Azpeitiarrez, naturaltasunez

Azpeitiarrez, naturaltasunez

Julene Frantzesena

Natula al haiz? esapidea aski erabilia da Azpeitian. Horren erakusle da euskara taldeari Natul izena jarri izana eta talde horrek azpeitiarrez hitz egitean erabiltzen diren hitzak eta esapideak biltzeko egitasmoari Azpeitiarrez Natul deitu izana. Natuleko kideak joan den abenduaz geroztik ari dira egiten bilketa lan hori, eta Garbiñe Bereziartua (Azpeitia, 1977) eta Eneritz Albizu (Azpeitia, 1992) “oso gustura” daude egitasmoak orain arte izan duen erantzunarekin.

Azpeitian orain arte egiteke zegoen lan bat gauzatzen ari dira euskara elkarteko kideak, nahiz eta Azpeitiarrez Natul gisako egitasmoak beste herri batzuetan egin izan dituzten. Dagoeneko, berrehundik gora ekarpen jarri dituzte ikusgai webgunean, baina Bereziartuak azaldu du askoz gehiago bildu dituztela. Natuleko kideak “harrituta eta gustura” daude herritarren erantzunarekin. “Adin tarte guztietako herritarrek parte hartu dute; aniztasuna nabari da”, azaldu du Albizuk.

Egitasmoa askotan herritarren artean hizketagai bilakatu izanak ere poztu egin ditu Natuleko kideak. “Duen balio hori eman nahi izan diogu hizkuntzari, eta lortu dugu helburua. Kritikak ere jaso ditugu, baina gustura entzun ditugu horiek ere. Halere, gu ez gara hizkuntzalariak; kaleko hizkuntza leku batean bildu nahi izan dugu, modu xumean”, adierazi du Albizuk. Bereziartuak ere ildo beretik hitz egin du, eta, haren hitzetan, “modu kontzientean” ari dira bilketa horrela egiten. “Bi ikuspuntu kontuan hartuta egin daiteke horrelako lan bat: hizkuntzalaritzaren ikuspuntu zuzen nahiz zorrotzetik, edo herritarren ekarpenetatik”. Bereziartuak azaldu du eurek “modu herrikoian” egin nahi izan dutela bilketa. “Eta lan honek bide eman diezaioke beste maila bateko lanen bati. Kontziente gara egiten ari garen lanak dituen mugez, baina baita izan ditzakeen onurez ere”.

Albizuk nabarmendu du Azpeitiarrez Natul martxan jarri izanagatik ez dutela lehenesten euskalkia edo batua. “Toki batzuetan edo denetan erabil daiteke bakoitza. Aski jakina da batuaren eginkizuna zein den, eta argi daukagu beharrezkoa dela guztiz; batak ez du bestea kentzen. Inoiz eta inon ez dugu ukatu euskara batuaren funtzioa, eta euskalkiek ere badute berena”.

Hizkuntza guztiek izan ohi dute bilakaera, eta euskarak ere izan du berea. Euskalkietan ere izan dira aldaketak; batzuen erabilera apaldu egin da, eta besteena, indartu. Belaunaldiz belaunaldi, esapide edo hitz batzuen erabilera galdu egin da, eta adiera edo esamolde berriak sortu dira. Azpeitiarrez hitz egitean ere ez dituzte esamolde berak erabiltzen adinekoek, nerabeek, umeek eta haien gurasoek. “Jasotako ekarpen asko ezezagunak ziren guretzat, sekula entzun gabeak. Adibidez, nire belaunaldian sortu zen pertza hitza, eta gauza jakin bat esateko erabiltzen zen. Garapena izan du hitz horrek, eta orain askoz gehiago erabiltzen da”, azaldu du Bereziartuak.

Natuleko bi kide azpeitiarrak ez izatea “abantaila” dela uste dute, jasotako hitz edo esapide asko azpeitiarrez esanak diren edo ez erabakitzen laguntzen dietelako. “Gureak direla uste badugu ere, beste herri batzuetan ere erabiltzen dira asko”.

Bilketa lanaz harago egitasmoak lana eskatzen duela argitu dute. “Jasotzen ditugun hitzak azpeitiarrez esanak diren edo ez erabaki behar izaten dugu, baina ez gara adituak. Webgunean hitz bakoitzari definizioa jartzen diogu, eta testuinguruan kokatzeko esaldi bana ere bai. Oso zaila da batzuk definitzea; izan ere, nola definitzen da, adibidez, lerdue hitza? Oso erraza dirudi, barneratua dugu, baina defini ezazu ba!”.

‘Mozkortu’-ren bost adiera

Bitxikeriarik ere badute: “t hizkian bildu dugu esapide edo hitz gehien. Bitxia da oso, baina ez dakigu horren zergatia. Beharbada, hizkuntzalariren batek jakingo du arrazoia”, azaldu du Bereziartuak. Horrez gain, Albizuk dio bildu dituzten guztien artean mozkortu dela adiera gehien duen hitza. “Ez dakit esateko hainbeste era dituen beste hitzik badagoen. Gutxienez, bost bildu ditugu: atxurre, jornaie, melokotoikue, leatagurdikue, zepeline… Eta ostiakue, jiraue, kriston leatza… ere erabiltzen ditugu. Ziur gaude jendeak beste hitz batzuk ere erabiliko dituela”. Bereziartuak barrez dio hitz horrekin gertatu dena antropologoren batek-edo aztertu beharko duela.

Natuleko kideek azaldu dutenez, ekainerako bukatuko dute bilketa lana, baina ez dute nahi egitasmoari amaiera ematerik. “Liburuxka ateratzea litzateke hurrengo pauso logikoa, polita eta egingarria”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.