“Ez da erraza bat-batean herritarren ohiturak aldatzea”

“Ez da erraza bat-batean herritarren ohiturak aldatzea”

Olaia Iraola

Hilaren 6tik dago martxan Zure erosketa etxean banaketa zerbitzua Oñatin. Egitasmoari esker, herritarrek aukera dute herriko zenbait dendatan erosten dutena etxean jasotzeko. EderMobilityServices enpresak jarri du abian, eta SD Logistica arduratzen ari da banaketaz. Proiektuaren arduradun Igor Ezpeletaren arabera (Eskoriatza, 1978), helburua negozio berriak sortzea da. Astelehenetik ostiralera arte dago martxan; 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbat goizetan ere eskaintzen dute. Banaketa zerbitzua ez da soilik herriaren erdigunera mugatzen; izan ere, baserrietan bizi diren herritarrek eta erdigunetik urrun bizi diren bizilagunek ere erabil dezakete.

Zein behar betetzen du proiektuak?

EderMobilityServices enpresak mugikortasun elektrikoko negozio aukerak aztertzen ditu, eta bi kontzeptu hartzen ditu aintzat: alde batetik, mugimendu elektrikoa, hau da, desplazamenduan zerbait elektrikoa ezartzea; eta, bestetik, zerbitzua ahalbidetuko duen software bat egotea. Proiektu berri honekin pisu handia etxera eraman beharrean erosketak etxean jasotzeko aukera izango dute herritarrek.

Banaketa auto elektrikoarekin egingo duzue. Zer dela eta?

Hirietan zein herrietan gero eta oinezkoen bide gehiago daude. Bizi kalitatearentzat hobea da hori, noski. Baina egunerokotasunean trafikoa handia da oraindik. Guk paketeak alde batetik bestera eramateko auto elektrikoak erabiltzea erabaki genuen, herria kez ez betetzeko helburuarekin.

Beraz, zuen egitasmoa banaketa auto elektrikoarekin egiten duzuelako da ezberdina, ezta?

Bai. Auto elektrikoa erantzun teknologiko batekin konbinatzea da gakoa.

Beste enpresa bat arduratzen da banaketaz. Zergatik?

Guk ez genekien banaketa munduaz ezer. SD Logistikak Oñatiko BM eta Eroskiko banaketa egiten du, eta Espainian ere banaketa ugari egiten dituzte. Hori horrela, hiru hilabeterako proiektua elkarrekin egin dugu. Astero bilerak egiten ditugu, eta ikusten dugu zer doan ondo eta zer ez.

Herritarren ohiturak aldatuko al ditu zerbitzuak?

Haientzat aukera bat gehiago da. Baina ohitura aldaketa bat eskatzen du, eta ez da erraza bat-batean herritarren ohiturak aldatzea. Herri txiki batean ez dute ohiturarik fruta denda batera joan eta erosketak etxera eramateko eskatzeko. Orain arte ez zuten horrelako zerbitzurik eskura. Dagoeneko aukera hori badute; ikusiko da ea funtzionatzen duen.

Nola ari zaizkio erantzuten herritarrak proiektuari?

Jendearen aldetik feedback-ik ez dugu oraindik jaso. Bi aste dira proiektua martxan dagoenetik, eta oraindik ez dakigu jendeak zerbitzua eskatuko duen edo ez. Izan ere, herritarrekin behar bezala komunikatzea falta zaigu. Orain arte ez dugu hedapen aktibo bat egin, eta asko eta asko ez dira ohartu zer egiten ari garen. Ez dakigu jendea ordaintzeko prest egongo den edo ez. Denborak esango digu.

Zenbat ordaindu beharko dute herritarrek zerbitzuagatik?

Saltoki bakoitzarekin hitz egin dugu prezioaren inguruan. Denda bakoitzak erabakitzen du bezero bakoitzari zenbat kobratu. Esaterako, ez da berdin 80 euroko edo 10 euroko erosketa egitea. Gainera, saltoki batetik bestera aldea dago. Ez da berdin 20 euro arrandegi batean gastatzea edo fruta denda batean, zailagoa baita fruta dendan 20 eurotara iristea. Beraz, erabaki genuen haien esku uztea prezioa. Orain, aztertzen ari gara ea ondo egin dugun edo ez.

Internet bidez egin daiteke eskaera?

Momentu honetan dendan eskatu edota hara deitu behar da. Interneteko zerbitzua oraindik ez dugu jarri martxan. Aukera hori aztertzen ari gara, baina lehenik eta behin saltoki txikiko gauzak herritarrek eskatzen dituzten edo ez ikusi nahi dugu.

Hiru hilabete hauek igaro eta gero zer? Zerbitzua zabaltzeko asmorik baduzue?

Oraindik Oñatin bakarrik jarri dugu zerbitzua abian. Ordutegi bat, auto bat eta prezio bat jarri ditugu. Hiru hilabeteko proba pilotuan ikusiko dugu ea zerbitzua errentagarria eta bideragarria den. Orduan erabakiko dugu proiektuarekin jarraitu nahi dugun edo ez, eta herri zein hiri gehiagotara zabaldu nahi dugun edo ez. Horretarako, ordea, beharrezkoa dugu jendearen iritzia. Oñatin egiten ari garena beste herrietan egitea da gure nahia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.