“Oinarrizkoa den zerbaitez ari gara, ez soldata ikaragarriez”

“Oinarrizkoa den zerbaitez ari gara, ez soldata ikaragarriez”

Iñigo Terradillos

Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) polemika iturri da, beste behin. Oraingo honetan, igo ez izanak sortu du. Abenduaren 30ean, lanbide arteko gutxieneko soldata %8 igotzea onartu zuen Espainiako Gobernuak. Diru sarrerak bermatzeko legearen barruan diru sarrerak bermatzeko errenta eta gutxieneko soldata lotzen diren arren, igoera hori ez aplikatzea eta KPIaren arabera gaurkotzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuak eta hainbat alderdi, EH Bildu eta Ahal Dugu tartean, erabakiaren aurka agertu dira. Koro Amunarriz Gipuzkoako Langintza Elkargo Ofizialeko lehendakariak beharrezkoa dela dio, eta espero du azkenean igoera ezarriko dela.

Igoera aplikatu beharko al litzateke?

Legediak dio gutxieneko soldatarekin lotua dagoela diru sarrerak bermatzeko errenta. Guk hori mantendu behar dela uste dugu. Gainera, pobreen kopurua handitu egingo dela ikusten dugu; beraz, beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Kontuan hartu behar da 2012an %7 jaitsi zutela.

Uste duzu azkenean igo egingo dutela?

Itxaropena badaukagu. Juan Jose Ibarretxek abenduan esan zuen haurren txirotasunaren aurka egiteko baliabideak jarri behar zirela. 2012-2016ko Inklusio Planean ere helburu horiek azaltzen dira. Bada, txirotasunaren aurka egitea, hain justu, neurri horiek hartzea da. Gainera, pentsatu behar da, era berean, diru horrek jarduera ekonomikoa bultzatzen duela; beraz, gizartera itzultzen da nolabait.

Iaz, Jaurlaritzak 400 milioi euro erabili zituen errenta pagatzeko, eta %8ko igoera ezartzeak 30 milioi euro gehitzea ekarriko luke. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak esan du horrek hankaz gora jarriko lukeela aurrekontuen banaketa.

Hankaz gora jarriko da gizartea txirotasuna handitzen bada. Argindarra, petrolioa eta abar igoko dira, eta familia askoren aurrekontuan eragin zuzena izango du. Egia da ekonomiari eta zenbakiei begiratu behar zaiela, baina gizartearen egoerari ere begiratu behar zaio. Europarekin alderatuta, Frantzian edo Britainia Handian gutxieneko soldata 1.500 euro inguru da, eta hemen, berriz, 707 euro. Argi dago 50 euro igota ere oso oinarrizkoa den zerbaitez ari garela, ez soldata ikaragarri handiez.

Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, langile batek diru sarrera handiagoak izan behar ditu laguntza bat jasotzen duenak baino, eta bi diru sarrerak parean jartzeak ez luke lagunduko langabeak lana bilatzera animatzeko.

Jendeak nahiago du lana izan, diru laguntzak jaso baino. Norbere autoestimurako, askoz ere egokiagoa da lan bat izatea edo jarduera bat egitea.

DSBEren onuradunak lan mundura txertatzeko programa berriak aurkeztuko dituzte, eta errenta arautzen duen legedia berrikusi asmo dute. Non egon daitezke hutsuneak?

Gogoeta sakona eskatzen duen gai bat da. Guk, elkargo moduan, uste dugu Lanbide eta gizarte zerbitzuekiko koordinazio falta handia dagoela. Gainera, komunikazioa ez da batere gertukoa. Egia da zerbitzua hobetze aldera pausoak eman direla, baina asko falta da egiteko.

2012an, diru sarrerak bermatzeko laguntza edo AGI delakoa ipini zuen EH BIlduk, DSBEn izan ziren aldaketek sortutako hutsuneak betetze aldera. Gerora, EAJk kendu egin zuen diru laguntza hori, etorkinengan erakartze efektua sortzen zuela argudiatuta. DSBEn ere mezu hori zabaltzen da, baina datuek besterik diote; 2015eko maiatzetik, gutxituz doa jasotzaileen kopurua.

Nazioarteko Diru Funtsak berak ere esana du emigrazioak aberastasuna sortzen duela. Bai kultura mailan, bai jarduera ekonomikoan. Elkargokook adierazi genuen, esaterako, AGIa kentzeko neurriarekin ez geundela ados. Gure lanean ikusten dugu geroz eta egoera okerragoan bizi dela jendea, eta gainera edonori edonoiz alda dakioke bizia. Halako diru laguntzak egoera horietarako dira. Beraz, gure ustez, erakartze efektua baino gehiago, aberastasun efektua da. Hori bai, iruditzen zait inklusio planen eta etorkinen harreran hausnarketa egin beharra dagoela. Kontuan hartu behar da ikerketen arabera Euskadin etorkinei harrera positiboa egiten zaiela, eta bide horretatik jarraitu behar dugu.

Oso zabaldua dago, halaber, etorkinek jasotzen dituztela diru laguntza horiek.

Gure erkidegoan bizi direnek dute eskubidea laguntza jaso ahal izateko. Niretzat ez da hain garrantzitsua etorkina izatea edo ez, baizik eta diru laguntzarekin oinarrizko beharrak bete ahal izatea.

2008. urtean onartu zen DSBE diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko errenta. Aldez aurretik, gizarteratzeko gutxieneko diru sarrerak edota oinarrizko errenta izan ziren. Zergatik uste duzu sortzen dela hainbeste eztabaida gai honen inguruan?

Batetik, aurrekontuari eragiten dion zerbait da; bestetik, erabaki politiko bat da, hau da, arlo horretan zer filosofiarekin egingo den lan. Gure aurrekontuetan dirua banatu behar dugunean, zeri eman nahi diogu gehiago: gizarteratzeari edota hirigintzari? Erabaki politikoa da hori. Eta horri guztiari gehitzen badiogu egoera geroz eta latzagoak direla, polemikak sortzen dira. Agian, askotan oso erraz hitz egiten dugu gai batzuen inguruan, eta kontuan hartu behar da gai delikatuak direla, tentuz hartzekoak. Besteetan, berriz, konpromiso falta handia ere sumatzen da; maiz asko hitz egiten da politikariek, esaterako, gizartearen onerako egingo dituztenen inguruan, eta gero hitzetan baino ez dira geratzen.

Uste al duzu diru sarrerak bermatzeko errenta arriskuan dagoela eta noizbait ken dezaketela?

Zail ikusten dut kentzea. Izan daiteke diru sarrerak bermatzeko errenta eduki ahal izateko baldintzak gogortzea. Hori bai, baina kentzea oso zaila ikusten dut. Oinarrizko errenta unibertsala delakoaz ari da asko hitz egiten orain, eta horregatik uste dut zaila izango dela kentzea. Geroz eta gehiago dira oinarrizko errenta unibertsalaz hitz egiten dutenak Europan, Espainian eta Euskal Herrian. Kopuru bat jarriko litzateke, eta guztiek jasoko lukete gutxienez hori; esaterako, lan egiten dutenak horretaraino iristen ez badira, iritsi arteko kopurua gehituta. Horrela oinarrizko bizi kalitatera iritsiko ginatekeela diote adituek. Nik espero dut ez kentzea diru sarrerak bermatzeko errenta; izan ere, gainerakoan ezingo lirateke jasan gaur egun ikusten ditugun hainbat egoera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.