ALDAKETAK

Lezo-Errenteria eta Irun arteko obrak direla eta, tren zerbitzuetan honako aldaketa hauek izango dira 2018ko uztail arte:

Aldiriko trenak. Irun eta Errenteria arteko ibilbidean, norabide bakoitzean aldiriko hamazazpi tren igarotzen dira egunean. Gainerakoek Lezo-Errenterian dute irteera edo Lezo-Errenteriara iristen dira. Kasu horietan, Irundik irteten diren bidaiariek, trena Renferen Irun eta Irungo Bentak geltokietan hartu beharrean, Euskotreneko geltokira joan behar dute. Ordutegi aldaketa guztiak Renferen webgunean daude.

Tren aldaketa. Irundik Donostia aldera edo Donostiatik Irunera jarraitu nahi duten bidaiariek, zuzeneko trenik ez dagoen kasuetan, Pasaian egin behar dute tren aldaketa —bi geltokiak gertuen dauden tokia da Pasaia—. Irunerako norabidean, Renferen geltokian jaitsi eta Euskotrenen geltokira joan behar dute; eta alderantziz Donostiarako norabidean.

Txartelak, egokituta. Txartelak bi zerbitzuetarako egokituta daude, eta prezioa ez da aldatzen. Euskotrenen makinak Renfeko txartelak hartzeko prestatu dituzte, baina soilik lau geltokitan: Irun, Irungo Bentak, Lezo-Errenteria eta Pasaia. Renferen txartelarekin ezin da egin Irundik Donostiarako bidaia osoa Euskotrenen.

Autobusa. 22:30etik 06:30era Euskotrenek zerbitzurik ez duenez, erabiltzaileei autobus zerbitzua jarri die Renfek, bai Irundik Lezo-Errenteriara joateko, bai Lezo-Errenteriatik Irunera joateko. Renferen ordutegiak bete ahal izateko, bi autobus daude goizean eta beste bat gauean.

Distantzia luzeko trenak. Distantzia luzeko tren gehienak ez dira Irunera iristen. Donostian gelditzen dira, eta bidaiariak tren aldaketa egin behar du, aldiriko trena hartzeko. Aldiriko tren horietako gehienak zuzenean doaz Irunera, baina bakarren batean Pasaian tren aldaketa egin behar dute bidaiariek. Distantzia luzeko bi tren bai iristen dira Irunera: Irun-Lisboa eta Irun-Coruña trenek bidaia bana egiten dute norabide bakoitzean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.