Zoro batzuen ideia zoragarria

Zoro batzuen ideia zoragarria

Eider Goenaga Lizaso

Otxandiotik abiatuko da 20. Korrika, martxoaren 30ean, eta lehen kilometrotik egingo zaie omenaldia euskararen aldeko lasterketaren sortzaileei. Joseba Kanpo zenaren senideak izango dira lekukoa eramaten lehenak, eta eurekin joatera gonbidatu dute Urtsa Errazti (Laudio, Araba, 1954). “Korrikan lekukoa eramateak beti sortu dit emozio berezi bat, eta Otxandiokoan, ziur, malkoren bat edo bi aterako direla”. Korrika sortu zuen taldean kide izan ziren Kanpo eta Errazti, eta AEK utzi ondoren ere elkarrekin jarraitu zuten Korrika urte luzetan. “Elkarrekin erosten genuen kilometro bat, beti gauez, Bardean edo Erribera inguruan, eta familiarekin joaten ginen”.

Omenaldia, baina, ez zaio soilik Kanpori egingo, Korrikaren sortzaile guztiei baizik. “Omendua izatea beti da gustukoa, eta kontrakoa esaten duena gezurretan ari da”, dio Erraztik. Bi horiekin batera, izen gehiago ere badira sortzaileen artean: Enrique Ibabe, Bittor Allende, Julen Kaltzada, Alvaro Gurrea, Lurdes Mendinueta, Josepe Zuazo…

Erraztik dioenez, elkarrizketa asko egiten ari zaizkio Korrikaren harira, eta horrek lehenengo ekitaldi hari buruzko gogoeta egitera eraman du. “Kanpaina bat prestatzeko enkargua eman ziguten, eta hilabete pila bat eman genuen ideia bat sortu arte. Garai hartako kanpaina guztien ardatza zen Euskal Herritik leku batean kontzentratzera eramatea jendea —Kilometroak, Ibilaldia eta abar—, eta gure ideia justu kontrakoa egitea zen, kanpaina bera toki guztietara eramatea”. Errelebotako lasterketa egitea bururatu zitzaien; hainbat egunez, gau eta egun gelditu gabe, Euskal Herria osorik zeharkatuko zuen lasterketa bat. Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zen lehen Korrika, eta 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra Euskal Herri osoa zeharkatu zuen. “Ideia azaldu genuenean, batzuek zorotzat hartu gintuzten”.

Prestakuntza

Erraztik aitortu du “beldur pixka bat” sentitu zutela lehen Korrika hura abiatu aurretik, “eta bigarrenean ere bazen oraindik beldur hori”. Gauza asko lotu eta prestatu behar zirela, eta ez zela batere lan erraza “Internetik eta sakelako telefonorik gabeko garai hartan”. Ibilbidea diseinatu, distantziak neurtu, kilometro bakoitza zenbat minutuan egin zitekeen kalkulatu, lekukoa hartuko zuen jendea lotu…

Ibilbidea Bilbon bukatuko zela argi zuten. “Azken eguneko jaiak garrantzi ekonomiko handia zuen, eta behar genuen toki bat jende asko sartuko zena. Estalitako lekuetan egiten zen, eta Bilboko Erakustazokan egin genuen”. Amaiera aukeratuta, atzekoz aurrera diseinatu zuten ibilbidea, Oñatira heldu arte. 1.500 kilometro inguruko ibilbidea izan zen.

“Korrika inoiz ez gelditzea, eta lekukoa inoiz autoan ez sartzea”. Horiexek ziren erronka nagusietako bi. “Ez zen gertatu, zorionez. Beti egon zen norbait lekukoa hartzeko. Nik dakidala, lekukoa ez da inoiz autoz eraman; ni arduradun izan nintzen bost ekitaldietan ez behintzat, eta gero ere ez”. Toki askotan lekukoa eramateko jendea lortzea erraza zela bazekiten. “Erriberan eta Zuberoan, ordea, ziurtatu egin behar genuen norbait egongo zela. Kilometro garrantzitsuak ziren guretzat, eta, hutsunerik izan ez zedin, antolakuntzako eta AEK-ko jendea joan zen, Gipuzkoatik eta Bizkaitik, hango kilometroak egitera”.

Indartsu

Zalantza, arazo, kezka eta buruhauste ugariren artean, lekukoa Elgetara igotzen ikusi zuenean konturatu omen zen Errazti Korrikak arrakasta izango zuela. “Elurra ari zuen, lehen kilometroak ziren, eta ni Elgetako gainean jarri nintzen Oñatitik gora Korrika nola iristen zen ikusteko. Hantxe agertu zen harri-jasotzaile bat, harri-jasotzaile jantziarekin, mahuka motzetan, harri borobila sorbaldan hartuta eta beste eskuan lekukoa zeramala. Orduantxe konbentzitu nintzen Korrikaren indarraz, hogei egingo zirela eta gehiago ere bai”.

