“Ikusgarriak dira akrobaziak, baina dantza ez da zirkua”

“Ikusgarriak dira akrobaziak, baina dantza ez da zirkua”

Olaia Iraola

Hogei urte daramatza Jose Mari Orbegozok (Azpeitia, 1964) eta Amaia Gonzalezek (Lasarte-Oria, 1976) osatutako bikoteak oholtzatik oholtzara dantzan. Urte horietan guztietan sari ugari irabazi dituzte. Azkenak Torremolinosen (Malaga, Espainia) lortu zituzten, martxoaren hasieran jokatu zen MueBT dantza txapelketan. Bachata, merengue, saltsa, txa-txa-txa, bals, tango eta pasodoble modalitateetan lehiatu ziren, eta Espainiako eta mundu mailako sariak eskuratu zituzten. Azaldu dutenez, “senar-emazteak” bezala dira, eta behar duten “guztia” ematen die dantzak.

Sei sarirekin itzuli zarete Torremolinostik. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

JOSE MARI ORBEGOZO: Ez genuen espero. Sei eguneko txapelketa izan zen, eta astelehenean ez ginen ondo hasi; izan ere, laugarren gelditu ginen tango modalitatean. Bost egun zeuden aurretik. Asteartean, hirugarren gelditu ginen txa-txa-txarekin, eta asteazkenean bigarren Espainiako konbinatuan [pasodoble, tango eta bals]. Ostegunean, lehenengo bi sari irabazi genituen; ostiralean, lehenengo bat, eta, larunbatean, bigarrengo bat.

AMAIA GONZALEZ: Oso gustura gaude, eta, Jose Marik esan bezala, ez genuen espero sari horiek guztiak irabaztea. Iaz ezin izan genuen parte hartu, lesio bat bainuen. Beraz, aurten segurtasun falta neukan. Gainera, konpetentzia urtetik urtera handiagoa da, eta gero eta zailagoa da irabaztea.

Txapelketan lehenago ere parte hartuta zeundeten, ezta?

J.M.O.: Bai, urte hauetan guztietan ia urtero parte hartu dugu, baina aurten bezainbeste sari ez dugu inoiz jaso.

A.G.: Urte batean edo bestean ez dugu parte hartu. Izan ere, daramatzagun hogei urteetan ama izan naiz.

Nola prestatu zarete txapelketarako?

J.M.O.: Astero-astero hiru edo lau aldiz entseatzen dugu, 09:00etatik 13:00era.

A.G.: Gaixo egon naiz denboraldi batean, eta ez dugu nahi adina entseatu. Entseatu dugun egunetan, ordea, serio eta gogoz egin dugu.

Dantzan hasten zaretenera arte ez duzue jakiten zer abesti jarriko dizueten.

J.M.O.: Dantza mota jakiten dugu, baina abestia ez. Ez dakigu noiz bukatuko den, baina badakigu gutxi gorabehera minutu eta erdi iraungo duela. Iraupen horretako koreografia bat prestatzen dugu. Minutu eta erdia gerturatzen ari den heinean, bikotea gertu edukitzea da gakoa, amaierak sorpresan ez harrapatzeko.

A.G.: Badaude minutu eta 40 irauten duten dantzak; beraz, batzuetan amaiera inprobisatu beharra izaten dugu. Horrez gain, dantzan hasten garenean kantua ez da hasieratik hasten; hasita dagoen abestia izaten da. Gakoa da musika adi entzun eta hasi beharreko unean hastea, eta ez kantua martxan jarri eta segituan.

Zuen ustez, epaimahaiak zer hartu du aintzat zuei puntuak emateko garaian?

A.G.: Gure dantzatzeko modua oso tradizionala da. Gaur egun, modan daude akrobaziak, eta ikusgarriak dira, baina dantzak ezin du zirku itxura hartu; dantza ez da zirkua. Guk akrobaziak egiten ditugu, baina neurrian. Adibidez, bachata guretzat bachata da, eta ez dugu bere esentzia aldatzen. Dantza estilo bakoitzaren tradizioa errespetatu egiten dugu.

