[Museora] Ardixarra etxea. Segura, Erdi Aroko hiribilduaren ikurra

[Museora] Ardixarra etxea. Segura, Erdi Aroko hiribilduaren ikurra

Eider Goenaga Lizaso

Segura asko aldatu da Erdi Arotik, baina orduan eraikitako hiribildu askotan ez bezala, garai hartako arrasto ugari topa daitezke bertan; etxebizitzak, jauregiak, elizak… Horietako bat Ardixarra etxea da. XVI. mendean eraikia, etxebizitza-tailerra izandakoa, eta 2004an Erdi Aroaren interpretazio zentro bihurtua. “Seguran, gainera, zerbait bitxia gertatzen da. Izan ere, Erdi Aroan zuen biztanle kopuruari eusten dio gutxi gorabehera. 1500. urtean 1.500 biztanle ziren, eta gaur egun ere antzeko biztanle kopurua du; tartean gorabeherak izan ditu, noski, izurriteengatik-eta, baina eutsi egin dio biztanleriari. Aitzitik, garai hartako hiribildu gehienak herri handiak bilakatu dira gaur egun”. Izarra Urdalleta (Errezil, 1975) Segurako turismo bulegoko teknikaria da, eta, beste lankide batekin batera, berak egiten ditu gidari lanak Ardixarra etxean.

Euskal Herrian Erdi Aroari buruzko beste interpretazio gunerik ez zegoenez eta Segurak Erdi Aroarekin zuen loturari erreparatua erabaki zuten duela hamabi urte interpretazio zentroa irekitzea. Garai hartako ezaugarri guztiak ondo gordetzen dituen eraikin bat aukeratu zuten horretarako. “Seguran jauregi batzuk badaude, eta horiek nahiko ondo gorde izan dira; XVI. mendeko baserriak ere ez dira gutxi; baina, erdi mailako familia baten etxea izan zen hau, lantegia ere bai, eta horrek ematen dio garrantzia”. Eraikina berritu zutenean Erdi Aroko ezaugarriei bere hartan eutsi zietela dio Urdalletak, eta, ondorioz, etxebizitza bera da interpretazio zentrora egiten den bisitaren ardatz nagusia. “Bisita gidatua egiten dugunean, Ardixarra osoa bisitatzen dugu. Erakusten dugu etxea bera: egurrezko egitura, neguko leihoak… horiek denak azaltzen ditugu. Ondo irudikatzen du nolakoa zen garai hartako etxebizitza”.

Seguratik, Gipuzkoa

Ardixarra etxea hiru solairutan dago banatuta. Behekoan, turismo bulegoa dago; lehen solairuan, behin-behineko erakusketak antolatzen dituzte; eta, hirugarren solairuan, ganbaran, Erdi Aroaren interpretazio zentroa dago. Informazio panelekin, mapekin eta garai hartako idatziekin batera, XVII. mendeko Segura irudikatzen duen maketa bat dago, eta bisitariari hiru minutuko bideo bat jartzen diote. “Segura oinarri hartuta, Gipuzkoaren historia eta Gipuzkoako hiribilduen sorrera azaltzen da; batez ere, nola eraikitzen zituzten, nola ematen zieten forma, eta zein material erabiltzen zituzten…”.

Gidariek, berriz, kokapen historikoa ematen diote hiribilduen sorrerari. “Nafarroako Erresuma izatetik Gaztelakora emandako pausoa azaltzen dugu. Gaztelak nolako interesa zeukan Gipuzkoa bereganatzeko… Itsasoaren behar hori, eta nola eratu zuten Gipuzkoa kostatik hasi eta Nafarroarekin jotzen zuten muga herriak sortu arte; nafarrak gelditzeko eraiki zituzten hiribildu horiek, eta hor sartzen da Segura…”, azaldu du Urdalletak.

Segurarren bizimodua azalduz, halaber, garai hartako hiribilduetako bizimodua azaltzen dute museoan. Erdi Aroan hiribilduan bizitzea edo landa eremuan bizitzea ez baitzen, inondik inora ere, baldintza berberetan bizitzea. Lehenik eta behin, segurarrak “herritar libreak” zirela azaldu du Urdalletak, eta horrek jada beste estatus bat ematen ziela. Bestalde, hiribilduan erdi mailako familiak bizi ziren, batik bat. “Landa eremuan, noski, ahal bezala eusten zioten, baina hiribilduan bizimodua hobea zen. Etxe gehienak etxebizitza-tailerrak ziren; gremioz osatuta zegoen. Erdi mailako familiak ziren asko, lana egiten zutenak eta diru sarrera bat zutenak”. Horrez gain, Seguran noble familiak eta familia dirudunak ere baziren, eta horren erakusle dira hango jauregiak.

Ardixarrako bisitaren bidez, Erdi Aroko gipuzkoarrak nola bizi ziren irudika dezake bisitariak; baina, etxe barruko informazioa osatzeko, kanpoko bisitak ere egiten dituzte: Andra Mariaren Jasokundearen Eliza, Segurako kasko historikoa eta karkaba.

Leave a Reply

Your email address will not be published.