“Laguntza nahi nuke, hiltzeko”

E. Goenaga Lizaso

“Bakarrik nago. Nor arduratuko da nitaz? (…) Diabetikoa naiz, eta badakit nolakoa den amaiera… Itsu, hankarik gabe, gurpil aulkian… Ez, ez dut hori nahi. Ez dut sufritu nahi, ez dut zama bat izan nahi. Gehiago jasan ezin dudanean, sufrimendua jasanezina denean, eta ez sufrimendu fisikoa, fisikoa gaur egun farmakoekin desagertu egiten baita, sufrimendu psikikoaz ari naiz… nire bizitzaren jabe ezin izateaz. Etorkizunik ez badut, hil egin nahi dut, eta une horretan norbaiten laguntza izan nahiko nuke hiltzeko, horrela ez bizitzeko…”. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak 24 lagun elkarrizketatu zituen 2014an Nola hiltzen da Euskadin txostena egiteko, eta horietako bat da Josemari —izen faltsuak dira txostenean agertzen direnak—.

Garaia iristen denerako bere burua hiltzeko laguntza —edo eutanasia— eskatzen ari da Josemari, eta txostenean “elkarrizketatutako gehienek” uste dute hiltzeko laguntzak “legean jaso eta babestutako eskubidea” izan behar duela, pertsonak behin eta berriro eskatzen badu.

Gaixotasun terminalen ondorioz eta baliaezintasun handiko egoeretan bizi ondoren hildako pertsonen senide eta lagunak dira elkarrizketatutako 18 pertsona; beste lau osasun arloko langileak dira, eta bi, DHE elkarteko kideak. “Prozesu terminalen inguruko esperientzia izan duten pertsonen artean adostasuna dago: heriotza duina min fisikoa arintzetik harago doa”, dio txostenak.

“Bi edo hiru egun egin zituen sudurrean hodi batekin, eta zailtasunak zituen arnasteko. Lasai zegoen batzuetan, baina beste batzuetan, oso aztoratuta. Erizainak esaten zigun: ‘Ez kezkatu, ez du sufritzen’. Ez nator bat sufrimendua interpretatzeko modu horrekin. Zer da sufritzea? Mina ez sentitzea bakarrik? Gauzak ulertzeko modu biologizista bat da hori. Sufrimendua beste zerbait da”, dio Mikelek, amaginarrebaren azken orduak gogoratzerakoan.

Bizi testamentua

Hildako pertsonaren ondoan egon beharrak, haren ordez erabaki beharrak, medikuekin borrokan ibili izanak, aurretiazko borondateen agiria egitera eraman ditu elkarrizketatu asko. “Derrigorrezkoa izan beharko luke guztiontzat heriotzaren aurreko une horiek nola bizi nahi ditugun argi uztea… pisu handia kenduko lioke horrek jende askori, eta arazo ugari saihestuko lirateke. Zergatik erabaki behar dute osasun langileek?”, dio Ritak. Bizi testamentuaren eta medikuen jarreraren arteko talka bizi izan zuen Ritak lagun bat zaintzen ari zela, baina, halere, sutsuki hitz egiten du aurretiazko borondateak idatzita uztearen alde. “Akigarria izan zen, suntsituta bukatu genuen, eta zertarako… bi egun gehiago bizitzeko, baldintza horietan… Gainera, berak idatzita utzi zuen hori ez zuela nahi. Ez du zentzurik: gizagabea da. Baina guk ezin izan genuen gehiago egin, medikuarekin eztabaidan bukatu genuen… Ez dut oroitu nahi; gogorra izan zen”, gehitu du Ritak.

Bizi testamentua egiteak eta medikuek norberaren nahia errespetatuko dutela jakiteak ematen duen segurtasuna azpimarratzen dute, halaber, txostenean. “Moduren batean bere bizitzako azken egunetan erabaki ahal izango zuela ikusteak erabateko lasaitasuna eman zion”, dio Lurdesek.

