Ahaztu ezin diren emazteak

Ahaztu ezin diren emazteak

Ane Olaizola

Lehen lerroan gizonezkoak borrokatu baziren ere, haren ondorioak ez zituzten gizonezkoek soilik sufritu 1936ko gerran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, frankistek Gipuzkoan 750 pertsona beren herrietatik bortxaz kanporatu zituzten 1937an, eta gehienak emakumeak eta umeak izan ziren. Emakume askok deserrira joan behar izan zuten halabeharrez, seme-alaba txikiak besoetan hartuta edo haiek herrian utzita. Zaila da kopuru zehatza jakitea, baina, Azkoitian, 65 bat lagun bidali zituzten herritik: besteak beste, Tere Larrarren familia. Haren ama, Luisa Oruesagasti, izan zen Azkoititik kanporatu zuten lehen emakumeetako bat, eta alabak ondo gogoan ditu garai latz hartan bizi izan zituztenak.

Abertzaleak ziren Larrarren gurasoak. Nazionalek Azpeitia hartu zutenean, Bilbora joan behar izan zuen aitak, Teodoro Larrarrek. Frankistek 1936ko irailaren 20an hartu zuten Azkoitia, eta, ordutik, herrian zegoen jeneralak “oso gaizki eta irain artean” hartzen zuen Oruesagasti. “Udaletxetik deitzen zioten amari, kanpora joan behar zuela esanez”. Urtarrilaren 20an kanporatu zituzten Oruesagasti eta beste bost emakume, eta Larrarrek memorian gordea du une hura: “Kalean nengoen, eta ama eta kanporatutako beste emakumeak ikusi nituen autobusez joaten. Amak esan zidan hasieran pentsatu zuela hiltzera eraman zituztela”. Larrarrek zazpi urte zituen orduan.

Kanporatutako herritarrak Elgoibarrera eraman zituzten lehendabizi, autobusez. Eibarrera, berriz, trenbidetik barrena oinez iritsi ziren. Maltzagan, Eibar eta Elgoibar arteko mugan, gerran ari ziren bi bandoek eten egin zuten borroka, emakumeak eta haien seme-alabak handik igaro bitartean. “Ume baten zapi zuri bat zintzilikatu zuten makila batetik, bakea adierazteko”. Azkenik, autobusez eraman zituzten Eibartik Bilbora. “Frantziara joan nahi zuen amak, baina ez zioten utzi, senarra Bilbon zuelako”. Oruesagasti Bilbora eraman zutenerako, senarra Larrinaga kartzelan zegoen preso. Bilboko egonaldian, ordea, ez zuen harremanik izan senarrarekin, ezta Azkoitian utzitako seme-alabekin ere. Izan ere, alaba gazteena berekin eraman zuen Oruesagastik, artean jaioberria zelako, eta beste hirurak herrian geratu ziren, bananduta, lagunen eta senideen etxeetan. Aitaren lehengusu apaiz batekin bizi izan zen Tere hilabete haietan.

Kanporatutako azkoitiar guztiak Bilboko “etxe handi batean” bizi izan ziren garai hartan. Kalera irteten ziren “enkarguak-eta” egitera, eta Terek gogoan du amak bala bat ikusi zuela behin ondoan zuen zuhaitz batean. “Bala hura berari bota ziotela esaten zuen”.

Nazionalek Bilbo menderatu eta aita Iruñeko San Kristobal espetxera eraman zuten arte egon zen ama Bilbora kanporatuta. Hiru hilabete igaro eta gero itzuli ahal izan zen Azkoitira, eta “emozio handiko uneak” bizi izan zituztela gogoan du Larrarrek. Etxean ziren berriro ama eta seme-alabak.

Dena den, jazarpena ez zen amaitu. Amari, lehenengo hilabetean, galarazi egin zioten etxetik irtetea, eta herrira itzuli zenean hainbat unetan “baztertu” egin zutela adierazi du. “Bazituen gertuko lagunak, nazionalistak, baina isilik egon behar zuten”. Hala adierazi du Maite Agirrek, Tereren alabak. Oruesagastiren biloba zaharrena da Agirre, eta amonak kontu asko kontatzen zizkion hari. Emakume “gogorra” zela gogoratzen du: “Kontatzen zidan emakume askok, herritik kanporatu behar zituztenean, negar batean eta belauniko, agintariei erregutzen zietela ez zitzatela kanporatu. Gure amamak hala esaten zien emakume haiei: ‘Ez zaitezte horrela jarri, hori dun-eta ikusi nahi dutena'”.

Agirreren aitona Teodorok, guztira, lau urte egin zituen preso. Aske geratu artean, emazteak “modu batera edo bestera” atera behar izan zuen familia aurrera, alaba Terek gogoratu duenez. “Askotariko lanak egin zituen: mendian jardun zuen, astoekin ere bai, sukaldean… Guztiari baietz esaten zion. Plazan postu bat ere izan zuen, baina ez zuen dirurik jasotzen. Nork zuen, bada, ordaintzeko dirurik? Izugarrizko hotzak pasatzen zituen, eta ahizpa gazteena joaten zitzaion ur beroarekin, eskuak izoztuta izaten zituelako”. Kontrabandoan ere aritu zen denbora batez, eta amari esker goserik ez zutela pasatu dio Terek.

Orduko istorio ugari ditu buruan Larrarrek: etxean jatekorik ez, eta Falangeak zuen jantokira joaten zela bazkaltzera; etxeko balkoian Espainiako bandera jarri behar, eta amak bi oihal zati txiki josita jarri zituela; igandeetan Azpeitiko kartzelara joaten zela hango presoei janaria eta arropa eramatera… “Ahal genuena ematen genien orduan. Asturiarrak eta galiziarrak ziren preso gehienak, eta senideek ezin zituzten bisitatu. Ezkutuan, eskutitzak ematen zizkiguten, guk familiari bidaltzeko. Neu nintzen hara joaten nintzen ume bakarra. Amaren ordez joaten nintzen, beti lanean ari zelako”, dio Terek. “Ezin da azaldu zenbat lan egiten zuen. Esaten zuen 80 urtera arte egingo zuela lan, eta halaxe izan zen”, gaineratu du Agirrek. 1988an hil zen Oruesagasti, 88 urterekin.

Bizipenak, dokumentalean

Kanporatuak izan ziren pertsona horiek guztiak aitortzeko asmoz, azken asteetan hainbat omenaldi egin dizkiote Larrarri bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bai Azkoitiko Udalak. Ama, nora goaz? film-dokumentalean ere parte hartu du, eta duela 80 urteko bizipenak kontatu ditu, beste 11 emakumerekin batera. Agirrek “heroitzat” ditu emakume haiek: “Miretsi egiten ditut, herrian geratu ziren andreek gorriak ikusi baitzituzten beren familiak aurrera ateratzeko”. Horregatik, adierazi du emakume haiek ere jaso behar zuketela omenaldien berotasuna.

Leave a Reply

Your email address will not be published.