Sehaskak, sabelak eta bihotzak

Leire Narbaiza

Benetan ez zaizu sartzen sehaska bat etxean? Zuzen-zuzen galdetu zigun nonahi Bizkaiko Foru Diputazioak egindako iragarkiak. Helburua zen abegi-familiak lortzea aldundiaren babespean dauden adingabeendako. Pasa den astean iragarri zuten oraindik ere familia beharrean daudela ume horiek aterpetzeko, kanpainak ez duela nahi beste eragin, zoritxarrez.

Hego Euskal Herrian 2016ko amaieran aldundiek eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak zenbatuta, 2.220 haur eta nerabe zeuden erakunde horien tutoretzapean. Datua ikaragarri altua begitantzen zait. Harrera familietan 992 besterik ez, erdiak baino gutxiago. Horregatik, Bizkaiko Diputazioak Gipuzkoakoaren bideari jarraituko dio, eta familia profesionalak ere izango dira ume horiek babesteko. Hau da, familia batzuek soldata izango dute ume horien kargu egiteagatik. Nafarroako Gobernuak ere legez onartu du neurri hori, baina oraindik ez du martxan jarri.

Sehaska batendako lekua. Esloganak zeharo harrituta laga ninduen; izan ere, ume baten ardura hartzea sehaska batendako lekua izatea baino gehiago da. Nahiko friboloa ere iritzi nion. Harrera-familia izatea ez delako tontakeria, seme edo alaba biologiko bat edukitzea kuma kokatzea baino gehiago den moduan. Gainera, odol bereko seintxo batez erditzeko ez da behar inongo baimenik. Bai, ostera, harreran hartzeko. Azterketa-miaketa pasatu eta formazio ikastaroa egin behar da. Sehaskarako lekua baino, denbora, ordutegi egokia eta egonkortasuna ere behar dira. Gogoa ez da nahikoa.

Horregatik ez dut ulertzen nolatan guraso izan nahi duten pertsona askok gastatzen duten hainbesteko energia, denbora eta dirua atzerrian umeak adoptatu nahian, jakinda hemen ere badaudela haur babesgabeak, behar gaituztenak. Egia da adin txikiko horiek ez dutela seguruenera ordezko gurasoen abizenik eroango, zaintzaile horiek ez dutela inoiz ziurrenik guraso-ahala edukiko. Baliteke egunen batean bere familia biologikora itzultzea, baina beti izango da umearen onerako, gizartearen aldeko lana. Arazotsuak ere izan litezke, bai. Baina adoptatutako seme-alabekin ere gerta liteke, biologikoekin gertatzen den bezala.

Beharbada, horregatik ez dut oso ondo konprenitzen zerk bultzatzen dituen alokairuko sabelen bidezko ugalketara bideratzea euren guraso-nahia. Hainbesteko esfortzua eginarazi beste pertsona bati —diru-truke, beti ere— norberaren geneak transmititzeko? Ez zait buruan sartzen.

Bai, bolada betean dabil gaia nonahi. Guraso izan nahi duten horiek aitatzen dute inkubatzen duen emakumeak eskuzabaltasun hutsez egiten duela. Uler nezake familiako norbaitek bere burua eskaintzea maitasunagatik, edo lagun-min batek, giltzurruna batzuek ematen duten moduan. Baina ezezagun batek? Bederatzi hilabete zaintzen oso zorrotz, debeku askorekin, hasierako zorabioak eta botagurak jasan, tripa handitzea, pisua hartzea, gorputz aldaketak, orkatilak puztea, azaleko orbanak, hormona aldaketa bortitzak, mokorretako hezurrak zabaltzea, erditzea, episotomia, puntuak, esnea igotzea, titi puztuak, esnea moztu behar izatea… Kontuan hartu barik emakumeek erditzean edukitzen dituzten arrisku larriak. Gaitza zait sinestea, benetan. Negozio usaina du horrek.

Horregatik, ume larregi babes faltan egonda, eta nagusi gehiegitxo maitasuna eman nahian, sehaskendako lekua bilatu beharko genuke denon artean; etxeetan ez ezik, bihotzetan ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.