Antzokitik barrena iristen da plazara

Antzokitik barrena iristen da plazara

Unai Zubeldia

“Elkarteetan eta formatu txikietan jokatu dituzte orain arteko kanporaketa guztiak”. Bertso-afarien jiran. Eta Azpeitiko Soreasun izango da finala, “antzoki handi batean, 400 bat entzule parean direla”. Zailtzea baino plaza hoberik ez dagoelako behetik gorako bidean. Ikasketa hori barru-barrutik bizi izandakoa da Eneritz Artetxe Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren koordinatzailea (Azkoitia, 1990), eta, txapelketari azken ostikoa falta zaiola, pozik dago bertsolarien erantzunarekin. “Gipuzkoako bertso eskoletako gazteek maila ona daukatela ikusi dugu”.

Txapela eta garaikurrak banatzea ez, “bertso eskoletako gazteei plazarako bidea irekitzea” da eskolartekoaren helburua. Hori bai, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak “lekuan lekuko bertso eskolekin harremanak sustatzeko” ere baliatzen du txapelketa. “Duela bost urte astindua eman genion egiturari”. Eta orduan hasi ziren txapelketaren egungo sistemarekin. “14-18 urte arteko 33 gaztek hartu dute parte aurten; iaz baino bik gehiagok”, zehaztu du Artetxek. Otsailaren 17an hasi zen errimen lehia. Eta bost kanporaketa egin dituzte denera: Legazpin, Lasarte-Orian, Oñatin, Altzon eta Orion.

Andoni Mujika (Hernani, 1999) hirugarrenez ariko da final handian —hura da iazko txapelduna—; Urko Arregi (Oñati, 1999), Libe Goenaga (Getaria, 1999) eta Itziar Mendia (Beasain, 2000) bigarrenez iritsi dira finalera; eta zortzi onenen artean estreinakoa izango dute beste lau bertsolarik: Oihana Aranak (Eskoriatza, 2001), Jokin Irastorzak (Oiartzun, 1999), Ane Belokik (Legazpi, 1999) eta Iker Ormazabalek (Hernani, 2000).

Artetxeren hitzetan, gazteek nabaritzen dute aurreko urteetako esperientzia, ez delako berdina txapelketan lehen aldiz parte hartzea, edo laugarrenez aritzea. “Baina presioa ere azaltzen da batzuetan”. Horretatik dezente izan zuen Orioko azken kanporaketak. “Aurretik finalean kantatutako hiru bertsolari zeuden saio horretan, eta tentsio handia nabari zen euren artean”. Esperientziaren beste muturrean, gazteenekin “ezusteko politak” izan dituztela gaineratu du azkoitiarrak.

Txapelketen zurrunbiloan sartuta, bertsoa ezin dela puntuekin neurtu diote askok eta askok. “Baina, gazte horientzat, amua da txapelketa. Gazteak izan arren, eta formatu txikiko bertso afariak izan arren, mugimendu handia sortzen du eskolartekoak. Ikustekoa da ostiralero-ostiralero bertso eskola bakoitzeko arduradunak nola mugitzen diren batetik bestera, gazte guztiak ardurapean hartuta”.

Genero ikuspegiak ere “bilakaera” izan du azken urteotan. Iaz bezala, aurten ere lau mutil eta beste hainbeste neska ariko dira kantuan etziko finalean. “Azken urteotan, sekulako lana egiten ari dira Euskal Herriko Bertsozale Elkartean, Genero taldean, eta bertso eskoletan ere gero eta baliabide gehiago daude gune horietan generoaren ikuspegia lantzeko”. Sekreturik ez dago, eta lanketa horren guztiaren isla da plaza. “Egia da adinean gora egin ahala, oraindik ere kopuruan gutxiago garela emakumezkoak. Baina eskolartekoetan oso orekatuta dago kopurua, eta lana dago horren atzean”.

Entzuleei dagokienez, “oso erantzun ona” izan du eskolartekoak. “Azken egunera arte zain egon zaleak gara herri honetan, beti ibiltzen gara berdin, baina oso politak izan dira saioak. 50 bat lagun elkartuko ziren kanporaketa txikienean, eta, beste aldean, zehatz ez dakit zenbat, baina jende asko inguratu zen Altzoko saiora”.

Finalean egin beharreko lanari dagokionez, bertsolariek “saltoa” nabarituko dute kanporaketekin alderatuta: lau oinekin bertsoa osatu beharko dute lehenengo; zortziko txikian ofizioa izango dute gero; zortziko handian beste bat ondoren; eta puntu bati erantzun beharko diote, bakarka bertso bat osatu aurretik. “Ariketetan baino gehiago, hala ere, formatuan nabarituko dute aldaketa”, zehaztu du Artetxek. “Mahaiaren ingurutik antzokirako pausoan”.

Idatzikoaren sari banaketa

Bat-bateko jardunaz gain, idatzizkoaren sariak ere banatuko dituzte etzi Azpeitian. “Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako gazteek parte hartu ahal izan dute diziplina horretan, eta milatik gora animatu dira azkenerako”. Bost kanporaketetako bakoitzean, ordubeteko tartea izan dute parte hartzaileek. “Eta idatzizkoa amaitutakoan, saio didaktikoak ere egin ditugu. 14 urte arteko neska-mutikoei jendaurrean kantatzeko aukera eskaintzeko sortu genituen saio horiek”.

Egun bakarreko saioa baino zerbait gehiago izango da etzikoa, txapelduna eta txapeldunordea Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako sailkatuko direlako. Ekainaren 10ean, Saran jokatuko da finala. Bertso Eskolen Egunaren lehen tanta besterik ez da izango etziko finala, egitarau oparoa daukatelako prest ondorenerako: bazkaria, kalejira, jolasteko eta sormenerako antzerkia, bertso musikatuak, eskulanen eta jolasen gunea… 16:30ean egingo dute bukaerako ekitaldia, Azpeitiko plazan bertan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.