Kultura, euskararen ibilbidetik

Kultura, euskararen ibilbidetik

Maite Alustiza

Zenbaki borobila du aurten Korrikak: hogeigarrena. 1980an egin zuten euskararen aldeko lehen lasterketa, eta martxoaren 30ean abiatuko da 2017koa, BatZuk leloarekin, Otxandiotik (Bizkaia) Iruñera —Gipuzkoan apirilaren 4an sartuko da—. Hogeikoa ez, baina bide majoa egina du Korrikari lotutako kultur ibilbideak ere. 1993an, Korrikaren 8. aldiarekin jarri zuten martxan Korrika Kulturala, Denok maite dugu gure herria euskaraz leloaren bueltan. Aurtengoan ere, askotariko kultur ekitaldiak prestatu ditu AEK-k. Agenda osoa Korrikaren sakelakoetarako aplikazioan kontsulta daiteke.

Kultur eskaintzaren bidez, herritarrei Korrikan egiten duten “esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat” itzuli nahi die AEK-k, Asier Amondo koordinatzaileak egitarauaren aurkezpenean esan zuenez. Korrika Laguntzaile txartela dutenek %10eko deskontua izango dute Korrika Kulturalaren emanaldietan.

Otsailaren 9an hasi zuten bidea kultur ekitaldiek, Kepa Junkera & Sorginak taldearen Maletak ikuskizunarekin —igandean, Arrasaten eskainiko dute—. Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako hainbat kultura elkartu nahi izan dituzte, eta, musikarekin batera, pertsonaia mitologikoak, joaldunak eta herri kirolak agertuko dira taula gainean.

Tartean Teatroaren Ez dok hiru! da beste proposamenetako bat. Kasu horretan, euskal musikaren “benetako istorioa” errepasatuko dute Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek, hiru musikariren laguntzarekin. Antzerkia dakarte Beatriz Egizabalek eta Ane Labakak ere, bertsoekin uztartuta. Erradikalak gara saioan, bakarrizketak eta bertsoak erabiliko dituzte: “Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara iritsi nahian”, iragarri dute. Errimak bertsolari gehiagoren ahotik ere entzun ahal izango dira martxoan, abian baita Bertso Korrika. Guztira, ia 30 bertso saio izango dira Euskal Herri osoan, horietatik hiru Gipuzkoan.

AEKrekin batera, herrian herriko batzordeak jarduera ugari prestatzen dabiltza Korrika girotzeko. Astigarragan, adibidez, Korrika Eguna egingo dute, bihar, Joseba Barandiaran plazan eta Txomiñenea pilotalekuan, 11:30etik aurrera: eskulan tailerra, Jump Fit eta lurreko dantza, luntxa, triki poteoa… Tolosan ere, Korrika Festa egingo dute, bihar, 18:30ean, Berdura plazan.

Beste adibide bat, Hernanin: martxoaren 23rako irakurketa saioak antolatu dituzte tabernetan. Eibarren, martxoaren 25ean, mendi irteera egingo dute Izarraitzera, inguruko historia ezagutzeko —aurrez izena eman behar da—. Elgoibarko Inma Mugerza geologoak gidatuko du ibilbidea.

‘BatZuk’ dokumentala

Zuzeneko saioetatik aparte baina Korrikaren harira, BatZuk: Euskararen lau aurpegi dokumentala ekoitzi dute AEK-k eta Hiru Damatxo Ideia Faktoriak. Lau herritarren bizipenak ditu ardatz: Maika Etxekopar antzerkilari eta kantariarenak, Dani Alvarez kazetariarenak, Elena Caballero La Basu rap abeslariarenak eta Ander Larunbe itzultzailearenak.

Asteartean Donostian aurkeztu zuten, Koldo Mitxelena kulturunean, eta datozen egunetan herri gehiagotan emango dute; besteak beste: martxoaren 14an, Bergaran (19:00etan, Zabalotegin), eta martxoaren 16an, Eskoriatzan (18:00etan, Zaldibar antzokian).

Leave a Reply

Your email address will not be published.