Berdea eta urdina dira amua

Berdea eta urdina dira amua

Eider Goenaga Lizaso

Aste Santuko oporrak gainean, asteburuan jada hasiko da bisitarien etorrera antzematen. Baina, turismoaren ikuspegitik, egun inportanteenak ostegunetik igandera bitartekoak dira. Herri txiki asko hustu egingo dira datorren asteburuan, baina beste herri batzuk bisitariz beteko dira, kostaldekoak horietako asko, eta, batez ere, hiriburua. Turismo arloko eragileak pozik daude azken bi urteetako joerarekin, eta aurten goranzko joerari eustea espero dute.

Nekatur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa turismo elkarteak Gipuzkoarako dituen aurreikuspenek hala diote, behintzat: %88ko okupazioa ostegunean, %95ekoa ostiralean eta %92koa larunbatean. Martxoaren 28ko erreserba datuak dira, baina Aste Santu bezperako egunotan ia dena betetzeko aukera handia dela adierazi dio Hitza-ri Idoia Ezkurdia Nekaturreko arduradunak. Nekaturrek 133 nekazaritza turismo eta landa etxe kudeatzen ditu Gipuzkoan, eta 1.523 lagunentzako tokia dute guztira.

Aste Santuko turismoa, batez ere, euskal herritarrek eta Madril eta Kataluniatik etorritakoek osatzen dutela diote turismo sektoreko eragileek. Nekaturreko iazko datuek baieztatzen dute hori. 2016an, Hego Euskal Herriko bezeroak %34,9 izan ziren; atzetik, katalanak (%18,6), madrildarrak (%18,1) eta valentziarrak (%6,3). Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarrek %17 inguru osatu zuten. “Aste Santuan bertako bezeroak dira gehienak; gure kasuan, asko Nafarroatik etortzen dira. Uda sasoian, euskaldunak, oro har, gutxiago dira, eta atzerritarren kopuruak gora egiten du”, azaldu du Ezkurdiak.

Nekazaritza turismoetako bezeroak bikoteak, familiak eta lagun talde handiak izaten direla dio Ezkurdiak. “Udan, adibidez, etxe oso bat hartzen duten 15-20 laguneko taldeak oso gutxi izaten dira”.

Bost egun, 18.000 bisitari

Aquariuma da Gipuzkoan gehien bisitatzen den museoa. “2016an marka guztiak hautsi genituen; bai urte osoko datuak kontuan hartuta (334.311 bisitari), eta baita Aste Santuko bost egunetako kopuruei erreparatuta ere (18.116 bisitari)”. Aquariumean, landa etxeetan bezala, bezero gehienak euskal herritarrak izan ziren Aste Santuan. “18.000 horietatik 7.000 bizkaitarrak izan ziren. Nafarrak ere asko, eta Iparraldekoak ere bai. Turista asko etortzen da Aste Santuan, eta bertako asko joaten dira kanpora, baina bertako askok, opor egunetan kanpora joan beharrean, hurbileko planak egiteko aprobetxatzen dute; Donostiara egun-pasa etortzen dira, eta gure eskaintza oso baloratua da”, esan du Xabier Lasa Aquariumeko marketin arduradunak.

Aste Santuak duen garrantziari erreparatuta, sektoreko eragile askok eskaintza indartu egiten dute. Hori da, adibidez, Aquariumaren kasua. “Batez ere harreran dagoen lantaldea indartzen dugu, bezeroarekin kontaktua duena. Ordutegia ere zabaltzen dugu. Bestetik, Piko Zulueta artistaren Baga Itsasoa erakusketa dago ikusgai egunotan, eta arrainontzietan, batez ere tropikaletan, arrain gehiago sartu ditugu”.

Sagardoaren Lurraldea elkarteak eskaintza enogastronomiko berezi batekin aurre egingo dio Aste Santuari; apirilaren 13tik 23ra, ohiko bisitaren osagarri, Euskal Herriko hiru gazta ezberdinen dastaketa —Idiazabalgoa, Erronkarikoa eta Iparraldekoa— egingo dute, sagardoarekin batera. “Sagardoetxera datorrenari, hiru gazta emango dizkiogu dastatzeko, eta bakoitzaren ezaugarriak azalduko dizkiogu. Ondoren, sorpresatxo bat prestatu dugu; txartel bat emango diegu, eta horrekin gure sagastian barneratu eta opari bat topatu beharko dute”, azaldu du Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldea elkarteko komunikazio arduradunak.

