“Mikromatxismoak uste baino barneratuago ditugun gizartea gara”

“Mikromatxismoak uste baino barneratuago ditugun gizartea gara”

Ariane Vierbücher

Psikologia ikasketak egin ditu Idoia Iturbe idiazabaldarrak (1993), Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian. Gradu amaierako Mikromatxismoak Lantzeko Ahalduntze Programa lanari esker, Francisca de Aculodi lehiaketako saria jaso du. Gaur-gaurkoz, Osasun Psikologia Orokorra unibertsitateko masterra egiten ari da, ikasketak osatzeko asmoarekin.

Francisca de Aculodi lehiaketako saria eskuratu duzu. Nola azalduko zenuke sariaren garrantzia?

Euskal Herriko Unibertsitateak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren barruan eman duen saria da, gradu eta master amaierako proiektuetan genero ikuspegia sustatzeko eta gai hori lantzen duten lanak bultzatzeko eta ikusarazteko.

Sari guztiak izango dira ongi etorriak, noski, baina zer sentitu zenuen jasotzeko unean?

Oso egun berezian egin zuten ekitaldia: martxoaren 8a zen, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Donostiako Zuzenbide fakultatean izan zen ekitaldia, eta oso pozik hartu nuen saria. Oso ekitaldi polita izan zen niretzat. Horrez gain, sariren bat jasotzen nuen lehenengo aldia zen, eta horrek are sentipen bereziagoak sorrarazi zizkidan. Irakasleak deitu zidanean, orduan jada pentsatu nuen saridunetako bat izango nintzela, agian, baina ez nuen espero halako saririk jasotzerik. Poz handia hartu dut, egindako lanari indarra ematen diolako.

Zergatik aukeratu zenuen esku-hartze programa bat egitea?

Urte askoan, gaixotasunei jarri izan die arreta psikologiak; patologiak, sintomak… Horiek aztertzen zituen, bereziki. Psikologia positiboak, ordea, beti erakarri izan du nire arreta; gauza onak bilatu eta bultzatzen dituen teknikak lantzeak, alegia. Emozio positiboek eragina dute gure osasunean, eta oso baliagarria da pertsona bakoitzaren beste ikuspegi batzuk lantzeko ere. Adibidez, hazkuntza pertsonala landu daiteke teknika egokiak erabiliz. Dena den, gaiari sakon heldu aurretik, ez nuen oso argi zeren inguruan egingo nuen lana. Hortaz, tutorea zein izango zen aukeratu nuen lehenengo.

Zein helduleku aurkitu zenion lanari garatu ahal izateko?

Egun ez dago oso zabaldua patriarkatuaren kulturak eragiten duen mikromatxismoen gaia, nahiz eta emakumezko askoren egunerokotasunean eragin nabarmena daukan. Mikro-abusu horiek gizartearen eta senideen eskakizunak itxuraz zailtasun eta kexarik gabe betetzen dituzten herritarrei zuzenduta daudenez, eta horiek oharkabean onartzen dituztenez, mikromatxismoen kontuak ez du oihartzun handirik. Ondorioz, gizartea ez da behar beste asaldatzen. Jarrera horiek, beraz, dagozkien helburuak betetzen jarraitzen dute, modu ezkutu bezain eraginkorrean.

Gaur egun, oraindik, genero mailako botere desberdintasuna mantentzen da, eta emakumeengan hainbat ondorio eragiten ditu. Mikromatxismoak uste baino barneratuago ditugun gizartea gara. Hori dela eta, neurri batean edo bestean horren eragina paira dezaketen emakumeentzat da esku-hartze proposamen hau.

Hiru fasetan banatuta dago programa: fase psiko-hezitzailean, gai horren inguruko kontzientziazioa areagotzea da helburua; ahalduntze fasean, haien errealitateaz jabetu, lanketa pertsonala egin, eta aldaketak gauzatzea da erronka; eta, azken fasean, hausnarketarako eta bizipenak elkarrekin partekatzeko eremu bilakatuko den babes taldea eratuko da.

Zein bide egin nahiko luke programa honek?

Neurri batean edo bestean, mikromatxismoen eragina paira dezaketen emakumezko horientzat da esku-hartze proposamen hau. Alde batetik, parte hartzaileak ahalduntze prozesu batera bideratzea da asmoa. Hala, norbere buruaren, bizimoduaren eta inguratzen duen errealitatearen analisi kritikoago bat egiteko aukera izango du, bai bakarka eta baita taldean ere. Haien bizimoduarekiko gogobetetasun mailaz eta egunerokotasunean bizi ditzaketen zenbait egoera bidegabez gogoeta egitea eta kontzientzia hartzea da helburua. Hainbat tresna emango zaizkie prozesu horretan, norbere buruarekiko eta bizitzarekiko boterea indartu eta mikromatxismo egoerei aurre egiteko. Era berean, emakume horien ongizate maila sustatzera bideratuta dago esku hartzea, modu zuzenean zenbait saiotan landuko diren gaiekin, eta, zeharka, esku hartze horretan parte-hartze berarekin.

Izan al duzu aukerarik lana praktikan jartzeko?

Bai, eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Abadiñon egin genuen programa; 2016ko azaroaren 23an hasi ginen, eta 2017ko otsailaren 15ean amaitu genuen. Dozena bat lagun elkartu ginen bi hilabete eta erdi horietan; ama dira horietako batzuk. Programaren lehen bi faseak bakarrik landu genituen; hasieran, uste baino denbora gehiago behar izan genuen autoestimuaren gaia lantzeko, behar hori zegoela iruditu zitzaigulako. Non gauden eta nora iritsi nahi dugun zehaztea izan da programaren helburua. Azkenean, emakumeok herentzia femenino bat jaso dugu, rol jakin batzuk hartzen ditugu, eta horren jabe izan behar dugu.

Pentsatu al duzu gizonezkoentzako programaren bat egitea?

Programan parte hartu zutenen artean askok egin zuten proposamen hori, eta, agian, egin daiteke zerbait etorkizunean. Oraingoz, emakumeentzat antolatu dugu, behar hori ikusi dugulako. Ez dugu errudun sentitu behar horregatik; oraindik ere egiteko asko dago berdintasuna lortzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.