Nola hil hautatu nahi denean

Nola hil hautatu nahi denean

Eider Goenaga Lizaso

Inork ez daki nola hilko den, noiz hilko den eta zergatik hilko den. Baina, galdetuz gero, gehienen erantzuna bat eta bera da: minik gabe, sufritu gabe… Aldagai gehiago sartzen dira, ondoren, “ez nuke bizi nahi burua galduz gero”, “ohean, landare egoeran baino, nahiago dut hil”, “ez dut ingurukoentzat karga bat izan nahi”, “gertukoak agurtu eta kontu guztiak itxita utzi nahiko nituzke”, “maite ditudanak inguruan eduki nahiko nituzke”. Horrelako komentariorik egin ez duenik ez da, eta are gutxiago adin batetik aurrerakoen artean. Baina borondate hori idatzita uztea beste kontu bat da. Gipuzkoan, biztanleen %1ek baino gutxiagok daukate egina bizi testamentua edo aurretiazko borondateen adierazpena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2004an jarri zuen martxan Aurretiazko Borondateen Erregistroa: ordutik, 6.619 lagunek aurkeztu dute, eta 2016an 965 agiri berri erregistratu zituzten. Bizi testamentua egiten dutenen bi heren emakumezkoak dira, %67 hain zuzen ere. “Kasu gehienetan profila emakume zaintzailearena da; gertuko senide bat nola hil den ikusten dute, eta beraiek ez dute egoera beretik pasatu nahi”, azaldu dio Hitza-ri Jose Luis Vidal mediku eta Aurretiazko Borondateen Erregistroko arduradunak. Vidalek Araban egiten du lan, baina astero mugitzen da Donostia eta Bilboko Osasun ordezkaritzetara, bizi testamentua egin nahi dutenei aholkularitza eta laguntza eskaintzera. Aurrez deitu behar da ordua hartzeko. “Arreta pertsonalizatua bermatzen dugu, eta agiria egin nahi duenaren eskuragarritasuna errazten dugu etxetik gertuen duen ordezkaritzara mugituz. Hitzordua deia egin eta bi edo hiru hilabetera ematen da, gutxi gorabehera”.

Bizi testamentua egiten duten gehienek erregistroan egiten duten arren (%62 inguru), beste bi modu ere badira horretarako: senide loturak ez dituzten hiru lekukoren aurrean idaztea eta, horiek dokumentua sinatu ondoren, erregistrora eramatea; edo aurretiazko borondateen agiria notario aurrean egitea.

Aurretiazko borondateen agiria egiten dutenen profilari dagokionez, beste faktore garrantzitsu bat adina da. “65 urtetik gorakoak dira agiria egiten dutenen ia erdiak, %46,9 hain zuzen; 45 eta 65 urte artekoak %41,8 dira; eta 18 eta 45 urte artekoak, berriz, %11,3”. Adinez nagusi izatea eta jarduteko gaitasun osoa edukitzea dira bizi testamentua erregistratzeko eskatzen diren baldintza bakarrak.

Eskari nagusiak

Vidalek pertsonalki eskaintzen die laguntza bizi testamentua egitera joaten direnei. Hark dioenez, gehienek nahiko argi dute zer nahi duten. “Ideia argi batekin etortzen dira gehienak, baina agiria ondo ulertu eta bete dadin nahi dute, eta dokumentuaren idazkeran laguntza eskatzen digute”.

Beste pertsona baten zaintzan ibili direnak dira agiria egiten duten asko, eta beraien senideei egoera zail horretan erabakiak hartu behar hori ekidin nahi izaten diete. “Beraiek erabaki egin behar izan dute, eta maite dituzten pertsonei hori saihestu nahi diete”.

“Ia guztiek eskatzen dutena da bizitzaren azken faseko tratamenduaren oinarri nagusia sufrimendua eta, batez ere, mina eta larritasuna arintzea izan dadin (sintomen kontrola eta babes emozionala). Eta, ahalik eta erosotasun handiena izate aldera, sintomen kontrola etxean bermatzerik badago eta familia inguruneak hori ahalbidetzen badu (alegia, zaintzailearentzat gehiegizko karga izan gabe eta konplexutasun handirik gabe), tratamendu hori etxean egitea eskatzen dute”, azaldu du Vidalek.