Dena den, Erraztik dioenez, bere ametsa, eta AEKrena ere bai, Korrika ospakizun hutsa izatea litzateke. “Nahiko genuke Korrika jai bat izatea, ez aldarrikapen bat, ez diru bilketa egiteko kanpaina bat. Baina uste dut oraindik urte batzuetan Korrikak jarraitu beharko duela modu berean”.

Argazkiak errebelatu eta hedabideetako erredakzioetara autoz eramaten zituen Komando Suizida deiturikoa, Korrikako lekukoa hartzeak sortzen duen emozioa, Korrika non zegoen eta nola zetorren jakiteko Gurutze Gorriko anbulantziaren irratitik jasotzen zuten informazioa… Oroitzapenak pilatu egiten zaizkio Erraztiri. Baita Aurea Sarasola Amara Berriko euskaltegiko AEK-ko irakasleari ere. “Irratiarekin antolatzaileak ibiliko ziren, baina guk, AEK-ko irakasle soilek, halakorik ez genuen, eta ez genuen jakiten Korrika noiz iritsiko zen”.

Bigarren Korrikako pasadizo bat kontatu du Sarasolak. “Donostian amaitu zen, eta irakasleoi esan zitzaigun lau lagun eta bizikleta bat lortzeko eta halako tokitan jartzeko. Eta bizikleta zertarako zen? Bada, sakelakorik ez genuenez eta Korrika beti atzerapenez ibiltzen zenez, aurreko kilometroetara joan eta galdetzeko; baita materiala falta bazen ekartzeko ere…”. Lehenengo Korrikan Sarasola oraindik ez zegoen AEKn, “kanpotik” bizi izan zuela dio, baina gogoan du aitak itsasgarri bat eraman zuela etxera, 0 kilometroa jartzen zuena. “Hori ematen zitzaion dirua jartzen zuenari”.

Bigarren Korrikan, Donostian zebilen Sarasola irakasle, eta hurrengoetan, Arrasaten. “Garai hartan, nik uste dut denak ginela pixka bat anarkikoagoak, eta Korrika bera ere bai. Bi eta hiru orduko atzerapenez etortzea ez zen arraroa, eta gertatzen zen, agian, auzo batetik pasatzea pentsatua ez egotea eta jendeak autoa desbideratu, lekukoa hartu eta handik pasaraztea. To, beste ordu erdiko atzerapena!”. Gaur egun gauza guztiak hobeto lotuta eta kontrolatuta daudela uste du Sarasolak. “Korrikak ez du bost minutu baino gehiagoko atzerapena izaten, eta, nonbait atzeratzen bada, berehala errekuperatzen da”.

Hasierako Korrika haiek, Sarasolarentzat, “erromantikoagoak, espontaneoagoak ziren, agian xarma gehiago zuten”; oraingoak, aldiz, “antolatuagoak” direla dio. “Baina, orain, jende gehiagorengana iristen dela uste dut”.

Amara Berriko euskaltegian aritzen da Koldo Alduntzin ere. Eta, Sarasola bezala, AEK-ko irakasle sartu berria zen lehenengo Korrika haietan. Hasi berriak ziren orduan, AEK-ko beteranoak orain. Memoria Sarasolak baino motzagoa duela aitortu du, ordea, Alduntzinek. “Bai, ibiltzen ginela kartelak jartzen, dendaz denda dirua biltzen… Baina ez dakit lehenengoan, bigarrenean edo bosgarrenean zen”. Hori bai, euskalgintzan eta euskararen inguruan lan egiten zuen jende guztia inplikatzen zela oroitzen du. “Egian, behintzat, hala izaten zen”.

Korrikaren antolaketa, irakasleentzat, lehen baino errazagoa dela uste du Alduntzinek. “Gaur egun dena antolatuago dago, liberatu gehiago daude; lehen, koordinatzaile, arduradun eta irakasleek egiten genuen lan hori. Baina errazagoa zen laguntzeko jendea bilatzea, bai euskaltegian, bai kanpoan. Orain, eta Donostiako kasuaz ari naiz, herri txikiagoetan ezberdina izango da agian, ikasleek ez dute garai bateko inplikazio bera; AEK akademia bat da askorentzat”.

Korrika urtea, irakasleentzat, “lan gehixeagoko urtea” izaten dela dio Sarasolak. “Korrika tokatzen denean, bi sentimendu pizten zaizkigu. Batetik, ‘ufa!’, Korrika, lana; bestetik, ilusioa, emozioa. Nik Donostian gutxitan egin dut korrika, lan egitea egokitzen zaigulako, baina azken kilometroetara joateko ohitura badut, eta han, Korrika iristen denean, hotzikara ematen du, hunkigarria da. Beraz, bi sentimendu dira: lana bai, baina ilusioa ere bai”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.