Egur zulatzaileen ingurunean

Egur zulatzaileen ingurunean

Maite Alustiza

Aurkikuntza egin berri dute Oñatin: duela 150 urtetik Gipuzkoan desagertutzat jotzen zen asun espezie bat topatu dute Araotzen, Aitzulo kobaren inguruan: asun mintzakara (Urtica membranacea). Donostian eta Irunen jaso zuten haren berri azkenekoz, eta, ordutik, ez da lurraldean berriro ikusi. Oñati, Iruñe, Gasteiz eta Sestaoko (Bizkaia) hainbat botanikarik aurkitu zuten, urtarrilaren 29an; aurrerantzean, Xavier de Arizaga belar bilduma digitalean jasoko dute horren berri.

Ingurune aberatsa da Araotz, baina Oñati inguruan badira gehiago. Aizkorri-Aratz parke naturalak, adibidez, garrantzi berezia du biodibertsitatearen aldetik. Europako Batasunaren interesekoak diren 24 habitat mota identifikatu dituzte gutxienez, eta babesgune da hainbat espezierentzat; okil beltzarentzat, esaterako. Biodibertsitatea eta okila ardatz hartuta, hain zuzen, Ingurumen Jardunaldiak antolatu ditu Oñatiko Natur Eskolak. Herenegun hasi ziren, eta, martxoaren 5era arte, erakusketa, hitzaldiak, zinema saioak, azokak eta beste izango dira. Oñatiko Zineklubak eta Aloñako Lagunak elkarteak ere parte hartu dute egitaraua osatzen.

Biodibertsitatea lantzen ari dira herriko ikastetxeetan, Agenda 21 programaren barruan, eta horregatik aukeratu dute jardunaldietarako gai modura. Biodibertsitatea, dena den, espezie asko egotea baino gehiago dela erakutsi nahi dute. Kultur etxean zabalik dagoen erakusketan, adibidez, okilei eta haiekin harremanetan dauden beste izaki bizidunei egingo diete tartea. Informazio panelekin eta argazkiekin batera, Javier Murillo eskulangile nafarrak egiten dituen okilen erreplikak ikusi ahal izango dira. Norbere kontura ikusteaz gain, aukera egongo da erakusketan bisita gidatua egiteko, ikastetxeetako ikasleentzat eta helduentzat.

Munduan, okilen berrehundik gora espezie daude; haietatik 11 bizi dira Europan, zazpi Euskal Herrian, eta bost aurki daitezke Oñati inguruetan: okil beltza, okil berdea, okil handia, okil txikia eta lepitzulia. Jardunaldien barruan, okilak ikusteko irteera antolatu dute, martxoaren 25 eta 26rako. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Natur Eskolara deituta (943-71 64 04).

Eskolak Ingurumen Jardunaldiak antolatzen dituen 21. aldia da, eta hurrengo urtean 25 beteko dira eskola sortu zutenetik. Ikastetxeetako programen osagarri gisa, tailerrak eta irteerak eskaintzen ditu urte osoan, adin tarte ezberdinentzat: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta unibertsitate mailako ikasleek askotariko jardueretan parte hartzen dute. Ikasturteko 4.500 bat ikasle izaten ditu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.