[Museora] Soinuenea. Soinua egiten du museoak

[Museora] Soinuenea. Soinua egiten du museoak

Eider Goenaga Lizaso

Juan Mari Beltranek, musika jo, musika sortu, musika irakatsi eta musikagintza aztertzeaz gain, musika tresnak biltzeko afizioa izan du gaztetatik; eta horixe da Oiartzunen dagoen Soinuenea museo eta dokumentazio zentroaren oinarri nagusia. “Bilduma izugarria zuen, musika tresna kopuru handia zeukan pilatuta. Baina, batetik, lekua falta zuen, jada ez zekien tresna horiek non sartu; lagunen etxeetan, hainbat baserritan… Bilduma erabat barreiatua zegoen. Bestetik, jendeak etengabe jotzen zuen Juan Marirengana, musikari buruzko kontsultak egitera. Eta hortik bururatu zitzaion bere bilduma toki bakarrean biltzea, publiko egitea, eta dokumentazio zentro moduko bat sortzea”, azaldu du Soinueneko teknikari Orkatz Arbelaitzek (Donibane Lohizune, 1974).

Hainbat ate jo ostean, Oiartzungo Udalak eskaini zion bilduma horrentzako kokalekua, Ergoien auzoan. Martxoan egingo du hamabost urte ireki zutela. Musika tresnen museo bat da, baina dokumentazio eta ikerketa zentroa ere bai; milaka dokumentu daude kontsultagai, audio eta bideo dokumentuak zein paperekoak. “Herri musikaren inguruko topaleku eta dokumentazio zentroa da”, dio webguneak.

Musika tresnen erakusketak egiten dio harrera bisitariari, lehen solairuan. 1.500 tresnak osatzen dute bilduma, eta horietako 400 ikus ditzake bisitariak. Bi aretotan daude banatuta: “Batean, aerofonoak edo haizezkoak eta menbranofonoak daude, eta, bestean, kordofonoak eta iriofonoak. Gainerakoak ikusteko, eskaera egin behar da. Ikerketan dabilen jendea izaten da, batik bat”.

Hots jostailuen bitrina aipatu du Arbelaitzek, museoko bitxikerien artean. “Umeak jolasteko egin izan diren soinu tresnak dira: txulubitak, intxaur azalekin egindako txepetxak, albertxiko hezurrekin egindako flauta, hariarekin eta botoiarekin soinua ateratzen duen tresna…”.

Goiko solairuan, berriz, dokumentazio zentroa edo artxiboa dago. “Ikerketa lanen bat, eskolako eta unibertsitateko lanen bat egin behar duenari begira dago atondua”. Paper euskarrian jasotako dokumentazioak ez ezik, grabazioek osatzen dute artxiboa. “Batetik, editatutako grabazioak daude, zaharrak zein berriak; baina, guretzat, garrantzitsuenak bestela egindako grabazioak dira, landa lanari esker jasotakoak; halakoren etxera joan eta hari grabatutako abestiak, audioan edo bideoan. Material hori, inon editatua izan ez denez, hemen bakarrik dago, eta guretzat oso preziatua da”.

Herri musika

Herri musikaren txokoa da Soinuenea, baina zer da herri musika? “Herriak, jende arruntak sortzen duen musika da. Oso kontzeptu irekia da; kalean, etxean, bakarka edo taldean, familia giroan edo ospakizunetan egiten den musika da, edozein musika tresnarekin egindakoa. Testuinguruak zehazten du herri musika den edo ez”. Euskal Herrian jo eta sortutako herri musika da Soinuenearen ikerketa gai nagusia, baina atzerriko herri musikari ere erreparatzen diote. “Herri musika munduko toki guztietan egiten da, eta zibilizazio guztietan egin izan da. Bitrinetan, adibidez, badugu duela 25.000 urte jotzen ziren eta Izturitzeko kobazuloetan topatu ziren flauten erreplikaren bat”.

Musikaren erabilpen ezberdinak ere aztertzen dituzte Soinuenean. “Olentzero etortzen denean kantari ateratzea herri musika da, eta baita hileta batean kantatzea ere; Elizarekin lotzen dugun arren, hiletetan musika eta kantua betidanik izan baita”. Bestalde, antzeko soinu tresnak munduko toki ezberdinetan eta garai ezberdinetan agertu izan direla azaldu du Arbelaitzek. “Musika tresnak errepikatu egiten dira mundu guztian, izan garai berean edo garai ezberdinetan, izan inportatu direlako edo ideia bera toki ezberdinetan sortu delako”.

Tresna horien erabilpena eta egiten den musika mota aldatu egiten da, ordea. Txistua jarri du adibide. “Txistuari hemen ematen zaio garrantzia eta funtzioa, beste toki batzuetan ez zaio ematen. Obama datorrela, eta gu txistuarekin joaten gara korrika, harrera egitera. Hori beste inon ez da gertatzen. Txistua izan bada, baina ez da modu berean erabiltzen. Ingalaterrako txistularien elkarteko presidentea harrituta gelditu zen hemen txistuak duen pisuarekin; han ia inork ez omen ditu ezagutzen”.

Txistu, txalaparta, alboka eta trikitiarekin batera, hain ezagunak ez diren dozenaka soinu tresna daude Soinuenean. Musika tresnak ezagutu, ikusi eta entzuteko tokia da Soinuenea, soinua duen museoa. Soinu ezagunak, ez hain ezagunak eta erabat ezezagunak biltzen dira bertan, bisitariaren gozamenerako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.