hasi zela dio, ikasterik ez zuela izan, eta duela hamabost urte Valentziara (Herrialde Katalanak) joan zela bizitzera. Euskal Herrira duela hiru urte heldu zen, eta bigarren urtea du Andoaingo HHE zentroan. Bi lerrotako koadernoan ari da idazten, letra txukunarekin. Lana topatu nahi du, eta helburu horrekin ari da ikasten. “Valentzian, landako lanak egiteko, ez zidaten eskatzen irakurtzen jakitea; baina hemen halako lanik ez dago, industria da nagusi eta, gutxienez, eskatzen dizute irakurtzen jakitea. Mekanikari gisa lanen bat egin dut, eta gustura, baina ikasten segitu behar dut lanean jarraitu nahi badut”. Aurrerago euskara ere ikasi nahiko lukeela azaldu du.

Mbarkak dio oraindik ere kosta egiten zaiola testuak irakurtzea. 32 urte ditu, eta zazpi urte dira Saharatik Oionera (Araba) heldu zirela; handik Tolosara, eta gero, Andoainera. “Aurten hasi naiz hemen, lehen aldiz”. Galdera guztiei “pixka bat” erantzuten die. “Nahiko ondo hitz egiten duzu gazteleraz, ezta?”. “Pixka bat”. “Orain irakurtzen eta idazten ari zara ikasten?”. “Pixka bat”. “Arabieraz irakurtzen eta idazten badakizu?”. “Pixka bat, bai”. “Seme-alabek ez al dizute laguntza ematen ikasteko?”. “Gutxi”.

Bost seme-alabaren ama da. Horietako lau Tindufeko kanpalekuetan jaiotakoak, eta txikiena, 3 urtekoa, Euskal Herrian jaioa. “Ni baino hobeto moldatzen dira haiek, baita euskaraz ere. Umeak ikastetxean uzten ditudanean etortzen naiz ni ere eskolara. Familia osoa eskolan, senarra ere bai”, esan du Mbarkak, aldamenean eseria duen gizonari begira.

Salek izena du, 52 urte ditu eta emaztearekin batera dabil HHE zentroan. Senarra, denbora gehiago daramanez, aurreratuago dagoela azaldu du irakasleak. “Eta arratsaldetan, gainera, 15:00etatik 20:00etara, fabrikako mekanika ikastaro bat ari naiz egiten, Hernanin”, azaldu du. “Egun osoa ikasten ematea gogorra da; gustura nago ikasten ari naizenarekin, baina gero ez da lanik ateratzen. Beti galdetzen, baina ez dago ezer guretzat”. Tarteka lan egin izan duela dio, baina segidarik ez duela lortzen. Ikasteak bidea irekiko dion itxaropena du. “Gauza asko ikasten dugu; hemen industrian lana topatu nahi dut”.

Emaztea baino urtebete lehenago etorri zen Salek Euskal Herrira. “Baina, gu baino lehen, umeak etortzen ziren”, azaldu du Mbarkak, “udako oporrak hemengo familiekin pasatzera”.

Bizimodu hobe baten bila etorri dira hirurak Euskal Herrira, eta ikasiz eta hobetuz egin nahi dute bidea. Zentroko arduradunek diotenez, etorkin asko matrikulatzen dira, eta gehienek lanpostu bat lortzea dute amets.

Leave a Reply

Your email address will not be published.