Etorkinak, noiz arte etorkin?

Etorkinak, noiz arte etorkin?

Ane Olaizola

Gipuzkoako biztanleriak oso nabarmen egin zuen gora 1950. eta 1970. urteen artean; izan ere, bi hamarkada horietan 257.000 biztanle gehiago izan zituen lurraldeak. Hazkunde horren %44 immigrazioak eragin zuen. Azkoitia ez zen izan etorkin gehien jaso zituen herrietako bat, baina sasoi hartan aldaketa handia jasan zuen. “Herri handi” bihurtu zen hogei urtean —7.000 biztanletik 11.000ra—, eta espartingintzan eta ehungintzan oinarritutako industria txikia zena burdinari lotutako industria bihurtu zen. Aldaketa horretan, 2.550 lagun iritsi ziren herrira.

Ordutik mende erdia baino gehiago igaro bada ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Espainiatik Azkoitira etorri zirenek eta ondorengo belaunaldiek oraindik ere herrian “kanpotar” etiketa dutelakoan da Juan Ramon Alberdi antropologian lizentziaduna (Azkoitia, 1960). “Kezka” horretatik abiatuta, Noiz egiten gara toki batekoak? galderari erantzuna bilatzeko asmoz, masterra egin du; eta bi hamarkada horietako etorkinen eta haien ondorengoen “bertakotzea eta integrazioa” aztertu ditu.

Alberdik hiru belaunaldi hartu ditu kontuan: 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Azkoitira etorri zirenak, haien seme-alabak eta horien ondorengoak. Industrializazio garaian, ordura arte landa eremuan lan egiten zuten askok “bizimodu duinago baten bila” jo zuten Gipuzkoara. Azkoitira, batez ere, Extremaduratik iritsi ziren. Alberdik emandako datuen arabera, 900 lagun baino gehiago ziren hangoak. “Landa eremuan makinak sartu zirenean, eskulana sobran geratu zen. Asko lanik gabe edo oso etekin gutxirekin geratu ziren, eta beste bizimodu baten bila etorri ziren”.

Bertakotzea eta integrazioa

Integrazioa eta bertakotzea bereizi ditu antropologoak. “Integrazioa soineko baten adabaki baten gisa ulertzen dut; bertakotzea, berriz, ehun desberdinekin egindako soineko baten zatia izango litzateke”. Ideia horretatik abiatuta, bertakotze desberdina izan dute hiru belaunaldiek, haiei egindako 36 elkarrizketetatik ondorioztatu duenez. Alberdiren arabera, Azkoitira etorri ziren lehenengoak “herrian ondo hartu zituzten”. “Pixka bat sakontzen hasita, baina, esaten dute bazegoela sozialki mailakatzeko joera. Emakumeek diote ez zutela hitz iraingarririk entzun, baina gizonezkoek bai, zeharka bazen ere”.

Bigarren belaunaldikoek arazo gehiago izan zituzten bertakotzean. “Giro politikoa aldatzen hasi zen, eta euskarak beste indar bat hartu zuen. Hasiera zailagoa izan zuten”. Bigarren belaunaldiko batzuk Azkoitian bertan jaiotakoak dira, eta identitate nazionalaren inguruan ere galdetu die Alberdik elkarrizketatuei. Adierazi du euskaldunak sentitzen direla bigarren belaunaldikoak, lehenengoak ez bezala: “Lehenengokoek identitate lokala dute. Azkoitiarrak sentitzen dira, eta gero, beren jaioterrikoak. Bigarrengokoei, berriz, identitate espainiarrak euren gurasoekin elkartzeko aukera ematen die”. Hirugarren belaunaldikoek, berriz, egun 25 urte inguru dituzte, eta guztiak Azkoitian jaiotakoak dira. “Guztiak” sentitzen dira euskaldunak, baina Alberdiren arabera, “ez dira definitzen; ez zaie interesatzen identitatea”.

Antropologoaren esanetan, talde etniko bakoitzak hizkuntzaren arabera egiten du identitateari dagokion bereizketa, eta elkarrizketatuek “harreman anbiguoa” dute euskararekin. “Ikuspegi positiboa dute euskararekiko. Ez dute euskaraz egiten, baina oso harro daude bilobak euskaraz bizi direlako. Dena den, gero oztopoak aurkitzen dituzte lanerako, euskaraz ulertzeko…”.

Bizilekuaren garrantzia

Herri, eskualde nahiz nazio batetik bestera mugitzen direnak etorkin gisa ulertu ditu azkoitiarrak. Noiz uzten zaio, baina, etorkin izateari? Ignasi Terradas antropologoaren ideiatik abiatuta honako hau esan du Alberdik: “Bizi izandako identitateak eragin handia du. Bizipenek egiten dute leku bateko edo besteko. Norberak sentitu behar du leku batek gehiago betetzen duela, bertan egiten duelako bizia. Horrek ez du esan nahi bere jaioterria atzean utziko duenik, bere bizitzan ibilbide bat egon dela baizik”.

Bertakotze prozesu horretan, espazioak berebiziko garrantzia izan ohi du. 1950eko hamarkadan, Azkoitia handitzen hasi zenean, herriaren kanpoaldean etxebizitza berriak eraiki zituzten, eta horietako bat izan zen Txalon Erreka auzoa. Etorkin askok auzo hura hartu zuten bizileku: “Periferian bizi den pertsona bat subjektu periferikoa bihurtzen da. Herrigunearekiko desabantaila du, eta hori Txalon Errekan gertatzen zen. Elkarrizketatu batzuek esan didate etorkin guztiak hangoak balira bezala hartzen zituztela, nahiz eta horietako asko beste auzo batzuetan bizi”.

Orain, “harrera gizarte”

Egun, orduko etorkin askok “erdigunerako bidea” hartu dute. Han dituzte etxebizitzak, eta eguneroko bizimodua ere herrigunean egiten dute. Azken urteetan Azkoitira etorri diren etorkin asko, berriz, Txalon Errekan bizi dira. Izan ere, aurreko mendean euren herrialdetik emigratu zutenak “harrera gizarte” bilakatu dira egun. Hau da, herrian beste etorkin batzuk hartu dituzte beraiek ere.

Alberdiren arabera, XXI. mendeko etorkin “berriak” periferian kokatu izana eta aurreko etorkinak “harrera gizarte” bihurtu eta herrigunera lekualdatu izana “esanguratsua eta sinbolikoa” da horien bertakotzeari dagokionez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.