Aurten hasi nahi dituzte Renfen Mugi sistema ezartzeko negoziazioak

Aurten hasi nahi dituzte Renfen Mugi sistema ezartzeko negoziazioak

Maite Alustiza

Erakundeen arteko lankidetza “fruituak ematen” ari da. Mugi garraio sistemak “harro sentitzeko moduko datuak” izan zituzten iaz, Gipuzkoan. Marisol Garmendia aldundiko Mugikortasun diputatuak azaldu duenez, 65 milioi bidaia baino gehiago egin ziren tarifa sistema bateratuaren barruan, 2015ean baino %1,5 gehiago eta 2014an baino %4,8 gehiago. Garmendiaren arabera, datuok adierazten dute sistema “egonkortu” egin dela; dena den, sistema hori beste zerbitzu batzuetan integratu nahi dute: “lehentasunen” artean dago Renfe. Diputatuak jakinarazi duenez, Renfeko arduradunei eskutitz bat bidali diete elkarrizketa bat eskatzeko, eta aurten negoziatzen hastea espero dute. Duela 4-5 urte egin zuten ahalegina, baina ez zuten lortu; orain, ordea, esperantza agertu du Garmendiak: “Errealitatea aldatu egin da. Mugiren operadore guztien zifrak positiboak dira, sistema ez da erabiltzaileentzat bakarrik positiboa. Renferi ekonomikoki interesatuko zaio”. Gaur egun, Renfen ordaindu daiteke Mugi txartelarekin, baina ez dago hobarien sistemaren barruan —berdin gertatzen da Oiartzungo udal autobusetan—.

Gaur-gaurkoz, Mugi sistemak honako zerbitzu hauek biltzen ditu: Dbus, Lurraldebus, Euskotren, eta Irun, Errenteria, Arrasate, Zarautz, Eibar, Hernani eta Lasarte-Oriako hiribusak. Iazko datuei dagokienez, bidaien %85 Mugi edo Lurraldebus txartelarekin egin ziren. Txartel berrien eskaera gero eta handiagoa da, gainera: iaz, ia 59.000 txartel pertsonalizatu egin ziren, eta 43.000 txartel anonimo. Azken horiek pertsona batek baino gehiagok erabil ditzakete aldi berean.

Garraio publikoa erabiltzen duen emakume kopuruari azpimarra egin dio Garmendiak: txartelarekin egiten diren bidaien %67 emakumeek egiten dituzte. “Nagusiki emakumeok erabiltzen dugu garraio publikoa, baina, zorionez, gizonak batuz doaz, eta orain egiten diren txartel berrietan %50 dira gizonak eta %50 emakumeak”. Gazteen artean ere, geroz eta gehiagok erabiltzen dute, bai hezkuntza zentroetara joateko, eta baita aisialdiari lotutako tokietara joateko ere —jaietara edo ekitaldi berezietara, adibidez—.

Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Bizkaian ere erabil daiteke Mugi txartela: Bilboko tranbian, Larreinetako funikularrean (Trapagaran, Bizkaia), Euskotrenen ibilbide orokorretan eta Gasteizko tranbian. Era berean egin dezakete Arabako Bat eta Bizkaiko Barik txartelak dituztenek ere. Txartel bakoitzaren eremuan, bertako txartelaren tarifa irizpideak aplikatzen dira. Janire Bijuesca Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendariak aurreratu duenez, hilabete batzuk barru Bilboko metroan ere erabilgarri egongo da Mugi. Metroaren 3. linea apirilean jarriko dute martxan, eta horren ondoren hasiko dira teknikoki beharrezkoa den lanketa egiten.

Teknologia baliatzea

2017an hobetu beharrekoen artean, Internet bidezko zerbitzua aipatu du Garmendiak: “Soilik txartelen kargen %0,46 egin dira webgunetik. Jende askok ez daki Internetetik kargatu dezakeela, eta helburuetako bat tramiteak erraztea da, bai kargarako eta baita txartela egiteko ere”. 2016an karga gehienak datafono bidez egin ziren (%57,8); gero Kutxabanken bidez (%26,2) eta Euskotreneko makinetan (%15,5).

Arlo digitalari dagokionez, baliabideak pixkanaka garatzen ari direla gehitu du Eluska Renedo Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendari orokorrak. Iaz martxan jarri zituzten proiektuen artean daude Mugiklub komunitatea, Mugi aplikazioa —Android eta iOS gailuentzat— eta ibilbideak planifikatzeko tresna.

Leave a Reply

Your email address will not be published.