“Gure musikan agerian daude bizipenak eta jatorria”

“Gure musikan agerian daude bizipenak eta jatorria”

Iñigo Terradillos

Bigarren diskoa kaleratu berri du Charlie & The Colours taldeak, Mehaka izenekoa. Charlie Atki bakarlari britainiarra da taldeko burua, eta Oriol Flores kataluniarrak, Iker Lauroba donostiarrak eta Iñigo Asensio tolosarrak (1985) osatzen dute taldea. Asensioren hitzetan, Tolosaldearekin lotura duten osagai asko ditu lan berriak. Izena, esaterako, Berastegiko baserri bati zor dio, eta baserri horretan bertan egin zuten egonaldia baliatu zuten diskoaren grabaketarako.

Modu berezian egin zenuten diskoaren grabaketa.

Taldeko kideek lauzpabost egun igaro genituen Mehaka baserrian, eta zuzenean grabatu genuen, bideo-audio formatuan. Behin grabazioa eginda, oso egokia iruditu zitzaigun Mehaka izena, esperientziaren lekuko izan zelako.

Bigarren lana duzue jada. Talde gaztea zarete, eta, musikari dagokionez, folk-pop musika jorratzen duzue, ezta?

Pop-folk-rock musika da. Taldeak bi kolore oso markatuak ditu. Batetik, folk ukitua, Charlieren tradizio anglosaxoia aintzat hartzen duena; akordeoiarekin eta kontrabaxuarekin joera folkagoa dauka. Bestetik, rockeroagoa. Izan ere, diskoan badira baxua eta gitarra elektrikoa erabiliz soinu gogorragoa duten kantak. Bi giro horien artean dabil taldea. The Bonsai tree lehenengo diskoan ere bazen horrelakorik; zuzenekoetan, batez ere. Baina bigarren honen grabazioan ere ageri da bi giro horien uztarketa. Hala, zuzenekoetan, une batzuetan, entzuleak goxo-goxo egoten dira, eta, beste batzuetan, altxatuta.

Zuen musikak transmititzen duen sentimenduari dagokionez, adierazi duzue diskoak tristuratik pozera jauzi egiten duela, iluntasunetik argitasunera.

Charlieren abestiak ditugu abiapuntu; hark idazten ditu. Haren esperientzia eta bidaia sartzen da horietan. Britainiarra da, Frantzian amaitu zituen ikasketak, Ingeles Filologian eta Literatura Frantsesean lizentziaduna da, eta hori ere nabari da idazteko duen gaitasunean. Bergarara etorri zen; bertako lagun batzuen bitartez Donostian amaitu zuen, eta han ezagutu genuen elkar. Haren esperientzia, haren bidaia ageri da kantuetan, bizitzaren gauza txikiak. Esan daiteke gure musika gure elkarbizitzan oinarrituta dagoela. Gai batzuk poetikoagoak dira, eta, beste batzuk, zehatzagoak; ametsaren, etorkizunaren, esperantzaren isla nabari da. Ipuinak dira abestiak, gure oroitzapenetara eramaten gaitu musikak. Eta, bide horretatik, Charlieren hitzetan badago haurtzaroaren, iraganaren eta jatorriaren zerbait. Halaber, presente dago herrimina, atzean zerbait utzi izanaren sentsazioa, Donostian tokia aurkitu izanaren asetasunarekin batera. Birsortzearen ideia ere behin baino gehiagotan azaltzen da. Hitzek puntu metafisikoa ere badute; interesgarriak dira lasaitasunez irakurtzeko.

Zer eskaintzen du zuzenean grabatua izateak?

Egiazkotasun ukitua ematen dio. Egia da denetarik probatu behar dela. Aurrekoa Meka Recording estudioan grabatu genuen, Oiartzunen. Banaka grabatu genituen abestiak, emaitzarekin gustura geratu ginen, eta esperientzia zoragarria izan zen. Baina, kasu honetan, aipatu dugun elkarbizitza hori zegoen, sutondoan, sukaldean, baserrian egindako elkarbizitza; elkarrekin bazkaldu, afaldu… Grabazio bat ateratzen ez zenean, bat-batean, mendira bueltatxoa ematera joaten ginen… Beste ukitu bat dauka, eta oso harro gaude esperientziarekin. Gogoz gaude jendeak deskubri dezan.

Nabarmentzekoa da taldearen aniztasuna. Liderra britainiarra da, eta kataluniar bat eta bi euskaldun zaudete tartean. Aniztasunak ba al du isla musikan?

Folkera gerturatzen gara, baina egia da ez dugula folklorea egiten. Baina agerian daude bakoitzaren jatorria eta bizipenak. Gazteak gara, baina eskarmentu dezente daukagu dagoeneko. Ni naiz taldeko gazteena, eta 31 urte ditut. Gainontzekoak 40ra bitarteko bidean daude. Iker Laurobaren kasuan, esaterako, bakarkako ibilbidea dauka Lauroba taldean, eta, horrez gain, beste hainbat proiektutan ere aritu da gitarrarekin, baxuarekin… eta hainbat talderen ekoizle moduan ere bai. Taldearen oreka da bera. Oriol eta biok askoz bolkanikoagoak gara, eta Iker itsaso bare-barea da. Charlie, berriz, dantzan ibiltzen da gu hiruron artean. Oriol Floresek goi mailako ikasketak ditu bateria-jazzean, eta musikan zentraturiko ikuspegia ematen dio horrek. Era bateko edo besteko ekarpena egiten dugu denok.

Hizkuntzari erreparatuta, ingelesez aritzen zarete. Etorkizunean ausartuko al zarete euskaraz abestiren bat sartzen?

Charliek sentsibilitate eta interes oso berezia dauka gure hizkuntzarekin, eta euskaraz egiten saiatzen da; bere laugarren hizkuntza da. Gogotsu dago euskara sartzeko; Ikerrek eta biok kantuak euskaraz egiten ditugula ikusten du, gainera. Baliteke hurrengo diskoan abestiren baten euskarazko bertsioa grabatzea.

Tolosan kontzertua eman berri duzue diskoa aurkezteko, eta gehiago badituzue aurreikusiak.

Mehaka diskoaren aurkezpen kontzertua izan zen Tolosakoa. Katalunian ere izan gara, eta Espainian izango gara ekainean; Madrilen, Toledon eta La Bañeza herrian, Gaztela eta Leonen. Donostiako Tabakaleran, berriz, ekainaren 9an izango gara, eta uztail amaieran Donostiako Jazzaldian hartuko dugu parte. Horrez gain, abuztuko lehen astean Europara joatea da gure asmoa. Letonian, Varsovian (Polonia) eta Krakovian (Polonia) badugu aukera kontzertuak jotzeko.

Hainbat proiektutan sartuta zabiltza. Zenbateko tokia du Charlie&The Colours-ek?

Bi proiekturekin nabil orain. Lauroba uztea erabaki nuen, denboraz oso larri nenbilelako, eta oso talde exijentea delako. Ikerren bakarkako proiektuan ari naiz. Oso gustura nago; asko hunkitzen naute haren kantuek. Charlie&The Colours da bigarren proiektua. Akordeoia eta pianoa jotzen ditut bietan, eta oso eroso nabil. Oso talde bereziak dira. Horregatik, nahiago dut proiektu gehiagotan ez murgildu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.