“Nik ez ditut erantzunak ematen, galderak egiten ditut”

“Nik ez ditut erantzunak ematen, galderak egiten ditut”

Olatz Mitxelena

Gazteszenan, Donostiako Egia auzoan taularatu zuen Errefusa Joserra Fachadok (Pasai San Pedro, 1960), joan den larunbatean, lehenbizikoz, eta etzi aurkeztuko du bigarrenez, Pasai San Pedroko Udal Aretoan, 19:00etan. Aktore pasaitarrak hiri hondakinen gaia hautatu du bere azken lanerako, umorearen bitartez, gaiari “oxigenoa” emateko asmoz.

Errefusa estreinatu berri duzu. Kontent zaude harrerarekin?

Harrera oso ona izan da, eta sentsazioak, oso onak. Oso lan gogorra izan da, oso bakartia. Ia bi urte daramatzat lanean. Nik idatzi dut, eta ez naiz idazle. Zuzentzea da hoberen egiten dudana, baina hori ere ezin izan dut nahi bezala egin, aktore ere banaizelako. Oso lan zaila izan da. Dena den, beti esperantza izan dut jendeak ondo pasako zuela, barre egingo zuela, eta gero, agian, hausnartuko zuela… Hori lortuko banu, oso zoriontsua izango nintzateke; eta ematen du, orokorrean, lortu dudala.

Zergatik hautatu duzu hondakinen gaia? Ez da gai erraza…

Ni Pasai San Pedrokoa naiz. Pasaia izan zen azken herria atez atekoa jartzen, eta lehenengoa kentzen. Bidaia traumatiko horretan asko ikusi dugu, asko entzun, asko usaindu, asko dastatu… Nik banekien egin nahi nuela zerbait helduentzat, eta, bat-batean, gai honekin jolasean hasi nintzen. Gaia oso emankorra izan da. Nik uste dut ez dagoela herririk, familiarik, kuadrillarik, lantegirik… ez denik eztabaidatu, haserretu, jenio bizian jarri… Gai horren aurrean jendea erretratatu egin da. Hala ere, ematen du nik ez dudala gaia aukeratu. Gaiak harrapatu nau ni.

Esan behar dut, baita ere, oso jende gutxik animatu nauela. Kontrakoa, denek harritu eta galdetu didate ia non sartu behar nuen.

Antzezlana hondakinen gaia nolabait desdramatizatzeko baliagarria izango dela uste duzu?

Nik esperantza badut. Jaso ditudan kritika batzuk hortik doaz, ekidistantea dela eskertuz, eta umorea sartu dudanean gaiari kristoren oxigenoa eman diodala goraipatuz. Ez da panfleto bat. Poesia egiten saiatu naiz, eta jendea pozik ateratzen da. Oso harro nago.

Sormen lan bat egin dut, eta hausnarketarako baliagarria izatea nahi nuke. Hau ezin da berriro gertatu. Hemen adostu behar ditugu gauzak. Gako batzuk asmatu beharko ditugu elkar komunikatzeko. Ezin gara lubakietan egon, lehen beste gaietan ginen bezala. Adostu behar dugu. Hori da hausnarketa. Arteak hausnarketarako balio behar duela uste dut. Nik ez ditut erantzunak ematen, nik galderak egiten ditut. Horretan kontu handia izan dut.

Zuzendu, antzeztu… guztia zuk bakarrik egin duzu.

Bai, hala izan da, eta antzezlana idaztea, batez ere, oso traumatikoa izan da, baina asko ikasi dut. Baina ez hori bakarrik; nik egin ditut pertsonaia guztiak, eta elkarrizketak. Lan kaleidoskopikoa izan da, toki askotatik begiratutakoa, eta jendeak eskertu egin dit hori. Sortzeko orduan, berriz, zaila izan da, eskizofrenikoa, baina funtzionatu du.

Eta nolakoak dira pertsonaiak?

