Zauria estali, ez; ez egin

Zauria estali, ez; ez egin

Unai Zubeldia

Erronka berbera daukagu Perun eta Euskal Herrian: genero indarkeriari aurre egiteko esku hartzea. Gazteak eta nerabeak oinarri hartuta, prebentzio lanean sakondu beharra daukagu”. Pilar Puentek (Lima, 1963), Manuela Ramos Peruko mugimendu feministako ordezkariak, onartu du genero indarkeriari dagokionez euren herrialdean eta Euskal Herrian estatistikak “erabat bestelakoak” direla. “Perun hamar emakumetik zazpik indarkeria jasan izan dute noizbait, eta hamar salaketatik zortzik haur eta nerabeei eragiten die. Perun drama handiagoa da Euskal Herrian baino, baina arazoa, oinarrian, berbera da; globala da”.

Gipuzkoako Medicus Mundi eta Manuela Ramos mugimendua elkarlanean direla —Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin—, indarkeria matxistaren prebentziorako proiektu bat gauzatzen ari dira, aldi berean, Perun eta Gipuzkoan. Eta, hain zuzen ere, bi lan esparruen errealitateak trukatzeko aste honetan Donostian dira Puente bera, Elga Prado (Ayacucho, Peru, 1971) eta Rocio Villavicencio (Pasco, Peru, 1976). Joan den igandean iritsi ziren Gipuzkoako hiriburura, eta gaur egingo dute etxerako buelta, goizean hitzaldia eman ondoren.

“Desikasi egin behar dugu, berriz ere ikasten hasteko”. Puenteren hitzetan, eraso jakin bati erantzutean “kasu bakarrarekin” lan egiten da genero indarkeriaren alorrean. “Baina, prebentzioa landuz gero, milaka lagunentzat lan egiten da. Gerta litekeenaren balizko arrazoiei aurre hartzea da gakoa, pauso bat aurretik ibiltzea”. Villavicenciok gaineratu du beste arazo bati ere aurre egin beharrean izaten direla, gaur egun, Perun. “Genero ikuspegia eskolako curriculumetik eta neurri politikoetatik kendu nahian ari da ebanjelioari lotuta dagoen talde bat”. Herrialdean “ikuspegi katoliko-kontserbadorea” daukatela argitu dute hirurek. “Elizak indar handia dauka han, eta oso tantaka ematen dira pausoak genero ikuspegiaren alorrean. Baina, belaunaldiz belaunaldi, gero eta agintari demokratikoagoak edukitzea espero dugu”.

Mugarik gabeko kontrola

Manuela Ramos mugimenduko kideak Internet euskarriaren bidez neska-mutikoen artean indarkeria matxistak daukan eragina aztertzen ari dira azken hilabeteotan: “ziber-indarkeria”. Pradok azaldu du Peruko neska-mutikoen %87 daudela eskolatuta. “Eta, oraindik ere, haur horien gurasoengandik oso urrun dago Internet euskarria. Ikasketarik gabeak dira gurasoetako asko eta asko, eta, ondorioz, teknologia berrien bidez erasotzeko errazak dira neska-mutiko horiek”. Are gehiago, etxean konexiorik ez daukatenez, Interneterako sarbidea “gune publikoetan” egiten dutelako. “Kasu horietan, sareak ematen dizkien baliabideak aprobetxatuta, bortxatzaileek eurenganatzeko arriskuan egoten dira gazteak”.

Adibide praktiko bati heldu dio Puentek. “Neskato askorentzat maitasun keinua da bikotekideari pasahitza ematea Facebook, Instagram edo dena delako euskarrian zer gertatzen ari den jakin dezan”. Perun “errealitate gordina” hori dela azaldu du. “Baina, neurriak neurri, Euskal Herrian ere antzeko zerbait gertatzen ari dela uste dut”.

Sarritan, ia oharkabean igarotzen dira kontu horiek, baina argi hitz egin du Pradok: “Neska-mutikoak afektibitate harremanak sortzen hasten direnean garatzen da indarkeria, eta errotik moztu behar da hori. Une horretan neurriak hartu ezean, gerora oso zaila izaten da atzera egitea”. Pradoren hitzetan, teknologia berrien globalizazioak arazoa “larriagotu” egin du sarritan.

Egoeraren krudeltasunaz jabetzeko, hitzez azaldu ditu Villavicenciok Peruko argazki beldurgarrietako bi. “Orain gutxi, bortxatu eta hil egin zuten 15 urteko neskato bat; eta, duela bi urte, unibertsitateko ikasle bati, lan bat egiten ari zirela, ikaskideek lasaigarri bat bota zioten jogurtean, eta bortxatu egin zuten ondoren”. Manuela Ramos mugimenduko kidearen hitzetan, “gero eta agerikoagoak” ari dira izaten “kasu beldurgarri horiek”, eta gizartea asaldatzen hasita dago. “Europan indarkeria kasuak ez dira hainbeste ziurrenik, baina elkarlanean jarraitu behar dugu arazoari aurre egiteko”.

Salaketak ugaritzea, izatez, seinale txarregia ere ez dela uste du Pradok. “Pausoa ematera gero eta emakume gehiago ausartzen direla esan nahi baitu horrek. Pertsona guztien askatasunaren alde lanean eta borrokan ari gara azken urteotan”. Eta lanketa horri tiraka lortu dute indarkeria tratu txar fisikoari soilik ez lotzea. “Perun indarkeria ekonomikoa ere badaukagu”. Ondokoarekiko mendekotasuna. “Bikotekideak eskatzen duen guztiari men egin behar izaten diote emakume askok, etengabeko ugalketa tartean”. Pradok datu argigarri batekin osatu du errealitatea. “19 urteko gazte askok hiru seme-alaba dauzkate Perun. Zein bizi itxaropen izan dezakete emakume horiek, sarritan tratu txar psikologikoa tartean dela?”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.