Sufrimendua arintzeko nahiaz gain, bizitzeko itxaropenik ez dagoenean bizirik eusteko ahalegin gehiegizkoa saihestu nahi izaten dute gehienek; alegia, “esfortzu terapeutikoa mugatzea”. Bizitzaren euskarri diren teknikei uko egiten diete, eta konorte gabeko egoera iraunkorrean, egoera itzulezina denean edo fase terminalean “esku hartze antzuak” saihestea eskatzen dute. “Alegia, zainketa aringarriak eskatzen dituzte, baldin eta horrek ez badu agonia luzatzea eragiten. Oro har, inork ez du karga bat izan nahi bere senideentzat edo gertukoentzat”.

Vidalen arabera, askok hil ostean organo emaile izateko borondatea ere agertzen dute. “Jendeak ez daki pertsona guztiak direla ustezko emaile, kontrako adierazpena egiten ez duten bitartean”.

Zama arindu

Bizi testamentua egiten duen pertsonak, normalki, lasaitasuna sentitzen du hil aurretik desio dituen zaintzak eta jasan dezakeenaren mugak zehazten dituenean. “Agiria egiten dutenek zama propioa arindu dutela esaten dute, eta, aldi berean, hurkoei une zail eta konplexu batean erabaki beharraren zama kendu dietela ere uste dute. Gainera, beste batzuen izenean eta haiek ordezkatuz hartu behar izan zituzten iraganeko erabakiek utzitako balizko erruduntasun sentimendua kentzen dute gainetik”. Erabakitzeko gaitasunari norberaren bizitzaren azkeneraino eutsi izanaren sentimendua ere izaten dute.

Aurretiazko borondateen agiriak lege balioa du, eta mediku eta erizainek ezinbestean bete behar dute bertan jartzen duena. “Noski, legeak ezartzen dituen mugen barruan”, zehaztu du Vidalek, “ez dira legearen kontrako eta praktika kliniko egokiaren kontrako erabakiak hartuko, edo sinatzaileak aurreikusi ez dituen egoeratan aplikatuko”. Agiriak, ildo berean, senideak ere behartzen ditu. “Aipatutako mugak errespetatuz, agiria egin duenaren borondatea dago gainerako guztiaren gainetik. Aurretiazko borondateen agiria erreferentzia argigarri bat izaten da mediku taldearen eta senitarteko edo ordezkarien artean”. Vidalen arabera, agiria egiten duenak, normalki, ordezkari bat izendatzen du, eta bera izaten da mediku taldearen aurrean bere balioak, nahiak eta lehentasunak argitzeko arduraduna.

Eutanasia aktiboa edo suizidio lagundua aipatu gabe, legearen mugak betetzen ez dituzten eskaerak ez direla kontuan hartzen esan du Vidalek. “Aurreikusita dago legearen kontrako eskaerek ofizialki ez dutela baliorik izango. Dena den, badago jendea horrelako eskaerak egiten dituena, gaur-gaurkoz lege euskarririk ez duten arren; horrek ez du eragozten, hala ere, nahi horren erregistroa”.

Bizi testamentua “tresna garrantzitsua” dela argi dauka Aurretiazko Borondateen Erregistroko arduradunak. “Izan ere, senideei zama arindu eta bestearen ordez erabakitzeko ataka zail hori saihesten die. Medikuntzako profesionalei, berriz, ahalegin terapeutikoa noraino eraman behar duten erabaki beharra arintzen die”. Abantaila besterik ez dio ikusten, beraz.

Gehiegizko sufrimendua

Iñaki Olaizola antropologo eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DHE) elkarteko Gipuzkoako ordezkariak, ordea, pauso bat harago jo beharko litzatekeela uste du; duintasunez hiltzeko eskubidea errespetatzea ondo dagoela, baina, besterik gabe, hiltzeko eskubidea errespetatu eta bermatu beharko litzatekeela. Ildo horretan, iazko uztailean Eusko Legebiltzarrak onartutako Bizitzaren Amaierako Prozesuan Pertsonen Eskubideak eta Duintasuna Ziurtatzeari Buruzko Legea “eskas” gelditu zela uste du, nahiz eta onartzen duen Espainiako Zigor Kodeak mugatu egiten duela hiltzen laguntzeko balizkoen interpretazio zabalago bat egitea.

