“Orain arte egindako galdeketek balio behar dute uhin bat sortzeko”

“Orain arte egindako galdeketek balio behar dute uhin bat sortzeko”

E. Goenaga Lizaso

Urte osoa darama lanean Elvira Lizeagak (Hernani, 1972) igandeko herri kontsultari begira. Hernanin eta Astigarragan Bagagiltza taldea aritu da prestakuntzak egiten, eta bi herriak eskuz esku aritu dira lanean. “Gauza asko, tartean galdera adostea, elkarrekin egin ditugu”. Gaur eta bihar boto aurreratua jasotzen jarraituko dute bi herrietan, eta igandea egun handia izatea espero duela dio Lizeagak.

Gure Esku Dago-k giza kate erraldoia egin zuenetik bidea luzea izan da. Zein izan da puntu korapilatsuena prozesu honetan?

Prozesuak mugarri ezberdinak izan ditu, eta lan ezberdinak izan dira. Konplexuena, agian, askotariko jendea lortzea izan da. Sektore batzuetan errazagoa da; sentsibilitate askotako jendea hurbiltzea, edo urrunago sentitzen den jendea erakartzea, ordea, zailagoa izan da. Egia da pixkanaka gero eta gehiago ari direla gerturatzen, baina horretarako lan handia egin da, eta lan gehiago egin beharko dugu.

Maiatzean galdeketa gehiago egingo dira, eta ia Gipuzkoa osoan jada egina egongo da…

Bai, baina oraindik, besteak beste, Donostia faltako da, eta hiriburuetakoa inportantea da. Bestetik, hau ez da Gipuzkoara bakarrik mugatzen. 2019ra arteko bide orria dago egina, eta asko dago oraindik egiteko. Guretzat, adibidez, Goizueta erreferentziazko herri bat da, eta Goizuetarekin batera Nafarroako beste herri batzuek ere egingo dute. Orain arte egindako galdeketek balio behar dute lurralde osoan uhin bat sortzeko, eta hori gertatzen ari da. Baina oraindik falta dira hiriburuak, Iparraldea ere bai… Eta espero dugu etorkizunean kontsulta orokor bat egin ahal izatea, lurralde osoan.

Gero eta gehiago zabaldu kontsulta, gero eta indar handiagoa…

Bai. Gero eta parte hartze handiagoa izan, zenbat eta herri gehiagotan galdeketak egin, zilegitasuna handiagoa da. Erabakitzeko eskubidea pertsonari dagokion eskubidea da, baina, zenbat eta gehiago izan aldarrikapen honetan gaudenak, mugimenduari zilegitasun handiagoa ematen dio. Eta zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, instituzioek eta talde politikoek zailagoa dute ez ikusiarena egitera, behartuago daude gu aintzat hartzera.

Hernanin eta Astigarragan “Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabe eta independentea izatea?” galdetuko duzue. Nola iritsi zineten galdera horretara?

Lehenengo bi kontzeptuak, Euskal Herria eta Errepublika, aho batez onartu ziren, eta beste bietarako taldeak akordio bat egin zuen. Bozkatu ez, baina eztabaidatu eta akordioa egin genuen. Azaroan ekin zitzaion prozesuari. Lau batzar egin genituen galdera ixteko: terminologia landu; galderan sar zitezkeen kontzeptuak argitu eta landu; Euskal Herriko beste tokietan, Eskozian eta Katalunian eginiko galderak aztertu… Galdera eratzea ariketa interesgarria izan zen: kontzeptuak ezagutzea, eztabaidatzea, irizpideak adostea… Askotan, ematen du gauza bera ari garela galdetzen, baina ñabardura horiek badute pisua.

Galdeketari begira, sinadura bilketak izan duen arrakasta izan liteke neurgailu bat. Nola joan zen Hernanin?

Gu oso pozik gaude. Hernanin, legez, 1.700 behar genituen, baina hasieratik gure helburua zen ahalik eta sinadura gehien biltzea. 3.617 sinadura lortu genituen, bikoitza baino gehiago. Sinadura bilketa horrek, neurgailu gisa baino gehiago, jendearekin hitz egin ahal izateko balio izan zuela uste dut, eta horretarako baliatu genuen guk. Kalean zaude, jendeak ikusi egiten zaitu, ahoz aho zabalduz joaten da gaia… Askotan, hori eraginkorragoa da, beste edozein ahalegin baino.

Eta herri kontsulten fasea amaitzen denean, zer?

Guk orain galdeketaren mugarri hau daukagu aurre-aurrean, eta momentu honetan gure ortzimuga horrek zehazten du. Baina prozesu hau herri galdeketa hauek baino askoz gehiago da, eta hau pasatzen denean ere jarraitu egingo dugu, eta hor ere aukera izango dugu jende gehiagorekin hizketan jarraitzeko, sentsibilitate eta jatorri ezberdinengana iristeko, ideologikoki diferenteak diren horien inplikazioa eta parte hartzea bilatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.