Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Aitziber Arzallus

Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko bitartekoak eskaintzea; horixe jabetze eskolen helburua. Zertarako? Emakumeek esparru sozialean eta politikoan duten parte hartzea indartzeko. Eta nola egiten duten hori? Era guztietako ikastaro eta tailerrak antolatuta. Azpeitiko Jabetze Eskolan, esaterako, otsailetik ekainera, sei ikastaro emango dituzte: biodantza ikastaroa, erotismo eta autoezagutza tailerra, mendian orientatzen ikastekoa, neska gazteentzako autodefentsa feminista, emozioak lantzen ikasteko tailerra eta historian esanguratsuak izan diren zortzi emakumeren biografiak ezagutzea ahalbidetuko diena.

Ikastaroetan izena emateko epea igarota —oraindik ere jendea hartzen dute lekurik gelditzen bada—, izan duten erantzunarekin “oso pozik” daudela nabarmendu du Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. “Jende asko animatu da eta zenbait ikastaro bete egin dira”. Arrakasta horren atzean, baina, lan asko dago, urteetako lana. “Denborarekin, badirudi Jabetze Eskola bere lekua egiten ari dela. Horrelako prozesu sozialak mantsoak izaten dira, ordea”.

Zazpi urte dira Emakumeen Azpeitiko Jabetze Eskola martxan jarri zutela, eta bost Emakumeen Txokoa zabaldu zutela. Baina, urte batzuk aurretik hasi ziren ideia horiek egosten. Hastapeneko urratsez galdetuta, udalean Parekidetasun Saila sortu zuten garaira, 2007ra, jo du Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikariak. “Ikusten genuen emakumeek eta gizonek ez genuela eremu publikoan modu berean parte hartzen. Bide horretan pausoak emateko, beharrezkoa iruditzen zitzaigun emakumeentzat propioa izango zen gune bat, gure bizitzaren jabe izaten eta eremu publikora jauzi egiten lagunduko ziguten jabetze prozesuak garatzeko”.

Orduan hasi ei ziren “feminismo eskolak” deiturikoak antolatzen. Aranbarriren esanetan, “feminismoaren historiaren, teoria feministen eta antzekoen inguruko ikastaro solteak ziren. Bagenekien horri guztiari itxura bat eman nahi geniola, txapel baten pean bildu, eta nola egin aztertzen ari ginela izan genuen Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarearen berri”. Garai hartan, Arrasate, Hernani eta Eibarko eskolek osatzen zuten sare hori. Eurekin harremanetan jarri ostean, Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak erabaki zuten Jabetze Eskola sortzea eta sare horretan sartzeko prozesua hastea. Urtebetetik gorako lanketaren ostean, 2010eko urtarrilean aurkeztu zuten Emakumeen Azpeitiko Jabetze Eskola.

Harrezkero, Urola Garaiko Jabekuntza Eskola ere sartu da sare horretara. Beraz, egun, lau herrik eta mankomunitate batek osatzen dute sarea. Egitura horren helburua da Jabetze Eskolak era koordinatuan aritzea, norabide berean lan egitea, eskolei izaera bera emanez. Zenbait egitasmo bateratu ere antolatzen dituzte.

Azken urteotan, baina, sareko kide ez diren Gipuzkoako herri askotan ere jabetze eskolak edota antzeko egitasmoak sortu eta kudeatu dituzte, hala nola Zarautzen, Tolosan, Errenterian, Pasaian, Zumaian, Azkoitian eta Donostian.

Harremanak egiteko gunea

Urtean bi ikastaro aldi izaten dituzte Azpeitiko Jabetze Eskolan: lehenengoa, urritik abendura; bigarrena, otsailetik ekainera. Eskaintza zabala egiten dute, “emakumeak ere askotarikoak garelako, norbera bere beharrekin”, Egigurenen hitzetan. “Ikastaro batzuek jende asko erakarriko dute, eta beste batzuek gutxiago, baina horregatik ez diogu utziko haiek antolatzeari; azkenean, gure nahia ahalik eta eskaintzarik zabalena osatzea baita, ahalik eta esparru eta gai gehienak lantzea, jabetze prozesuaren mesedetan”.

Era guztietako ikastaroak, era guztietako parte hartzaileentzat. “15 eta 16 urteko neska gazteak etortzen dira, baita 60 uretik gorako emakumeak ere”, Egigurenen arabera. Enplegatuak zein langabeak, ikasketadunak zein ikasketagabeak. Ikastaroetan sortzen den giroa nabarmendu du, gainera, bereziki elkarren artean adin tarte handia duten emakumeak biltzen dituzten ikastaroetakoa. “Denentzat izaten da esperientzia aberasgarria, baina batez ere gazteenek nabarmendu izan digute hori”.

“Erabat gomendagarria”

Horretan bat datoz Begoña eta Ainhoa Arakistain ahizpak. Biek ala biek parte hartu izan dute Jabetze Eskolako ikastaroetan, eta esperientzia oso ona izan dela ziurtatu dute, “emakume guztientzako gomendagarria”. Sabeldantza ikasten aritu izan dira gustuen. “Duela pare bat urte hasi nintzen ni”, dio Begoñak, eta beranduxeago hasi zen haren ahizpa. Dantza egitea gustuko zutelako animatu ziren, eta ez ziren damutu. “Taldean giro bikaina genuen, primeran pasatzen genuen eta, bide batez, ariketa fisikoa egiten genuen”.

Begoñari, bigarren haurra izan berri zenez, gorputza lehengoratzen lagundu ei zion dantza egiteak; Ainhoari, berriz, autoestimua handitzen. “Ikasturte bukaerako ekitaldian jendaurrean dantza egitea sekulako erronka zen niretzat, eta beldur guztiak gainditu eta han atera nintzen”. Harrezkero konfiantza handiagoa ei dauka bere buruarengan. “Hori oso lagungarria izan zait, eta, orain, askoz gutxiago kostatzen zait zerbait berria probatzera joatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.