Pertsonaia nagusiak aita eta alaba dira. Alaba alkatea da, kasu honetan atez atekoaren aldekoa, eta bere aita, EAJkoa-edo izan daitekeena, eta kontra dagoena. Herriko batzar batean antzeko egoera ikusita nago ni, eta antzeko egoeretatik abiatu naiz.

Musikak protagonismo handia du zure antzezlanean?

Niri musika asko gustatu izan zait beti. Betidanik izan dut gogoa zerbait sortzerakoan musika zuzenean sartzeko, zuzeneko musikak indar handia duelako. Kasu honetan, musika urbanoa behar zuenez, saxoa aukeratu nuen, eta kristoren hautua izan da. Sanpedrotar batekin aritu naiz, Tirri Tarra fanfarreko Txino-rekin [Inaxio Rios] elkarlanean, eta bion artean sortu dugu musika. Bion artean konposatu, sortu, grabatu…

Bi sanpedrotar taula gainean, eta etzi, gainera, herriko estreinaldia, udal aretoan. Zita berezia, ezta?

Hunkigarria. Espero dezagun betetzea, eta festa bat izatea. Antzerkira joan, gozatu, barre egin, negar egin, ikusi eta sentitu… eta gero, beharbada, hausnartu.

Aurrera begira, zer espero duzu azken lan honetaz?

Niri gustatuko litzaidake Errefusa-k izatea bide luzea. Toki askotara joatea, jende askok ikus dezan, gozatzeko eta hausnartzeko.

Atzera begira jarrita, antzerkian ibilbide oparoa duzun arren, telebistak egin zintuen ezagun, Goenkaleko Isaiasekin.

Goenkalekoa istripu bat izan zen, istripu pozgarria, baina niri antzerkia da gustatzen zaidana. Pailazoa ere banaiz, eta hori da niretzako munduko gauzarik politena.

Tomax pailazoarekin lan asko egin duzu.

Bai, eta niretzat lan horrek ez du konparaziorik. Emanaldi bat egin eta bukatutakoan haurrak barrez, gurasoak hurbiltzea… Festa bat da.

Horrez gain, urte asko daramatzazu Zurriolako ikastolan antzerki irakasle.

Bai, 250 pertsona daude Zurriola ikastolan sortu dugun antzerki eskolan. 23 urte daramatzat bertan lanean. 9-10 urtekoekin mimoa egiten dut, txikiekin clown-a egiten dut, eta nerabeekin inprobisazioak egiten ditugu, askotan beraiek idatzitako istorioekin. Horrez gain, hiru antzerki talde amateur ere baditut, eta horiekin asko mugitzen gara.

Horrek zein ekarpen egin dio zure aktore ibilbideari?

Niri Zurriolak dena erakutsi dit. Dakidan guztia ikasleek erakutsi didate.

Euskarazko antzerkigintzaz bizitzea ez da xamurra izango.

Ez bakarrik antzerkian. Idazleak, hedabideak… Herri eskizofreniko bat sortzen ari gara, hitz egiten dugulako benetan existitzen ez den herri batez. Herri politiko bat sortzen ari gara, kulturalki existitzen ez dena. Herriari ez badiogu arimarik ematen? Kristoren lana dugu egiteko…

Antzerkiak etorkizunean nondik joko duela uste duzu?

Nik esaten dut telebistak lapurtu digula antzerkia. Lehen antzokietan egiten zena telebistan egiten da gaur egun; horregatik, jendea erakarri nahi badugu, zerbait desberdina egin behar dugu. Poesia gehiago, elkarrizketetan esperimentatu… Alde horretatik, oso gustukoa dut Iparraldetik datorren haize berria: [Ander] Lipus, Dejabu… Kristoren haize freskoa eman digute, eta nik asko estimatzen dut fenomeno hori.

‘ERREFUSA’

Dramaturgia, aktore lana eta zuzendaritza. Joserra Fachado.

Saxofonista. Inaxio Rios, Txino.

Eszenografia. Marisa Egaña.

Kartela. Sebas Legarda.

Argazkiak. Pierre Balacey.

Webgunea. www.xepeta.com

Leave a Reply

Your email address will not be published.