“Barne motibazioa, emozioa eta gogoa behar da ikasteko”

“Barne motibazioa, emozioa eta gogoa behar da ikasteko”

Ane Olaizola

Elena Laiz Sasiain (Bilbo, 1958) Zizurkilgo San Millan ikastetxeko irakasleak irakurketa eta idazketa prozesuari buruzko ikastaroa eskainiko du Azkoitiko Bizilore Eskola Aktiboan. Martxoaren 18an, larunbatean, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara izango dira saioak, eta plaza mugatuak izango ditu. Martxoaren 10era arte eman daiteke izena, 680-25 50 25 telefonora deituta. 40 euroko prezioa du.

Zer jorratuko duzue ikastaroan?

Zortzi orduko ikastaroa emango dut, eta ia erdia psikogenesiari dedikatuko diot: hau da, umeek hizkuntzaren kodea nola ikasten duten azalduko dut. Ondoren, irakurketaren inguruan arituko gara: zer den irakurtzea, zertarako egiten dugun, zeintzuk izan daitezkeen egoera desberdinak, irakasleon rola, irakurketarekiko atxikimendua… Idazketari ere helduko diogu, eta antzeko puntuak jorratuko ditugu.

Idazten eta irakurtzen ikastea ikerketa bat dela diozu.

Umeak benetako testuak eta benetako idazketak aztertzen joaten dira, eta horregatik da ikerketa. Beren hipotesiak egiten dituzte, frogatzen dute, eta pentsatzen zutena baieztatzen edo deuseztatzen dute. Horrela joaten dira ikasten, baina guk zuzenean irakatsi gabe. Izan ere, berez ingurua aberatsa bada, aukera gehiago dituzte ikerketarako; baina ingurua aberatsa ez bada ere, beraiek arlo guztiak ikertzen dituzte. Hortik joaten dira deskubritzen hizkuntzaren kodearen ezaugarriak, eta guk lagundu egiten diegu beren ondoan adi egonez.

Zizurkilgo San Millan eskolan nola irakasten diezue horretan?

Guk ez diegu beti irakasten; hori da gakoa. Batez ere, laguntzen diegu ikas dezaten. Ahal dugun guztia ematen diegu horretarako. Materialak eskaintzen dizkiegu eta testuinguru desberdinak, beraiek ikas dezaten. Bakoitzari begira egoten gara, eta behar duenari erantzuten diogu. Metodologiari dagokionez, ez dugu testu libururik erabiltzen, ezta ariketa koadernorik ere. Horien ordez, benetako liburuak erabiltzen ditugu. Askotarikoak dira: monografikoak, zientzia liburuak, prentsa… Literaturari ere garrantzi handia ematen diogu; liburu asko eta onak irakurtzen ditugu, bertsio desberdinetan. Garrantzi handia ematen diogu horri.

Garrantzitsua al da umeek noiz ikasten duten irakurtzen eta idazten?

Guri dagokigunez, egun ez daukagu inolako mailarik. Ez diogu horri erreparatzen; beraz, ez dago mugarik. Esaterako, hasieran denbora gehiago behar badute, eman egiten zaie. Ez da inor behartzen ezin duenean; ez zaio inori mugarik jartzen.

Uste al duzu errespetatzen direla umeen erritmoak?

Hitz politak dira horiek. Nork ez du esango ez dituztela errespetatzen? Guztiok esaten dugu baietz, uste dut hala nahi dugulako. Kontua da, ordea, gero hori lortzeko zer egiten dugun. Izan ere, denek liburu berdina erabili eta une berean egin behar badute, nekez errespetatuko da erritmoa.

Ikasketa prozesu guztietan bezala, motibazioa izan daiteke gakoetako bat. Zer gertatzen da motibaziorik ez dagoenean?

