[Museora] Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa. Herriak izena eta gaztak izana

[Museora] Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa. Herriak izena eta gaztak izana

Eider Goenaga Lizaso

Gaztaren usainak saguak bezala, herriaren izena ageri duten kartelek hala erakartzen du Idiazabalera turista ugari. “Jende asko etortzen zaigu esanez ez zekitela Idiazabal herri baten izena zenik. Espainiatik datorren jendeak, N-1 errepidean Idiazabal irakurri, eta orduan erabakitzen du herrian geldialdi bat egitea. ‘Hemengoa izango da gazta’, esaten dute, eta herrira sartzen dira”, azaldu du Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroko teknikari Gema Lopezek (Ordizia, 1971).

Abenduan egin ditu 11 urte museoa ireki zutela, eta iazkoa ospakizun urtea izan zuten, hamargarren urteurrenaren aitzakian. “Garai hartan, eskualdeko hainbat herritan ireki ziren museoak eta interpretazio zentroak; turismoari begira lanean jarri ziren Goierriko hainbat herri, eta Idiazabalgo Udalak gaztaren museoa irekitzea erabaki zuen; azken finean, herriaren izena du Euskal Herrian egiten den gazta mota honek, eta, interpretazio zentroa nonbait egotekotan, hemen egotea zen arrazoizkoena”.

1988koa da jatorri izena, eta, beste hainbat izenen artean, Idiazabal izena jartzea hobetsi zuten orduan. Gaztaren ekoizpenari bultzada bat eman zion izen horrek, baina baita Idiazabal herriaren inguruko ezagutzari ere. “Beste izen batzuk bazeuden mahai gainean, baina, Goierrik artzaintzarekin izandako loturari, hemengo natur parkeetan —Aralarren zein Aizkorrin— dauden larreen kalitateari eta inguru honetan izandako artzain kopuruari erreparatuta, Goierriko herri baten izena hartzea logikoa zen, eta Idiazabal jarri zitzaion. Garai hartan, gainera, N-1 errepidea Idiazabal erditik igarotzen zen, eta jende asko gelditzen zen herrian gazta erostera. Teruelen urdaiazpikoa erostera bezala, Idiazabalen oso ohikoa zen jendeak geldialdia egitea eta gazta bertan erostea”.

Idiazabalen bakarrik ez

Idiazabalgo gazta, ordea, ez da soilik Idiazabalen egiten. “Euskal Herri osoan egiten den gazta bat da, eta jatorri izenak ezartzen dituen baldintzetan egiten diren gazta guztiak dira Idiazabalgo gazta. Karrantzako ardiaren eta ardi latxaren esne gordinarekin egindako gazta da Idiazabalgo gazta, eta artalde horiek, batik bat, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako larreetan ibiltzen dira”. Interpretazio zentroan, besteak beste, gaztaren ekoizpenari, jatorri izenari, artaldeen zaintzari, garai bateko lan egiteko moduari eta Idiazabalgo gaztaren eta beste gazten arteko aldeei buruzko azalpenak ematen zaizkio bisitariari; herriari eta eskualdeari buruzko azalpenak ere ematen dituzte, baita ingurune naturalari buruzkoak ere.

Interpretazio zentroaren bisitan, jende gehien erakartzen duena garai bateko artzain txabola baten erreplika da. “Txabolan, Idiazabalgo gazta garai batean nola egiten zen ikusten du bisitariak, artzainak nola bizi ziren, nolako ekoizpena egiten zuten, eta horretarako zein tresna erabiltzen zituzten: kaikua, malatxa, txurka…”.

Umeei eta familiei begira, Izal saguak egiten ditu aurkezpen lanak. Sagua da bisitaren hasieran ikusten den bideoko protagonista, eta hark azaltzen die munduan barrena zenbat gazta mota egiten diren ere. “Bestalde, bisitaren amaieran, badugu halako gurpil bat, eta, han, ardi esnearekin egiten diren beste gazta batzuk aurkezten dizkiogu bisitariari. Ezaugarri batzuk ematen dira, eta gazta baten eta bestearen artean dauden aldeak azaltzen ditugu”.

Bisitak bere horretan 30-40 minutu irauten duela azaldu du Lopezek, baina jende gehienak dastatzearekin amaitzen du bisita. “Idiazabalgo gazta artisau erara ekoizten duten herriko bi gaztandegiren gaztak dastatzen dituzte, bata zuria eta bestea ketua. Ardoarekin edo txakolinarekin bustita dastatu daiteke, eta jendea izugarri pozik ateratzen da bisitatik”. Dastatze horretan azaltzen dute Idiazabalgo gazta jaten denean zein parametro eta zein ezaugarri hartu behar diren kontuan: azala, usaina, kolorea, itxura… “Dastatzean giro berezi bat sortzen da bisitarien artean. Atzo bertan Hondarribiko bikote bat etorri zen, eta, haiekin batera, Alemaniako neska gazte batek egin zuen bisita. Bisitaren amaieran, gazta atera nienean, luze aritu ziren elkarrekin berriketan”.

Interpretazio zentrora jatorri askotako jende ugari biltzen dela dio Lopezek. “Hemengoak asko, baina katalanak, madrildarrak eta Espainiako beste toki batzuetatik etorritakoak asteburu oro izaten ditugu. Gero eta gehiago dira, adibidez, Andaluziatik etorritakoak. Eta udan, agian, atzerritarrak dira gehiago: frantsesak, ingelesak, amerikarrak, japoniarrak… Gastronomiak sekulako erakarmen turistikoa du; azken urteotan argi ikusi dugu hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.