Baina, bizi testamentu batean jartzen zuenari kasu egiteagatik lanbideko beste profesionalekin talka izan zuen Yolanda medikuak. “Gaixoak alzheimerra zuen, eta garuneko hainbat infartu izan zituen. Egoitza batean zegoen sartuta, eta hango guztiei egin behar izan nien aurre, bai berak eta bai familiak esana zutelako ez zuela zunda gasonastrikorik nahi. Hala ezin zuen irentsi, itomena eragiten zion, eta egoitzakoek zoratuta banengo bezala begiratzen ninduten, eta hori nola onar nezakeen galdetzen zidaten. Nik gaixoaren eta senideen borondatea onartu nuen, hala adierazi baitzuen ondo zegoenean, ez zuela landare batek bezala bizi nahi”.

Tematze terapeutikoa

Txostenaren arabera, oro har medikuek eta osasun langileek badituzte irizpideak prozesu terminalaren ez luzatzeko, baina oraindik gertatzen dira behar gabeko luzapenak eta “tematze terapeutikoak”. Karmeleren ama egoitza batean zegoen, eta senideek egoitzako zuzendariari esana zioten ez zutela nahi bizitza luzatzen ibiltzerik. “Azken hiru hilabeteak oso gogorrak izan ziren; eraman egiten zuten tentsioa jaisten zitzaion bakoitzean, edo zerbait gertatzen zitzaion bakoitzean. Bi aldiz, guri ezer abisatu gabe deitu zioten anbulantziari ama ospitalera eramateko, eta joan-etorri horrek kalte baino ez zion egiten. Hirugarrenean, hain gaizki ikusi nuen ama, ospitalekoei esan egin bainien: ‘Zergatik ez duzue bakean uzten? 97 urte ditu, oso gaizki dago; utzi ezazue bakean’. Zirkulazio arazoak zituela, ez dakit zein protokolok agintzen zuela… Uste dut ama ez zela bakean hil”.

Rosak dio erru sentimendua gelditu zaiola amari laguntzen jakin ez zutelako. “Mediku taldearekin genuen harremana gaixo-mediku harreman hutsa zen: esaten zigutena egiten genuen. Amak ez zuen modu autonomoan erabakitzerik izan; medikuak erabaki zuen, eta guk hark esandakoa bete genuen. Gero frustrazioa etorri zen, amaren sufrimenduari erremedioa jartzen jakin ez genuelako. Nik ez dut hori nahi niretzat”.

Heriotzaren orduan informazio osoa eta erabakietan parte hartzeko aukera ukatzea litzateke, txostenaren arabera, elkarrizketatuek aipatutako gabezia handietako bat. Mikel kexu agertzen da amaginarrebarentzat sedazioa eskatu zutenean eman ez ziotelako, eta , gero, egoera okertu zenean, abisatu gabe jarri ziotelako. “Medikuak erabaki zuenean eman zioten. Ez genuen agurtzeko aukera izan, eta ziur nago hori zela berak nahiko zuena. […] Bestalde, sedazioa dosi txikietan jartzen diote, prozesua luzatzeko eta balizko akusazio bat saihesteko, ez dadin pentsa sedazioaren eta heriotzaren arteko harreman zuzena dagoenik”.

Arrate osasun etxe bateko medikua da, eta zaintza aringarrietako formakuntza jasotakoa da. Medikuek jasotzen duten trebakuntzaz zalantza handiak ditu: “Familia medikuaren araberakoa da duintasunez hiltzea tokatzen zaizun, neurri handi batean. Medikua aringarrietan trebatuta badago eta sentsibilizatuta badago, errazagoa da gaixoa etxean, duintasunez, minik sufritu gabe eta, behar izanez gero, sedazioarekin hiltzea. Formakuntzarik ez badu, medikuak beldurra sentitzen du; ez du bere burua gai ikusten erabakiak hartzeko, eta litekeena da gaixoa ospitalean hiltzea; oso ondo diagnostikatuta, baina egur handia hartuta, eta minaren gaiari, sufrimendu espiritualari eta sufrimendu emozionalari arreta egokia eman gabe”. Arratek esandakoaren bidetik, DHEren txostenak ezinbestekotzat jotzen du osasun arloko langileen formakuntza espezializatua, ez bakarrik mina arintzeko tekniketan, baizik eta baita une horretan pertsonak behar dituen lasaitasuna eta laguntza psikologikoa eskaintzeari dagokionez ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.