“Hainbat jende igaro da ekarpena eginez, boluntarioak asko”

“Hainbat jende igaro da ekarpena eginez, boluntarioak asko”

Imanol Garcia Landa

Tolosako Ekinbide Etxeak (TEE) 50 urte beteko ditu aurten, eta urte horietan guztietan egindako lanarengatik Sabino Arana saria jaso berri du. Julian Lakunza (Tolosa, 1960) da egungo lehendakaria. Joan den urritik darama kargu horretan.

50 urte badira zerbait, ezta?

Bai, egia esan bai. 50 urte, horrelako talde batentzat, urte asko dira. Urte hauetan TEEk gauza asko antolatu ditu, eta lan asko egin dute kideek. Kontentu gaude egindako lanarekin, eta baita urteurrena ospatzeko gogoz ere.

Nola definituko zenuke TEE?

Tolosako kultura eta Euskal Herriko kultura zabaltzea du helburu. Lan asko egiten da musikaren arlo batzuetan, eta arte eszenikoetan, txotxongiloen munduan. TEEren dokumentuak begiratuz, konturatu gara egitasmo askotan egon dela sartuta: kirola, kultura… Batzuk oso garrantzitsuak dira egun, eta nazioarteko maila lortu dute. Beste batzuk ez dira hain ezagunak, baina Tolosaren historian oso garrantzitsuak izan dira.

Nola hasi zen, orain 50 urte, TEEren jarduna?

Lagun talde gisa hasi zuten ibilbidea. Pentsatu zuten zerbait egin behar zela Tolosako kultura eta Euskal Herriko kultura zabaltzeko. Beste garai bat zen; egun, erakundeek hainbat egitasmo dituzte kultura arloan, baina orain 50 urte oso ezberdina zen. Beraz, beraien ekimenez jarri zuten martxan, ilusio handiz, pentsatuz gizarteari kultura eskaini behar zitzaiola.

Esango zenuke Tolosa eta tolosarrak ekimen handikoak direla kultura eta gizarte arloan?

Dudarik gabe, eta horretaz hitz egin dezaket tolosarra izan eta Tolosan bizi naizelako. Beste herriei errespetu osoa adieraziz, baina Tolosa berezia da, nire ustez. TEEz ari gara hitz egiten, baina hainbat eragile daude herrian lanean, tartean udala, ekinaldiak antolatzen. Urte osoan beti zerbait dago Tolosan. Eta tolosarrek, eta Tolosaldeak oro har, erantzun ona ematen dute zerbait antolatzen denean.

Bi egitasmo nagusi antolatzen ditu TEEk. Horietako bat da Abesbatza Lehiaketa.

Abesbatza Lehiaketak datorren urtean beteko ditu 50 urte. Oso maila garrantzitsua hartu du. Esan daiteke urte hauetan guztietan 40.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dutela lehiaketan. Abesbatza horiek munduko parte guztietatik etorri dira, eta horrek esan nahi du lan asko egin dela. Nik uste dut Tolosako belaunaldi guztiek ezagutzen dutela lehiaketa. Nabarmendu nahiko nuke, era berean, abesbatza lehiaketan derrigorrean kantatu beharreko euskarazko abestiak daudela, eta horrek esan nahi du gero mundu osoko abesbatzek beren errepertorioetan euskarazko abestiak dituztela, eta hori euskara mundura zabaltzeko modu bat da.

Datorren urtean zerbait antolatuko duzue Abesbatza Lehiaketaren 50. urteurrena dela eta?

Kasualitatez, aurten Tolosan egingo da Grand Prix lehiaketa. Europan egiten diren sei abesbatza lehiaketarik garrantzitsuenak, tartean Tolosakoa, saretuta daude, eta lehiaketa bakoitzeko irabazleak elkarren artean lehiatzen dira Grand Prixean; bada, aurten txapeldunen arteko lehiaketa hori Tolosan egingo da. Beraz, aurten, ohiko lehiaketa izango dugu, eta, ondoren, iazko irabazleen artekoa. Aurten berezia izango da, eta datorren urtea ere bai, lehiaketaren 50. urteurrena ospatuz.

TEEk antolatzen duen beste egitasmo nagusia Titirijai txotxongiloen jaialdia da.