J.M.O.: Dantzatzeko modua, dotorezia, gaitasunak… erakutsi behar dira koreografiaren minutu eta erdian; guk hala egiten dugu.

Hogei urteotan sari gehiago ere irabazi dituzue. Zenbat diren erantzuten jakingo al zenukete?

J.M.O.: Torremolinosen izan garen urteetan, batean izan ezik beste guztietan irabazi dugu zerbait; Kantabriako [Espainia] txapelketa pare bat aldiz irabazi dugu, Madrilen Tele5ko itsas bidaia baten programa bat ere bai…

A.G.: Guztira, 50 sari baino gehiago irabazi ditugu. Lehen saria Euskal Autonomia Erkidegoko txapelketa batean irabazi genuen, 1997an, Hernaniko Young Play diskotekan. Han irabazi eta Euskal Herriko ordezkari moduan Europara joateko esan ziguten. Halaxe egin genuen, eta Europako txapeldunak izatea lortu genuen.

Zer ematen dizue dantzak?

J.M.O.: Behar dudan guztia ematen dit dantzak, eta gehien gustatzen zaidana bikotekidearekin daukadan harremana da. Senar-emazteak bezala gara, oholtza gainean zein behean: astea batera pasatzen dugu, batera egiten dugu negar, batera egiten dugu barre… Ez dut ezagutzen horrenbeste urte iraun duen dantzako bikoterik.

A.G.: Ikasleek eta familiek ikaragarrizko babesa ematen digute. Txorakeria ematen du, baina asko laguntzen didate. “Aupa Amaia, hoberenak zarete!” moduko iruzkinek emozionatu egiten naute.

Elkarrengandik zer da gehien gustatzen zaizuena?

J.M.O.: Guztia. Amaiaren begiradarekin badakit berak zer esan nahi didan. Dantzan nahastu egiten bagara, begirada batekin azkar jakiten dugu arazoa nola konpondu. Konplizitate handia daukagu elkarren artean.

A.G.: Jose Mariri oholtzara igotzean dakiena erakustea gustatzen zaio. Ez dio beldurrik oholtzari, eta gustuko dut hori. Pertsona urduria da, baina hazi egiten da bai jendearekin bai eta haien txaloekin ere. Konfiantza du bere buruarengan, eta garrantzitsua da hori.

“Senar-emazteen” harremana hogei urteetan hain ondo mantentzeko, zein da gakoa?

J.M.O.: Pazientzia. Eta, esaera zaharrak dioen moduan, “gaur zugatik eta bihar nigatik”.

A.G.: Jose Marik ondo dioen moduan, pazientzia handia behar da. Horrez gain, daukagun esperientzia ere oso garrantzitsua da. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta, lankideak izateaz gain, lagunak ere bagara. Ondo ulertzen dugu elkar, eta oholtzan zein eguneroko bizitzan oso ondo moldatzen gara. Elkarri begiratu eta badakigu zer nahi dugun. Bera ni baino pertsona urduriagoa da, eta, berari begiratuta, badakit noiz dagoen urduri eta noiz ez.

Zein txapelketa daukazue orain buruan?

A.G.: Torremolinosko MueBT txapelketako hainbat modalitatetan ezingo dugu parte hartu, aurten horietan lehen saria irabazi baitugu. Datorren urtean aurten irabazi ez ditugun sariak irabaztea izango da gure helburua.

J.M.O.: Bigarren eta hirugarren sariak irabazi ditugu bals, tango, konbinatuan eta txa-txa-txa modalitateetan. Irabazleek puntu gutxigatik irabazi digute. Amorru handia eman digu horrek, eta datorren urtean txapelketa hori irabaztea da gure nahia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.