Olaizolaren arabera, legeak “hizkera tranposoa” erabiltzen du, eta benetako eztabaidari izkin egiten zaio. “Legeak ez du eutanasia onartzen, baina hor benetakoak ez diren kategoria batzuk jarri dituzte. Debekatu egiten da hiltzen laguntzea, baina onartu egiten dira sufrimendua arintzeko eta mina kentzeko tratamenduak, denok dakigun arren sedazio terminala dela hiltzen laguntzeko era bat, hiltzen laguntzeko farmakologia bat. Baina diskurtsoan ez da horrela agertzen”.

Legeak eutanasia ez onartzea arbuiatu du, beraz, Olaizolak, eta Europako “herri demokratikoagoetan, hain integristak ez diren estatuetan” eutanasia aktiboak edo suizidio lagunduak —bien arteko marra oso estua dela eta beretzat biak gauza bera direla dio Olaizolak— legearen babesa dutela nabarmendu du. “Herbehereetan, Suitzan, Luxenburgon, Belgikan… onartzen dute. Beraz, ez da etikaren kontrako gauza bat, eredu kontua baizik; batzuek etika irizpide batzuk aplikatzen dituzte, eta besteek, beste batzuk. Nik nahiago ditut eutanasia onartzen duten herriak, baina gu estatu integrista batean gaude”.

Aurretiazko borondateen agiria baliagarri ikusten du, dena den, Olaizolak, jende askori laguntzen diolako sufrimendua arintzen eta azken egunak nola bizi nahi dituen erabakitzen. Bi arazo nagusi ikusten dizkio, ordea. “Batetik, eta arazo nagusiena hori da, pertsonak nahiko argi adierazi arren, batzuetan ez direla bere desioak errespetatzen eta sistema medikoak ez diola kasurik egiten; bestetik, neurri aringarriak jarri eta heriotzarako bidea erraztera iristeko sufrimendu gehiegi eskatzen dela”.

“Artatzen zaituzten lekuaren eta artatzen zaituen pertsonaren arabera, zure heriotzaren kalitatea arriskuan egon daiteke”, esan du Olaizolak. Ildo horretan, mediku batzuk tematu eta bizitzari kosta ahala kosta eusten diotela azaldu du, agonia behar gabe luzatuz; beste batzuek, berriz, sedazioan edo minaren aringarrietan dosi handiagoa erabiliz azkartu egiten dute heriotza. “Baina pertsona batek idatzia utzi badu tratamendua etetea nahi duela eta halako eta halako moduan hil nahi duela, zein dago pertsona horren gainetik erabaki bat hartzeko? Nork eman die aginte hori?”.

Bestalde, bizitzaren amaierako legeak ezartzen dituen balizkoak gehiegizko jo ditu DHEko kideak. “Egoera terminalean egotea, konorterik gabe egotea eta erabakiak hartu eta adierazteko gaitasunik ez edukitzea dira balizkoak, baina horraino iritsi behar al du pertsonak hil nahi duela erabakitzeko? Ezin al du lehenago erabaki ez duela gehiago bizi nahi?”.

Pertsonaren autonomiarekin batera, bizitzaren kalitatea da lege honen euskarri etiko nagusietako bat. Olaizolaren aburuz, baina, bizitzaren kalitatea “erabat subjektiboa” da. “Kalitate batetik behera, pertsona batzuek ez diote zentzurik ikusten bizitzeari. Ez baita gauza bera bizirik egotea eta bizitzea. Pertsona batek, adibidez, erabaki dezake nahiago duela hil ohetik jaiki ezinda gelditu baino, edo zaharren egoitza bateko bizimodu gatzgabea bizi baino. Zergatik horiei ez zaie aukera eman behar?”.

Olaizolaren arabera, hiltzea norberaren erabakia da, eta horretan laguntzea ez litzateke zigorgarria izan behar. “Suizidatzea ez da delitua, baina suizidatzen laguntzea bai. Zentzugabea da. Noski, horretan baldintza batzuk jarri beharko lirateke, besteak beste pertsona horrek hiltzeko borondatea behin eta berriro adieraztea eta nahi hori denbora epe batean luzatzea; baina zergatik laguntza ukatu?”. Olaizolak argi dauka pertsonak bere buruaz beste egiteko askatasuna eta eskubidea duela. “Medikuren bati entzun diot, ‘bada, bota dadila bosgarrren solairutik!’. Mesedez, eta non dago duintasunez hiltzeko eskubidea, gozo-gozo eta behar bezala hiltzeko eskubidea?”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.