Ohitura gutxikoak, poltsikora

Ohitura gutxikoak, poltsikora

Maite Alustiza

Astebete darama martxan Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiak, eta oraindik beste horrenbeste eta gehiago geratzen zaio aurretik. Otsailaren 19ra arte, formatu txikiko eta ertaineko antzerki ikuskizunak izango dira Donostiako hainbat gunetan: tabernetan, kultur zentroetan, antzoki txikietan… Guztira, hamasei konpainiak parte hartuko dute jaialdian, eta askotarikoa izango da eskaintza: antzerkia, clowna, musika, umorea… Hala, “gune eszeniko tradizionaletara joateko ohitura handirik ez duten ikusleak” antzerkira hurbildu nahi dituzte. Saio guztiak doakoak dira.

Donostia Kulturako antolatzaileek azaldu dutenez, “esfortzu garrantzitsua” egin dute hizkuntzaren eta generoaren aldetik oreka egon dadin. Euskarazkoen artean, Poltsiko Antzerki Sorkuntza programako saridunak sartu dituzte egitarauan: Anodino Teatroaren Erbeste (lehen saria) eta Joseba Usabiagaren Ni ala zu (finalista). Programa horren bitartez, euskarazko formatu txikiko sorkuntza eta ekoizpena bultzatu nahi dituzte Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko euskara zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. Irabazleak 4.000 euroko diru laguntza jaso du obra garatzeko, eta finalistak 3.200 eurokoa.

Erbeste antzezlanak familia desegituratu baten joan-etorriak azalduko ditu, eta, bide batez, “matxismoaren gaitzaz” hausnarrarazi. Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai dira aktore nagusiak. Ni ala zu emanaldian, berriz, Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos aktoreak psikiatriko baten musika gelan elkartuko dira. Bata musikaria da, eta musikarekin erotuta dago bestea: terapia beharko du bere arazoa gainditzeko.

Usabiagak idatzitako lanarekin batera, gaurtik igandera bitartean beste bi emanaldi izango dira aukeran. Marino e Marini konpainiak hiru emanaldi egingo ditu, egun bakoitzean bana. Musika eta antzerkia uztartuz, Italiako eta AEBetako XX. mendeko hainbat abesti entzunaraziko dituzte; besteak beste, Tu vuò fà l’americano, Buona sera signorina eta Just a Gigolo. Asteburuko beste saioa La Tirili konpainiaren Sim & Sam izango da, gazteleraz —gaur, 20:00etan, Amarako Lau tabernan—. Bi emakume polizia dira protagonista (Anarita Fiaschetti eta Catherine Marchand aktoreak), eta serieko hiltzaile bat harrapatu nahian ibiliko dira. Tartean, hainbat gairi egingo diete erreferentzia: armen baliorik ezari, botere gehiegikeriari eta emakumeen aurkako indarkeriari, esaterako. Umorea, musika eta ikusleen parte hartzea ezinbesteko osagai ditu ikuskizunak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.