Abesbatza Lehiaketa 1982 ingururako finkatuta zegoen, eta pentsatu zuten arte eszenikoen munduan zerbait antolatzea: horrela sortu zen Titirijai. Pixkana hasi ziren, eta aurten 35. aldia izango da. Nazioarteko jaialdi bat izatea lortu da. Haurrentzat zein helduentzat antolatzen dira emanaldiak, aretoetan eta kalean. Eskoletarako ere saio bereziak antolatzen dira, eta horrek esan nahi du haur asko etorri direla Tolosara txotxongilo emanaldiez gozatzera.

Titirijai jaialditik abiatuta, Topic zentroa iritsi da. Pauso handia izango zen, ezta?

Titirijai urtero egiten hasi ziren, eta finkatzen hasi zen, eta TEEk pentsatu zuen txotxongiloaren zentro integral bat egitea. Lan oso handia egin zen Topic martxan jartzeko: hainbat erakunderekin lotu behar izan zen. Azpiegitura gisa, Topic oso garrantzitsua da. Tolosako Udalarena da, eta hogei urterako akordioa dago TEErekin. Topicek aretoa du, museoan bi mila pieza inguru daude erakusketa iraunkorrean, horrez gain erakusketak egiten dira, eta tailerrak ere badaude, baita txotxongilolariek proiektuak garatzeko erresidentzia ere.

Topic bera erreferente bihurtu da martxan daraman zortzi urte hauetan.

Topicek lortu du txotxongiloen munduan oso aurrean egotea, museo moduan eta txotxongiloen zentro integral moduan. Titirijai antolatzen duen lantaldeko kideak beste hainbat herrialdetan egon dira, eta, diotenez, egun Topic zentroa, museoa eta gure jaialdia oso ondo kokatuta daude.

Amalur jardunaldiak ere antolatzen dituzue. Zerri buruz dira?

Hasieran, Zumardi izena zuten, eta espezie bizidunen ezagutza eta zabaltzea zen asmoa. Gero, Amalur izena hartu zuten jardunaldiek, eta naturarekin lotutako gaiak jorratu dira, eta, egun, antropologia eta bidaien mundua ere jorratzen da. Jende ezagun asko etortzen da hizlari moduan, oso hitzaldi interesgarriak izaten dira, eta jendearen artean harrera ona izaten du.

Bestalde, Tolosak euskal eskulturarekin duen harreman berezia TEEk bultzatutakoa izan da.

Orain dela 25 urte, talde bat pentsatzen hasi zen zerbait egin behar zela Tolosan eskultura batzuk kokatzeko. Orain, Tolosan, Oteiza, Anta, Ugarte, Basterretxea… eskultoreen lanak daude. Talde horretako batekin hitz eginez, esan zidan kontzertuak eta bestelako emanaldiak ondo daudela, baina aldi berean efimeroak direla. Eskulturak jartzen dituzunean, hor geratzen dira hiri paisaia moduan, betiko.

Uste duzu gaur egun kultur ekitaldiek behar bezalako garrantzia dutela gizartean?

Gizarteak ekitaldiak jaso behar ditu: kontzertuak, hitzaldiak, liburuak… Hor aberastasuna dago. Gure aldetik saiatuko gara gauza berriak antolatzen, jendeari eskaintzeko, eta ateak irekita dauzkagu ideia berriak jasotzeko. Uste dut kultura oso garrantzitsua dela gizarterako.

Orain gutxi jaso duzue Sabino Arana saria.

Ilusio handiz jaso genuen saria. Tolosatik talde handi bat joan ginen Bilbora, ospatzera. Guretzat, errekonozimendu bat da. Hainbat jende igaro da TEEtik bere ekarpena eginez, boluntario asko; jende askok lan egin du apaltasunez… Saria denontzat da.

Zer prestatu duzue urteurrena ospatzeko?

Bilboko ekitaldiarekin hasi ginen, eta orain apirilerako ari gara bazkari bat prestatzen, nahi duen orok parte hartzeko. Liburu bat ere ari gara prestatzen: hainbeste material dago, hainbeste istorio… Gero, maiatzerako eta ekainerako jaialdi bana antolatzen ari gara. Erakusketaren bat ere prestatzen ari gara, baina hori urte bukaera aldera izango da. Uste dut urte polita izango dela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.