“Ea arnasa gehiago hartzeko aukera daukagun”

“Ea arnasa gehiago hartzeko aukera daukagun”

Asier Imaz

Alaba San Joanen, koinata Orion, iloba Donostiarran, suhia Zumaian eta Anjel Larrañaga (Tolosa, 1967) bera Zarautzen. “Gure otorduetan zertaz hitz egiten dugun asmatzea ez da oso zaila” dio, harro. Arrauneko “har gaizto” horrek gidatuta, tolosarra iazko denboraldian iritsi zen Bermeotik Urola Kostara, entrenatzaile moduan.

Orioko traineru jaitsierarekin batera hasten da atzerako kontaketa.

Denboraldi-aurre amaierako test moduan erabiltzen dugu entrenatzaile askok. Ez da erabakigarria izaten, baina gauza asko geratzen dira agerian.

Eta aurtengoan zer geratu da agerian?

Goiko txalupetan betikoa: oilar nagusiak oilar nagusi dira oraindik ere. Eta ARC mailan, gure ligan, Donostiarraren eta Santurtziren aldetik gorakada handi bat. Nire ikuspegitik, horiek izango dira talde indartsuenak.

Denboraldi honi begira, hasiera batean, zer azpimarratuko zenuke?

Fitxaketek domino efektu moduko bat sortzen dute arraunean. Behin entrenatzaile bat aldatzen denean, beste bi edo hiru talde beharturik izaten dira aldatzera. Gero bakoitzak bere gustuko taldea osatu nahi izaten du, gustuko jendearekin. Eta aurten hori gertatu da. Jon Salsamendi Oriora itzuli da, taldea pixka bat suspertzeko helburuarekin. Horrek pieza desberdinak dantzan jarri ditu, eta Salsamendiren hutsunea Joseba Fernandezek bete du Bermeon.

Aldaketak aldaketa, iazko talde indartsuenak berriro ere goian ikusi genituen Orion.

Eta nabarmen, gainera. Hondarribiak berriro gorengo maila horretan jarraituko duela uste dut, inongo arazorik gabe, gainera. Bermeo eraldatu batek berriro itzala izango du, eta, nire ustez, Oriok egin du goraka, jaitsieran ikusi genuen bezala. Oilarren artean sartzeko esperantza izango dutela uste dut.

Bermeo eraldatu bat aipatu duzu. Entrenatzaile aldaketa bat baino zerbait gehiago izan da han.

Goian dagoen talde bat ez da kolpetik erortzen. Eraldaketa garrantzitsu bat egon da Bermeon. Entrenatzaileaz gain, hiru-lau titular nagusik taldea utzi dute. Gelditzen den jendea eta etorri zaizkienak oso onak izan arren, kosta egingo zaie mailari eustea. Lau titular galera handia delako. Kontua da beheraka egiten baldin badute ere, hori ere oso txikia izango dela.

Bermeon fase berri baten hasieraz hitz egiten ari gara, beraz.

Eta horrek ez du esan nahi bestea baino txarragoa izango denik. Lan gehiago izango dutela besterik ez. Guztia uztartu eta etekina ateratzeak lan handia eskatzen du.

San Joanen galera handiagoa izango dela dirudi.

Lehen esan bezala, goraka zetorren taldea zen, eta Joseba Fernandez zen horren arduraduna. Orioko traineru jaitsierako emaitzak ez dira kontuan hartu behar, baina adibide bat dira. Eta hor bigarren mailako hainbat ontzi San Joanen aurretik ibili ziren.

Puntan ibili ziren besteak Hibaika eta Batelerak izan ziren. Iazko borroka errepikatzeko moduan direla ematen du.

Hibaikak irabazi zuen jaitsiera, baina San Joan segundo bakarrera geratu zen. Horien artean ere gauzak ez dira aldatu. Berriro esango dut, Orioko jaitsieratik ezin da ondorio handirik atera, entrenatzaile bakoitzak bere gauzak probatzeko test moduan erabiltzen duelako. Hibaikak bere mailan jarraitzen du, eta San Joan bi txalupekin atera zen. Hor zerbait ezkutaturik egon daiteke. Bestalde, Orioren gorakada handi samar bat ikusi genuen. Nire ustez hiru horiek egongo dira goian. Agian, aurten aldatuko dena izango da sariak elkarren artean gehiago banatu beharko dituztela.

Zarautzen bigarren urtea duzu. Lehenengoa pultsua hartzeko izan ohi da…

Zerotik hastea izan zen. Arraunlariak ezagutu, taldea osatu, arraunketa moldatu… lan asko sortzen da. Nire ustez, aurten mailari pultsua hartzen eta lehengo urteko lanari etekin pixka bat ateratzen hasiko gara. Ea arnasa gehiago hartzeko aukera daukagun.

Iaz hamabitik bederatzigarren amaitu zenuten; nahi baino beherago?

Ez. Iaz nahiko maila ona zegoela kontuan hartu behar da, eta gure arraunlarien batez besteko adina 20-21 urte zela. Nik ez dut hori aitzakia moduan erabiltzen, adibide gisa, baizik. Estropadak irabazten ibili ziren txalupek 30 urteko batez bestekoa zuten. Koska hori handia da, eta nabaritu egiten da.

Eta aurten gauzak, alde horretatik, ez direla aldatuko ematen du.

Gehiago esango dizut: aurten goian ibiliko diren taldeek ACT edo lehen mailako arraunlariak izango dituzte.

Eta ARC bigarren maila da.

Horien aurka borroka egitea kosta egingo zaigu. Arnasa hori hartzea ez da erraza izango.

Zein da helburua, beraz?

Mailari eustea; ahal dugun itxura onena ematea, eta Zarautzen izena ahalik eta gorenean uztea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.