Sagardoetxea museoa bisitatu ondoren, sagardotegira joaten dira bisitari asko, eta horietako gehienek pakete berean hartzen dituzte bi gauzak. “Konturatu gara, urtetik urtera, Aste Santuan, zubietan eta horrelakoetan asko igotzen dela bisitari kopurua. Donostiara etortzen den jende askok ezagutu nahi izaten duela sagardoaren kultura eta sagardotegietako giroa”.

Iazko Aste Santuko datuak ere eman ditu Alkortak: bisitarien %22,7, euskal herritarrak; %57, Espainiako Estatukoak, eta %20,2, Europako beste herrialdeetakoak. “Urtean zehar, bezero gehienak euskal herritarrak dira, baina halako sasoietan madrildarrak eta katalanak asko igotzen dira. Bizkaitarrek eta inguruko beste lurraldeetakoek ere baliatzen dituzte egun hauek sagardotegira etorri eta museoa bisitatzeko”.

Bezeroen %60k hartu zuten sagardotegia eta museoa batzen dituen eskaintza iaz. “Jendeak, oporretan, gauzak erraz eta eroso egin nahi ditu. Gurera deitzen badute, guk bilatzen diegu sagardotegia. Bezeroa bikote bat den, lagun talde bat den edo familiarekin datorren kontuan hartuta, gu arduratzen gara sagardotegia bilatzeaz; eta, gainera, ez du ibili behar banan-banan deitzen, ea zein dagoen irekita, ea lekua dagoen, ea bazkaltzen ematen duten…”.

Sektorean gero eta pisu handiagoa dute turismo eragileek esperientziak deitzen dituzten eskaintza bateratuek. Museo batera bisita, sagardotegian bazkaria, txalupan irteera, bisita gidatua, pintxo ibilaldia… Kultura, aisia eta gastronomia biltzen dira horietako gehienetan, eta, Ezkurdiak dioenez, arrakasta handia dute egun gutxirako etortzen diren bisitarien artean.

Nekaturrek badu bere eskaintza, Sagardoaren Lurraldeak ere bai, eta Aquariuma esperientzia horietako askotan agertzen da. “Jendeak eskatzen ditu halakoak. Gustatzen zaio egun osoko planak egitea, eta ondo funtzionatzen dute. Gainera, promozioak dira, eta merkeagoa da sorta osoa”, azaldu du Lasak. Bertakoek ere egiten dituzten arren, bereziki egoki ikusten ditu esperientzia horiek kanpotarrentzat: “Ez dute lurraldea ezagutzen, hizkuntza ere ez, ez dakite zer den interesgarria eta zer ez. Modu horretan, hiruzpalau jarduera egiten dituzte egun bakarrean; beraien kabuz eginda, askoz zailagoa suertatzen zaie”.

Kostaldea zein mendia

Aste Santuan Gipuzkoara datorren turistak zer bilatzen duen galdetuta, denetarik dagoela azaldu du Ezkurdiak. Landa eremuak eta kostaldeak, bakoitzak bere bezeroak izaten dituela dio. “Udan, agian, gehiago betetzen dira kostaldean dauden etxeak, baina Aste Santuan berdin-berdin eskatzen dituzte landa eremukoak zein kostakoak. Euskaldunak, batik bat, landa eremuko etxeetara etortzen dira, lasaitasun bila, naturarekin kontaktua izatera, mendi ibilaldiren bat egiteko asmoarekin, eta familiak dira asko. Horiek ez dira asko urruntzen ostatu hartu duten tokitik, inguruan ibiltzeko joera dute”.

Beste bezero mota bat da landa gunean ostatu hartu eta handik hiriburuetara edo kostaldera joaten dena. “Distantziak motzak dira hemen, edozein herritatik berehala iristen zara Donostiara edo kostaldera, eta baita Bilbo edo Gasteizera ere. Estatuko bisitariek egin ohi dute hori”.

Ezkurdiak dioenez, beste bezero mota bat ere bada landa etxeetan. “Landa gunean hartu nahi dute ostatu, naturarekin kontaktuan egon nahi dutelako, mendia maite dutelako; eta asko baloratzen dituzte gure tradizioak, hizkuntza, arkitektura, kultura… Batez ere atzerritarrak dira, Herbehereetatik, Belgikatik, Erresuma Batutik etorritakoak, eta oso sentsibilizatuta daude ekoturismoarekin, iraunkortasunarekin. Beraien herrietan badute gurearen moduko eskaintza, eta bidaiatzen dutenean antzeko zerbait bilatzen dute”.

Bisitatzeko toki interesgarrien hurbiltasuna bilatzen dute bisitari askok, baina nekazaritza turismoan bezero eta jabearen arteko hurbiltasuna ere bai. “Horrek bereizten gaitu beste eskaintzetatik; jendeak asko eskertzen du hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.