Paperezko bidaia ameslariak

Paperezko bidaia ameslariak

Olatz Mitxelena

Liburuak sobran dauden lekuetatik hartu, eta behar diren tokietara eraman. Horixe Paperezko Ametsak elkartasun proiektuaren funtsa. Oiartzunen sortu zen egitasmoa, iaz, Xabier Salaberria irakasleak bultzatuta, eta Oiartzungo Abaraxka ludotekaren laguntzaz.

Salaberriak berak azaldu duenez, proiektuaren bidez beste bizitza bat eman nahi diete liburu zaharrei, baina baita irakurle berriei ere: “Herriko literaturazale batzuen harrikada bat bezala ere hartu daiteke. Mina ematen digu jendeak liburuak zakarrontzian nola uzten dituen ikusteak, jakinik leku askotan sekula ez dutela liburu bat ezagutu”.

Lehen helmuga, Argentina

Proiektua Oiartzunen gorpuztu den arren, lehen ideia hemendik urruti sortu zen, Argentinan. “Duela bi urte inguru ezagutu nuen Aparzo herria, erdi kasualitatez, ezagun batzuekin hango eskolara joan nintzenean”, gogoratu du irakasle oiartzuarrak.

Arropa eta jostailu batzuk eramatera joan ziren orduko hartan Aparzora, eta, zuzendaria eskola erakusten ari zitzaiela, Salaberriak gogoan iltzatuta geratu zitzaion baieztapena entzun zion eskolako arduradunari: “Bazuten liburutegia izateko espazio txukun samar bat, baina liburutegia atontzeko dirurik ez”.

Hurrengo egunak “esaldi hari bueltaka” eman zituela gogoan du Salaberriak, eta handik joan aurretik liburutegia antolatzeko dirua bildu zutela kontatu du: “Diruarekin apalak jarri zituztela jakinarazi ziguten handik urte betera”.

Hortik aurrera, atsedenik ez. Liburutegiko apalak liburuz hornitzea izan da Salaberriaren eta Paperezko Ametsak proiektuaren inguruan lanean aritu direnen obsesioa. Eta baita lortu ere. Oiartzundik bidalitako 450 liburu Aparzo herriko eskolako liburutegira iritsi berri dira.

Herri menditsua

“Harrituta” hartu zituzten liburuak hasieran hango haurrek; “lotsatuta bezala, baina emozio handiz”, Salaberriak kontatu duenez.”Pentsa: telebista eta ordenagailurik ez duten herri batean ipuin edo liburu bat oparitzea haur oiartzuar bati Play Stationa oparitzearen parekoa da”, ohartarazi du. Hasierako harridura gaindituta, ordea, “segituan irakurtzen” hasi zirela kontatu du Salaberriak, “elkarri ipuinak erakusten, marrazkiekin gozatzen, eta amesten”.

Herri oso txikia da Aparzo, Salaberriak zehaztu duenez. “Etxeak oso sakabanatuta dauzka, 4.000 metrotik gora dago, eta gertuen duen hiritik bi ordura, ia-ia inkomunikatuta”. Argentinako muga politikoen barruan dagoen arren, kulturalki eta fisikoki Boliviako herrialdeen antzekoa dela nabarmendu du Salaberriak.

Garraio publikorik, osasun zentrorik eta bestelako zerbitzu publikorik ez duen eremu batean egonik, eskolek “txukun” egiten dutela lana iritzi dio Salaberriak, baina baita “nekez” ere. Bereziki, materiala falta dute.

Oiartzunen “poza”

Aparzoko eskolan bezala, Oiartzunen ere “ilusio handiz” jaso dute liburuak hara iritsi izanaren albistea, Abaraxka ludotekako arduradun Nekane Martiarenak azaldu duenez. Pinak egin eta saldu, gurasoak inplikatu, haiek egindako bizkotxoak saldu… Lan handia egin dute Oiartzunen liburuak hara bidaltzeko dirua lortzen, eta “berebiziko poza eta ilusioa sentitu dute hango argazkiak ikusi dituztenean”.

Paperezko Ametsen indarrak kutsatuta, asko dira Oiartzunen proiekturi bultzada eman diotenak. Ludotekako haurrak, Salaberriaren ikasle ohiak, haien gurasoak… eta sorreran ezarritako bi helburuak bete dituzte jada —Saharara ere bidali dituzte liburuak, Oiartzungo El Watan elkartearen bitartez—. Hala ere, egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute. “Guk ez dugu gelditu nahi. Jendeak oraindik liburuak ekartzen dizkigu. Oiartzungo liburutegiko arduradunak ere oso-oso pozik daude, beraien liburu batzuk gu jasotzen eta banatzen ari garelako. Ideia da proiektu honekin jarraitzea”, iragarri du Martiarenak.

Eta asmoa berretsi du Salaberriak, Argentinatik: “Jendeak ematen dizkigun liburuak munduan barrena banatzen jarraituko dugu, hori seguru. Sobran dauden lekuetatik, behar diren lekuetara. Eta hortik aurrera, dena pentsatzeko, erabakitzeko”. Bidea nola egin, ordea, herritarrek erabaki behar dute: “Elkartasunera muga gaitezke edo literaturzaletasunetik tira, Oiartzunen bertan ere Paperezko Amets gehiago izan ditzagun”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.