Motibazioa askotan kanpotik ezarri nahi den gauza bat da. Guk nahi dugunean eta guk nahi dugun bezala ikasten ez badute, kanpoko motibazioak eskaintzen hasten gara: koloretako letrak, hizkiak mugimenduan, abestiak, antzerkiak… Modu desberdinetan jar daitezke kanpo motibazioak. Baina horiek alferrikakoak izaten dira, eta, gainera, frustrazioak sortzen ditu, bai umeengan eta baita helduengan ere. Baina gakoa ez da hori; barne motibazioa, emozioa eta gogoa behar da ikasteko eta aurrera egiteko. Zer egin dezakegu guk horretarako? Giro bat sortu. Batetik, emozionalki lasai eta ondo egon daitezen, eta, bestetik, giro aberatsa eta erakargarria eduki dezaten horrekiko. Uste dugu umeak horrela joango direla motibatzen, bakoitza bere momentuan. Batzuekin ez dugu beti asmatzen, baina hori da gure lana: saiatzea asmatzen eta motibatzen zailak iruditzen zaizkigun horiengan zer egin, motibazioa sorrarazteko. Beti ez da erraza, baina badakigu beti barrukoak izan behar duela.

Ume bat behar baino lehenago ikastera behartzen badugu, zer ondorio jasan ditzake gero?

Ondorioak asko dira. Segurtasunik eza sortzen zaio, presio handia jasan baitu. Motibazioa ere guztiz kentzen zaio, eta irakurtzea edo idaztea guztiz gorrotatzeraino irits daiteke. Horrez gain, umearengan jarrera kontuak ere alda daitezke. Agian, jarrera txarra hartzen du eskolarekiko edo arlo batzuekiko. Helduok, halako egoera baten aurrean ere, gaizki pasatzen dugu, baina guk zerbait egin nahi ez dugunean, esan edo alde egiteko aukera dugu; umeek ez dute aukerarik. Egunero eskolara joan behar dute. Oso ondorio txarrak izan ditzake, zalantzarik gabe.

Zein izan beharko litzateke gurasoen rola?

Gurasoek guraso izan behar dute, ez irakasle. Familia bakoitza mundu bat da, eta, irakurketa eta idazketaren inguruan, familian giro aberatsa eta plazerezkoa baldin badute, hori ondo etorriko zaie umeei. Hala ez bada, ordea, eskolan egingo dugu lan hori; eskolari dagokio hori. Orduan, zer egin behar dute etxean? Modu naturalean iruditzen zaien guztia. Gurasotako bati gustatzen bazaio idaztea, umeak hori ikusiko du. Gurasoek normal jokatu behar dute seme-alabekiko, berez ateratzen zaien gauzak egiten: izan daiteke dantzan, mendira joaten, pintatzen…

Guraso batek esan dezake bere seme-alabari bereziki ari zaiola kostatzen ikastea. Zenbateraino da kezkagarria?

Saiatu behar dugu arazo bezala ez ikusten, benetako arazo gutxi baitaude. Normalean, erritmo kontua da. Askotan arazo bezala ulertzen dugun horri denbora gehiago uzten badiogu, ez da arazo izaten. Bere erritmoan doa, baina badoa, eta, badoan bitartean, ez dago arazorik. Benetan arazoa denean, beste profesional batzuengana jo behar da.

Zizurkilgo ikastetxean eta Abaltzisketakoan proiektu pilotu bat duzue. Zer proiektu da?

Hezkuntza Sailak onartu zigun hiru urteko proiektu pilotu bat. Aurten amaituko da, baina jarraituko dugu horrekin gero ere. Ez du atzera bueltarik. Biak eskola txikiak dira; 30 bat ikasle ditugu. 2 urtetik 12 urtera bitarteko umeak ditugu, eta denak elkartuta daude. Noski, ez une guztietan, baina adinak ez du zehazten zertan ibiltzen diren. Ez dugu ikasgelarik, arlorik, mailarik… Tailerrak ditugu. Umeek aukeratzen dute zer tailerretan ibili nahi duten.

Zer emaitza ari da izaten umeengan?

Umeak eskolan zoriontsu bizi dira, eta horrek ikasteko orduan sekulako erraztasunak ematen dizkie. Modu naturalean ikasten dute. Orduan, guztiak dauka zentzua. Gainera, ikusten dute denak direla desberdinak, baina ekarpenak guztiek egiten dituztela. Guztiek daukate lekua. Izugarri ikasten dute, eta izugarri ondo pasatzen dute. Ia gatazkarik ez dago euren artean, txikikeriak besterik ez. Eta umeak pozik, lasai eta diren bezala badaude, etengabe ikasiko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.