“Hobeto egoteko pauso gisa ulertu behar da dibortzioa”

“Hobeto egoteko pauso gisa ulertu behar da dibortzioa”

Miriam Luki

Psikologoa eta familia bitartekaria da Sara Gonzalez (Donostia, 1983). “Aspaldi” erakarri zuen bitartekaritzaren gaiak. Gatazken kudeaketari buruzko klaseak eman zizkion Ramon Alzate katedradunak EHUn, eta hark egindako lanari segika murgildu zen bitartekaritzaren munduan. Agipase Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkartean lan egiteaz gain, kontsulta ere badauka, eta eskoletan ere aritzen da haurrekin.

Agipasek zein egiteko dauzka egunerokoan?

Duela 22 urte inguru sortu zen elkartea, Gipuzkoan familia krisian zeuden pertsonei babesa bermatzeko xedearekin. Psikologoek, abokatuek, familia bitartekariek eta gizarte langileek osatzen dugu lantaldea. Laguntzea da gure helburua; gizarte arloan, lege kontuetan eta arlo psikologikoan laguntzea. Tamainako bazkide kopurua daukagu, oso aktiboa, eta aisialdi aukerak ere eskaintzen ditu elkarteak. Aukera horiek garrantzitsuak izan daitezke dibortzio edo banatze baten ondoren, norberaren ordura arteko harreman sarea aldatu bada, batez ere.

Zer da dibortzioa?

Niretzat, aldaketa da dibortzioa, norberak bere bizitzari koherentzia handiagoa eta osasuna emateko egiten duen doikuntza. Garrantzitsua da jabetzea dibortzioa arazo baten irtenbidea dela. Pertsona bat hobeto egon dadin ematen den pauso gisa ulertu beharko genuke, familia bera hobetzeko ematen den pauso gisa. Haatik, dibortzioak, beste aldaketa askok bezala, beldurra eta segurtasunik eza eragiten ditu. Porrot egin duen bizitza proiektu gisa sentitzen da askotan, eta halakoetan osasungarria izan daiteke dibortzioak mina eragitea ere.

Dibortzioa osasungarria izan daiteke?

Hobeto egoteko aukera da dibortzioa, ondo sentiarazten ez gintuen harreman bat haustea. Hala ere, pertsona denak ez dira hobeto sentitzen dibortzioaren ostean. Galdu dugun horregatik geure buruari mina sentitzeko baimena ematen badiogu izango da dibortzioa osasungarria; nork bere erantzukizunak onartzen dituenean; akatsetatik ikasteko gaitasuna dagoenean, areago zenbait zauri ixteko gai bagara; eta seme-alabak tartean badaude, ondasunen eta haurrekin egoteko denboren banatzeak bakoitzari bere bizitza garatzen uzten dionean.

Zeintzuk dira banatze baten atarian bikoteak egin beharko lituzkeen lehen urratsak?

Geratzea eta pentsatzea. Minetik eta guztia lehenbailehen amaitzeko desiotik harago, geratu eta pentsatu egin behar da: zertarako banatzen naiz, nola egon nahiko nuke etorkizunean, zer egin dezaket orain etorkizuneko irudi horretara hurbiltzeko… Horrez gain, informazioa lortzea eta laguntza eskatzea komeni da. Banatzeko zein modu dauden jakin, eta norberak edo bi kideek banatzeko modua zein izango den erabaki behar dute. Sosegua eskatzen du horrek, baina halakoetan, askotan, zaila izaten da hori. Banaketek eragin ditzaketen emozioak eta kontraesanak barneratzeko lagungarria izaten da buruko osasunean aditu direnengana jotzea.

Eta lege kontuetan?

Garrantzitsua da familia bitartekaritzaren edo abokatuaren bidez Hitzarmen Arauemailea adostea. Tartean seme-alabak egonez gero, antolaketa ekonomikoa eta haurrekin egoteko denboren banaketa uztartzen ditu hitzarmen horrek.

Nola zehaztu behar da haurrek zenbat denbora igaroko duten guraso bakoitzarekin?

Gurasoek euren kasa antolatzeko aukera daukatenean, seme-alaben hazkuntzari buruz daukaten ikuspegia hartu behar izaten dute kontuan lehenik eta behin, bakoitzak daukan denbora eta seme-alaben beharrak aintzat hartuta. Ez dago familia guztientzat balio duen antolaketarik; denborak, gainera, ez du bermatzen guraso batek edo besteak bere funtzioak beteko dituela, askotan laguntzen duen arren.

Zein da gehien egiten den okerra?

Nire esperientziaren arabera, bikotearen arazoetan haurrak sartzea izaten da okerrik larriena, minetik egiten bada ere. Mezulari edo aholkulari gisa erabiltzea, esaterako. Une horretan gaizki dauden arren, helduak ongi egongo direla jakitea, besterik ez dute nahi izaten haurrek; errua ez dela eurena izan entzuteaz gain, gurasorik ez dutela galduko jakin behar dute.

Hori esan behar al zaie banaketaren berri ematean?

Gurasoek elkarrekin esatea da gure aholkua. Modu soilean esan behar zaie gurasoak aurrerantzean ez direla elkarrekin biziko, bakoitzak bere etxea izango duela, eta eurak bietan biziko direla gurasoek erabakitzen duten moduan. Haurrak asko lasaitzen dira gurasoek asko maite dituztela entzutean, eta azaltzen zaienean eurek ezin dutela ezer egin gurasoak berriz elkarrekin bizi daitezen.

Haurrek ondo barnera dezakete banaketa bat?

Zenbait haurrentzat, gerta daiteke banaketa liberazioa izatea eta lasaitasuna ematea. Gurasoek zenbat eta hobeto kudeatu banaketa, haurrei orduan eta jasangarriagoa egingo zaie egoera. Mina sentituko dute, baina ez dute horrenbesteko kalterik jasango. Gehienetan, kalteak ez ditu banaketak berak sortzen, helduen banatzeko moduak baizik.

Azken urteotan gora egin al du zaintza partekatuak?

Epaitegietan duela gutxi hasi dira zaintza partekatua hobesten, kaltegarria ez den kasuetan, noski. Zaintza partekatua diseinatzeko modu asko dago; seme-alabek guraso bakoitzarekin denbora erdia pasatze hutsarekin lotzen da askotan, eta ez dauka zertan hala izan. Gurasoek era parekidean haurren hazkuntzan erantzukizuna izatearekin lotuta dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.