“Lasaitasun bila etorri nintzen Brinkolara, barrikadetatik ihesi”

“Lasaitasun bila etorri nintzen Brinkolara, barrikadetatik ihesi”

Asier Zaldua

Jesus Delgadok (Burgos, Espainia, 1956) 35 urte daramatza Brinkolan lanean, eta bost urte barru hartuko du erretiroa.

Trenbideetako langile izan al zara beti?

Bai. 14 urterekin Renferen eskolan hasi nintzen, eta ordutik enpresarentzat lan egin dut.

Trenbideetako langile asko al daude zure familian?

Aitak trenbideetan lan egin zuen, eta zortzi anaietatik lau honetan jardun gara.

Zertan lan egin duzu zuk?

Faktorea izan naiz beti. Egun, dena automatizatua dago, baina, gorabeheraren bat gertatzen bada, guk hartzen dugu agintea.

Zeintzuk izaten dira gorabehera horiek?

Arazo elektrikoak izaten dira. Seinalea mozten bada, eskuz egin behar dugu dena. Teleagintea duela hamar bat urte jarri zuten. Ordura arte guk ematen genien sarrera eta irteera agindua tren guztiei.

Zein geltokitan lan egin duzu?

Bilbon lizentziatu nintzen, eta, ondoren, Donostiara joan nintzen. Bi urte eman nituen bertan: 1979tik 1981era. Urte haietan Donostian lan egitea oso gogorra zen, eta Brinkolara etorri nintzen lasaitasun bila.

Zergatik zen gogorra Donostian lan egitea?

Ia egunero barrikadak jartzen zituzten trenbidean, eta baldintza horietan lan egitea oso estresagarria zen. Garrantzitsuena osasuna da, eta hona etorri nintzen. Dena den, hemen ere bonba-abisuak egoten ziren, eta behin lehergailu bat jarri zuten Oazurtzako tunelean. Leherketak barruan harrapatu zituen lankideak, eta baten betaurrekoak hegan atera zirela gogoratzen dut.

Zergatik aukeratu zenuen Brinkolako geltokia?

Hemen lan egiten zuen lankide batek oporrak hartu zituenean, ni bidali ninduten bere lana egitera. Tokia asko gustatu zitzaidan, eta, Donostia uztea erabaki nuenean, Brinkolara etortzea eskatu nuen.

Lasaitasunaz gain, zer du ona Brinkolak?

Dena gustatzen zait. Mendian gaude, etxea lantokitik bost minutura dut… Mendizalea eta argazkilaria naiz, eta Brinkola toki zoragarria da bi zaletasun horiek jorratzeko.

Zertan aldatu da hemengo lana?

1981ean hamabi orduko bi txandatan lan egiten genuen. Egunez eta gauez lan egiten genuen, txandaka. Zortzietatik zortzietara. Sei egun jarraian lan egiten genuen, eta ondoren hiru jaiegun genituen.

Brinkolako geltokia berezia da, aldirietako linea hemen bukatzen baita.

Egun, lehen baino aldirietako tren gehiago daude. Garai batean, sei edo zazpi ziren, eta, egun, ordu oro bat iristen da.

Baina lehen Brinkolan bidaiari gehiago zenituzten.

Egun, lauzpabost lagunek bakarrik hartzen dute trena Brinkolako geltokian. Bestalde, lehen egunero merkantzia tren bat gelditzen zen.

Zure lanbidearekin lotutako anekdota asko al dituzu?

Brinkolan elur dezente egiten du, eta anekdota asko elurrarekin lotuta daude. Garai batean, elurra egiten zuenean trenak bakarrik ibiltzen ziren, eta, egun, alderantziz gertatzen da. Renfe Renfe zenean, elurra kentzeko makinak atera eta trenbidea garbitzen zuten. Egun ez dute lan hori hartzen. Behin elurra gerriraino heldu zen. Hamabost egunean jarraian egin zuen elurra. Orratzak garbitzera irten, eta oilagorrekin itzultzen ginen. Izan ere, farolen kontra talka egiten zuten. Txoriak geltokira eraman, eta haiei jaten emateko zizare bila joaten ginen. Auzotar asko etorri ziren geltokira, txoriak bizirik ikusteko.

