“Xakeak %25 hobetzen ditu ikasleen emaitzak”

“Xakeak %25 hobetzen ditu ikasleen emaitzak”

Asier Zaldua

Miguel Angel Muela (Renedo, Kantabria, Espainia, 1949) Bergarara etorri zen bizitzera gaztetan, Otsein enpresan lana aurkitu zuelako. Lehenengo xake taldeen sorrera bultzatu zuen, eta, ondoren, Gipuzkoako Xake Federakuntza sortu zuen. 1980ko hamarkada erdialdean, berriz, Euskal Xake Federakuntza sortu zuen, eta, hasieratik, bera da presidentea. Federazioak Euskal Herriko zazpi herrialdeak hartzen ditu, eta “oso harro” dago horretaz. Egun, xakea hezkuntza sisteman txertatzea da bere helburu nagusia.

Nolatan halako xake zaletasuna?

Mutikoa nintzenean, institutuan, xakean jokatzen genuen, irakasle bati xakea gustatzen zitzaiolako. Hala zaletu nintzen.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

Gaztetan. Bakarrik etorri nintzen. Ingeniaritza ikasi nuen, eta Otsein enpresan lana aurkitu nuen. Lanpostu ona zen. Asko bidaiatzeko eta toki asko ezagutzeko aukera izan nuen. 40 urte eman nituen Otsein enpresan, erretiroa hartu nuen arte.

Otsein enpresa Bergaran zegoen. Han jarri al zinen bizitzen?

Bai. Xakea gogoko dudanez, herriko zaleekin harremanetan jarri nintzen. Batzuek kafetegietan jokatzen zuten, beste batzuek Bergara kirol elkartean… Ni Ariznoa kafetegian jokatzen zutenekin elkartu nintzen: Pedro Unamuno, Martinez… Hala, 1970eko hamarkadan, Bergara xake taldea sortu genuen. Klubeko presidente izan nintzen, eta Bergarako lehen nazioarteko xake txapelketa antolatu nuen. Ibar osoan xake taldeen sorrera bultzatu nuen: Arrasaten, Soraluzen… Xakea gustuko zuten lagunak harremanetan jartzen nituen. Gainera, eskoletara joaten ginen haurrei eta gazteei xakea irakastera.

Horretaz gain, Gipuzkoako Xake Federakuntza ere sortu zenuten.

Garai hartan ez zegoen Gipuzkoako federaziorik; dena Madrilen esku zegoen. Xakea militarren eta jauntxoen esku zegoen, eta herriaren eskuetara pasatu zen, herrietan sortu genituen klubei esker. Herrietako mugimendua gidatu nuen. Helburua zen Madrilen menpe egongo ez zen federazio bat sortzea; federazio demokratiko bat. Gipuzkoako federazioarekin, Gipuzkoako liga eta Donostiako txapelketa antolatu genituen, eta Euskal Xake Federakuntza sortu ahal izan genuen. Gipuzkoako federazioa 1975ean sortu genuen, eta Euskal Xake Federakuntza, 1987an. Gipuzkoakoaren lehendakaria izan nintzen Euskal Xake Federakuntza sortu arte, eta, ordutik, federazio horretako presidentea naiz.

Zein izan da zuen ekarpen nagusia?

Euskal Herri mailan lan egiten dugu. Hala, nafarrek eta Iparraldekoek gure ligan jokatzen dute. Iparraldekoekin harreman estua dugu. Horrek meritu handia du, eta gainontzeko federazioentzat eredugarriak gara. Hiltzen naizenean, hori nirekin eramango dut: Euskal Xake Federakuntzak Euskal Herri osoa ordezkatzen du. Ni Kantabrian jaio nintzen. Ezin dugu gure jaiotokia aukeratu, baina bai non bizi eta norekin bizi nahi dugun. Nire seme-alabak ikastolara joan ziren, egokiena hori zela sentitzen nuelako.

Zazpi herrialdeak batzeaz gain, zer gehiago egin duzue?

Gaur egun, xake zaletasuna duela 40 urte baino askoz ere handiagoa da. Horretarako, federazioek hitzaldiak, ikastaroak, txapelketak eta abar antolatu dituzte. Xakea kirol bat da; kirol intelektual bat. Xakean jokatzeko ere sasoian egon behar da. Realean, Alavesen, Osasunan… xake jokalariak daude. Bestalde, gure kirola oso ona da alzheimerraren aurka borrokatzeko. Hori dela eta, erretiratuen etxeetan xake ikastaroak ematen ditugu. Kontuan izan behar da xakeak garuneko bi hemisferioak elkarrekin lanean jartzen dituela. Horrek garuna berraktibatzen du. Alzheimerra egonkortzen laguntzen du. Hori frogatua dago, eta zoragarria da.

Gazteentzat ere onuragarria al da?

Bai, noski. Xakean jokatuz gero, ikasleen emaitzak %25 hobetzen dira. Hori dela eta, Europako Batasunak xakea hezkuntza sisteman txertatzeko eskatu du. Alderdi guztiak bat azaldu dira. Hori ez da batere ohikoa, eta xakeak lortu du. Hemen ere poliki-poliki hezkuntza sisteman txertatzen ari dira, baina asko ari da kostatzen. Lehendakariarekin egon nintzen, eta nire eskaera kontuan izango zuela esan zuen.

Xakea zure bizitzeko ardatzetako bat da. Zer dela-eta eman diozu halako garrantzia? Zer eman dizu zuri?

Xakea joko garbia da. Hemen ez dago ostikorik. Inoiz jokatu al duzu? Ez? Oraindik ez da berandu… Xakeak futbolak baino federazio gehiago ditu mundu osoan. Egun, emakumezko onena txinatarra da. Zergatik? Xakea oso onuragarria dela ikusi dutelako eta gogor lan egiten ari direlako. Gizonezkoen artean, egungo txapelduna norvegiarra da. Aurrekoa indiarra zen, lehenago sobietarrak izan ziren, Britainia Handiak bere txapelduna izan zuen, Ameriketako Estatu Batuek ere izan zuten… Horrek guztiak esan nahi du xakeari duen balioa ematen zaiola ia mundu osoan.

Urretxuko Eire-Bankoa txapelketako finala jokatuko da igandean. Zer diozu antolatzaileek egiten duten lanaz?

Lan itzela egiten dute xakearen alde, eta, ahal dudan heinean, laguntzen saiatzen naiz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.