Ardoa eta sagardoa lehen, garagardoa orain

A. Arzallus

Egun, Gipuzkoan ekoitzitako dozena erditik gora garagardo artisau topa daitezke merkatuan. Baina, duela ia hogei urte, oso bestelakoa zen panorama, Joxe Anjel Arbelaitz Pagoa garagardo ekoizlearen sortzaileetako baten esanetan. Eurak izan ziren aitzindariak. “Kasualitatez hasi ginen. Oiartzungo Ergoien auzoko industrialde batean lokal batzuk genituen, eta zertarako erabili pentsatzen ari ginen. Lagun batek esan zigun Frantzian eta beste leku batzuetan garagardo artisau batzuk ikusi zituela, eta, halaxe, ikustera joan ginen. Ideia gustatu egin zitzaigun, eta animatu egin ginen”. Pare bat urtez han eta hemen ikasten eta prestatzen jardun ondoren, garagardo fabrika 1998an ireki zuten.

Asmoa, hasiera batean, barrikan egitekoa zuten, barrikan bakarrik. “Hasi ginen Donostiako Parte Zaharreko taberna batzuetan-eta saltzen, baina ustekabeko eragozpenak izan genituen multinazionalen partetik”. Hiru motatako garagardoa egiten hasi ziren, Pagoa horia, gorria eta beltza. “Cruzcampokoak hasi ziren esaten guk merkaturatu genuen hark euren Oro garagardoaren antz handia zeukala. Gu erabat harrituta geratu ginen, nola gu bezalako inurri bati elefante bat etorri zitzaion ireki eta segituan”. Pagoa sal ez zezaten tabernei presioa egiten hasi zirela ere gogoratzen du Arbelaitzek. Azkenean, hasierako asmoa aldatu, eta garagardoa botilatzeari ekin behar izan zioten, pentsatuz agian kanpoan saltzen hasi beharko zutela. “Hasierako urteak oso zailak izan ziren, baina jarraitu egin genuen; pixkanaka-pixkanaka, salmenta gune handietan sartzea lortu genuen, eta hor daramatzagu ia hogei urte”.

Zarautz Beer Company-k ibilbide motzagoa du, oraingoz. Hiru bat urte dira Arnau Estraderrek —hasieran beste lagun batekin batera— garagardoa profesionalki ekoizten duela. “Lehen, ardotegi-garagardotegi bat neukan herrian, sukaldearekin. Garagardoa etxean egiteko kit bat erosi nuen, eta, proba modura, hantxe hasi nintzen egiten. Denetariko emaitzak ateratzen zitzaizkidan, txarrak eta onak. Onenak botilatu eta bezeroei ematen hasi nintzen dastatzeko, eta ikusi nuen gustatu egiten zitzaizkiela. Halaxe, orduko bazkidearekin batera, jauzia egitea erabaki nuen”. Lokal bat hartu, hura prestatu eta garagardoa modu profesionalean egiten hasi zen. Hasiera batean, bigarren eskuko makineria erosi zuen, baina, gauza ondo zihoala ikusita, denborarekin material berria erosi du, eta egun “itxurazko lantegia” du.

Estraderrek bakarrik ez, beste hainbat gipuzkoarrek ere gauza bera erabaki zuten. “Badirudi guztiok ideia bera eta aldi berean izan genuela, urte batetik bestera lau edo bost ekoizle berri hasi zirelako lanean”. Egun, berak bakarrik jarduten du Zarauzko fabrikan. Soldata duin bat ateratzeko aukera ematen dio lanak, eta gustukoa eginez, gainera. “Egun batzuetan hemezortzi orduz ere egiten dut lan, tokatzen den eginbeharraren arabera, baina gustura jarduten naiz”. Gutxien atsegin duena paper kontuak egitea dela aitortu du. “Astean hamar bat ordu kentzen dizkit lan horrek, paper mordoa aurkeztu behar izaten baitugu Ogasunean-eta. Gainerako guztia pozik egiten dut, garbiketa dela, botilatzea, kaxetan sartzea, eta abar”. Urtean 50.000 eta 60.000 litro artean ekoizten ditu kataluniarrak. %90 Gipuzkoan eta Euskal Herriko beste leku batzuetan saltzen du, Zapiain banatzailearen bidez, eta gainerakoa Katalunian eta Espainiako leku batzuetan.

Aurtengoa bere negozioak egonkortasuna lortuko duen urtea izango dela uste du Zarautz Beer Company-ren jabeak. Garbi du, ordea, garagardo artisauaren sektoreak garatzen jarraituko duela. “Jendea beldurra galduz joango da, eta gauza berriak probatzera animatuko da”. Iritzi bera du Arbelaitzek ere. “Ardoarekin eta sagardoarekin gertatu den gauza bera gertatzen ari da garagardoarekin ere, kultura bat sortzen”. Euskal Herrian ekoizle txiki asko egotea “oso gauza ona” dela uste du, “batez ere, askoren artean dezente izango direlako oso onak eta horrek Euskal Herriari ematen diolako halako kategoria bat, eta herri bezala osatu egiten duela garagardo ona ekoizteak”.

Urtean 50.000 litro inguru ekoizten dituzte Oiartzungo fabrikan. Garagardo horia, gorria eta beltza ekoizten dituzte. “Aurrera begira, adibidez, gariarekin garagardoa egiteko ilusioa badaukagu, eta ea aurten egiteko modua badaukagun. Baina lan dezente izaten dugu, eta, enpresa oso txikia garenez, orain arte ez dugu aukerarik izan besterik ateratzeko”.

Egun, Pagoa gehien saltzen den hiriburua Tokio da. Euskal Herrian, elikagai denda handietan badu Pagoak lekua, baina ostalaritzan ez, “multinazionalek dutelako boterea”. Horregatik, beharrezko ikusten du bertako ekoizleen produktuak erakusteko azokak egitea, jendeak produktuak ezagut ditzan. Oraintsu, Espainiako hamar garagardo onenen artean jarri dute Pagoa gorria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.