Garai batean, Renfe puntualtasun faltagatik ezaguna zen.

Gutunak tren bidez bidaltzen ziren, eta egunero Correoseko langile bat gutunen bila etortzen zen. “Noiz helduko da trena?”, galdetzen zuen. “Gaur, hiru orduko atzerapenarekin dator”, erantzuten nion askotan. Egun, geltokira berandu heltzen bazara, trena galduko duzu.

Albako dukesak Brinkolako geltokian lo egin zuen behin.

Talgo batean heldu zen, eta trena Brinkolako geltokian gelditu zen, elurra zela eta. Gaua hemen pasa behar izan zuten. Bera ez zen trenetik jaitsi, baina bere senarra auzoko tabernan egon zen.

Istripu asko ikusi al dituzu?

Ez. 1990eko hamarkada erdialdean furgonetaz beteta zetozen bi bagoi errailetik atera behar izan genituen. Tren batek arazo bat izan zuen Otzaurten, lankideek bi bagoi horiek askatu zituzten, eta ihes egin zieten. Errailetik atera behar izen genituen Legazpin edo Zumarragan ezbeharren bat sor ez zezaten. Brinkolako geltokira orduko 80 kilometroko abiadan heldu ziren, txinpartak botaz, eta oso une larriak bizi izan genituen.

Garai batean, geltoki honen izena Brinkola-Oñati zen, eta horrek gaizki-ulertu asko sortzen zituen.

Jende askok Donostiako geltokian Oñatirako txartela eskatzen zuen, eta hona heltzen zirenean esaten genien Oñati hamar kilometrora dagoela eta bertara joateko autobusik ez dagoela. Berriro trena hartu behar zuten, Legazpira edo Zumarragara, eta bertan Oñatira zihoan autobusa hartu.

Esan duzun bezala, Brinkolako geltokiak indarra galdu du. Leihatila itxita dago.

Ez du irekitzea merezi, lauzpabost lagunek bakarrik hartzen baitute trena hemen. Legazpin trenek ezin dute buelta eman. Bestela, Brinkolakoa itxita egongo litzateke.

Brinkolako geltokiak indarra galdu duela ikusteak ez al dizu pena ematen?

Auzotarrek pena ematen diela esaten didate, baina niri ez dit penarik ematen. Lehen, Eguberri egunean eta Gabon zahar gauean ere lan egin beharra nuen! Hamabi orduko erreleboa oso luzea zen, eta, gainera, lan asko zegoen. Emaztea janariarekin etortzen zen, eta jateko astirik ere ez nuen. Teleagindua jarri zutenetik, guardia lana egiten dugu. Nire lankideak arratsaldez, eta nik goizez. Gauean arazoren bat badago, esnatu egiten gaituzte. Horretaz gain, Otzaurtetik Legorretara doan trenbide zatia ikuskatzeaz arduratzen gara.

Zer diote zure lankideek Brinkolako geltokiaz?

Ikastaroetara joaten naizenean, harritu egiten dira oraindik geltoki txiki batean nagoelako. Nik Irunen lan egitea baino askoz hobea dela esaten diet. Brinkolan lasai asko bizi naiz, eta, zalaparta nahi badut, Irun aldera jaistea besterik ez dut. Hemen lau orratz mantentzeaz arduratu behar dugu, eta han 120 dituzte!

Trenbide mundua asko gustatzen al zaizu?

Nire lanbidea da. Argazkigintza gustuko dut, eta nahiago dut txorien eta tximeleten argazkiak ateratzea trenen argazkiak ateratzea baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.