Kandelak, azak eta aurrera doan herria

Leire Narbaiza

Deba, Ispaster, Lemoiz, Tutera. Mantra bat bezala errepikatzen ziren udalerri hauen izenak txikia nintzenean. Espantu keinu batez, zentral nuklear proiektu banari lotuta zihoazelako. Lemoiz baino eraiki ez bazen ere, izen zerrenda bihurtu zen laukotea, eta eguzki antinuklearrez bete zitzaizkigun bazterrak. Hogeita hamahiru urte pasatu dira bertan behera laga zituztenetik—Lemoiz eta beste proiektuok—; hala ere, entzundakoak ez zaizkigu ahaztu. Hiru hamarkada igaro dira, eta kandelen argia ez dugu behar izan, ez bada meditaziorako edo Arraten Ama Birjinari azterketak gainditzeko eskatzeko. Gure menuak ere aberastu dira atzerriko makina bat jakirekin, iragartzen ziguten aza-jan hutsa ezerezean geratuta!

Kandelak kandela eta azak aza, mamu hilgarri horiek uxatuta, ondo-ondoan Garoñako zentrala geratzen zitzaigun. Itxia bazuten ere, eta amesgaiztoa amaitu zela uste genuenean, hara non etorri den baimen berria. Sinestezina, ulertezina. Estatuko nuklear zaharrena, Fukushimakoaren modelo berekoa, atzera ere martxan jartzeko baimenarekin! Noren buruan sartzen da?

Bataila bat irabazita, beste frente bat zabalik. Bat gaindituta, beste asko ageri. Zentral nuklearrak ez direnean, urre meatzea da Kanbon. Edo haustura hidraulikoaren mehatxua (frackinga). Abiadura handiko trena ere hogeita bost urtean beti presente. Ezin ahaztu, zoritxarrez, Zubietako erraustegia, kosta ahala kosta egin beharrekoa.

Aitatutako adibide guztiak irakurrita, atentzioa ematen dit gobernuetan zein interes dagoen proiektu hauek egiteko, eta gizartean zein errotuta eta instalatuta dagoen aurrerabidea dela azpiegiturak eraikitzea. Desarrollismoa hirurogei-hirurogeita hamarreko hamarkadetako fenomenoa omen zen, baina hortxe segitzen du, herritarren garunean sartuta. Aurrera doan herria!

Esan dudan bezala, bataila bat irabazi orduko, beste bat dago irteteko zain. Ingurugiro kontuetan beti iruditzen zait ez dagoela zereginik hipergarapena defendatu eta bultzatzen duten horien aurrean. Historikoki galtzaileen ezpalekoak izatera ohituta bagaude ere, horrelakoen aurka gaudenon ikuspuntua gogargietsien ikusmoldea dela ematen du.

Badirudi alde daudenek ez dutela errealitatea ikusten eta interes jakin batzuen soinutan egiten dutela dantza. Adierazi zuen Rajoyk bere lehengusu fisikariak kontatu ziola ez zela aldaketa klimatikorik. Oraintsu Trump ahalguztidunak ere ukatu du halakorik denik. Olano ahaldun nagusiak ere berriki esan du erraustegiaren kontrakoek osasuna erabiltzen dutela aitzakiatzat. Tapia azpiegitura sailburua ere pozarren agertu da Espainiako gobernuarekin sintonia ona dagoela AHTari ekiteko.

Dirutzak gastatu ziren Lemoiz eraikitzen. Zubietako erraustegiak porrot ekonomikora eramango ditu Gipuzkoako herri asko. Abiadura handiko trena hondo bako putzua da; ingurugiroari kaltea eragiteaz gain, babes sozialera, osasungintzara edota hezkuntzara bidera zitekeen dirua irensten duena, ogro gosezto aseezin baten gisan.

Eta dena zertarako, zeinen mesedetan? Noren aginduetara daude agintariak? Hain itsu ezin baitira egon, begi-bistakoa delako zelako eragin okerra duten gure osasun eta bizi kalitatean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.