[Herriz herri] Lizartza. Txikitasunak handi egin ditu

[Herriz herri] Lizartza. Txikitasunak handi egin ditu

Rebeka Calvo

Leaburu, Gaztelu, Orexa, Araitz —Nafarroan— eta Altzo ditu mugakide Lizartzak. Herritarrek oso kutunak dituzte Goltzurko zelaia, Narbaitzu edo Otsabio, eta garai batean oso ohikoa zen Goltzurko zelaian futbol partidak jokatzea. Gaur egun, ordea, ohiturak aldatuz joan dira, eta norako “exotikoagoen” bila joaten dira bertakoak. Lehen inguruko parajeak gehiago estimatzen zituztela uste dute herritar askok, bertako pasadizoak eta txokoak ondo ezagutzen dituztenek. Garai bateko landa giroa pixkanaka galtzen ari dela gaineratu dute horiek, jendea “beste era batera” bizi dela argituta.

640 biztanle ditu Lizartzak, eta, herria “nahiko gazte” mantentzen bada ere, herritarrak beldur dira ez ote den joera aldatuko eta, beste hainbat herri txikitan bezala, biztanleria zahartuko. Aitziber Abasolo alkateordeak (Caracas, Venezuela, 1973) hausnarketa egin du: “Ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean, beldur pixka bat badugu, baina haurrak eta gazteak badaude oraingoz, eta nahiko gazte mantentzen garela esan dezakegu; aurrerantzean lan gehiago izango dugu, hala ere”.

Eskola bizia, herri bizia eskola txikien leloarekin bat egiten dute Lizartzan, eta oso argi dute eskolak berebiziko garrantzia duela herria gazte eta bizi mantentzeko. 80 bat ikasle dauzkate egun. Lizartza eta Orexako haurrak elkartzen dira eskolan, eta, orain hiru urte euren aldarrikapena ozen entzun bazen ere, egoerak ez du onera egin. Urte asko daramatzate Lizartzan eskola berria eskatzen. Izan ere, 1966an eraiki zuten eskola, eta aspaldi geratu zitzaien txiki. Ikasle gehiago hartu ahal izateko, eskolaren kanpoaldean aurrez fabrikatutako etxola bat jarri zuten. “Baina hori ez da konponbidea”. Horregatik eskatzen dute eskola berria.

Arazoak ez du konponbide errazik, ordea: “Eskola behe-beheko mailan dago, eta, ondorioz, urez betetzeko arriskua dauka. Horregatik, bertan ezin da eraiki eskola berririk, eta egun dagoena ere ezin da berritu”. Abasolok azaldu du kokagune desberdinak aztertu beharrean daudela. “Baina une honetan geldirik dago gaia. Leku falta dela-eta, eraikinetik kanpo eman behar izaten dituzte klaseetako batzuk; mediku etxearen goialdean dagoen gela batean ematen dituzte musika eskolak; pilotalekuaren azpialdean gimnasia; kultur gunean jorratzen dituzte beste zenbait gai; udal liburutegia ere erabiltzen dute tarteka… Dena hemen dago, baina sakabanatuta, eta hori ez da egokia”.

Donostiako Gros auzoan eta Lasarte-Orian bizi izan ondoren iritsi zen Abasolo Lizartzara. “Duela hamabi bat urte”. Herria “txikia eta itxia” zela pentsatu zuen iritsi zenean, baina iritzia aldatuz joan da. “Itxiak zirela pentsatu nuen hasieran, baina irekia da jendea. Kanpotik iritsi ginen bikotekidea eta biok, eta, beraz, jendeak errezelo pixka bat ere bazuen. Baina hasierako une hori besterik ez zen izan”. Lizartza bere txikitasunean handia dela adierazi du alkateordeak. “Herrigunea da txikia, baina gorantz begiratuz gero, sakabanatuta dauden baserriak-eta kontuan hartuta, handia da Lizartza, eta oso txoko politak ditu, gainera. Goitik oso polita da; zirrara eragiten dit. Ikuspegi oso polita du”.

Iruñera joateko bide zaharrak gurutzatzen du herriko erdigunea. Garai batean Nafarroako hiriburura joateko errepide nagusia ere bazen, eta horrek bazuen eragina herrian. “Herri txikia izanik ere, garai batean zortzi edo bederatzi taberna zeuden Lizartzan, eta Donostiako nire lagun baten aitak beti esaten du horietako batean jaten zela ondoen Gipuzkoan”.

Eguneroko lana

2017ko aurrekontua onartzear daude Lizartzan. 600.000 euro inguruan ibiltzen dira beti, eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiliko direla azaldu du alkateordeak. Azken hilabeteetan hainbat lan egin dituzte herrian, “herritarren beharrei erreparatuta zehaztutakoak”. Haurrentzako parke berria egin dute orain gutxi. “Beharra bazegoen. Eskolako atarian dago, eta eskolako haurrentzat eta plazan biltzen direnentzat egin beharreko lana zen”.

Mendi pistak konpontzen ere ari dira. “Baserrietara doazen pistak dira”, zehaztu du Abasolok. “Iaz batzuk berritu genituen, eta beste batzuen txanda izango da aurten”. Kale Nagusian, berriz, abiadura moteltzeko lanak egin zituzten orain urte batzuk, eta lanak bukatzeko “azken apaingarriak” jarriko dituzte aurki.

Lur sailak berreskuratzen

Bestelako proiekturik ere badute esku artean. Batetik, errekaren ondoko bidea garbitu eta egokitu nahi dute, Insalus eta Ezeiza enpresen artekoa. Bestetik, larre sailak berreskuratzeko lanean ari dira. Elkartea sortzen ari dira orain, animaliak dituzten lizartzarrak biltzeko eta euren animaliak herriarenak diren lur sailetan uzteko. “Euren animaliak bertara eramateko konpromisoa hartu dute, eta, horri esker, Lizartzako lur sail hauek garbi mantentzea lortuko dugu, eta animaliak dituztenek baliabideak elkarrekin trukatu ahal izango dituzte”. Mendiz inguratuta dago herria, eta bertako zuhaitzak berreskuratzeko lanean ari dira basoan.

Egunerokoan lan asko dauzka Lizartzak, baina udal arduradunak ez daude bakarrik, ondoan dauzkatelako herrian garrantzi handia daukaten taldeak, Otsolar dantza taldea, Otsabio kirol elkartea eta Txirrita elkartea, esaterako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.