Biztanleriaren erdia gaindituko da

Biztanleriaren erdia gaindituko da

Eider Goenaga Lizaso

Goierri, Debagoiena eta Azpeitia lehenengo; Tolosaldea, Oiartzualdea, Hernani eta Astigarraga gero; eta, igandean, Debabarrena, Urola Kosta, Lasarte-Oria, Usurbil eta Zubieta. Gure Esku Dago dinamikaren herri galdeketek ia Gipuzkoa osoa hartua izango dute igande gaua iristerako —Donostia, Aia, Mendaro, Irun, Hondarribia, Andoain, Urnieta eta Beizama falta dira—. Orain arte egindako herri galdeketetan 16 urtetik gorako 246.484 herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea (66.461ek bozkatu dute, eta %27ko parte hartzea izan da, batez beste). Etzi beste 116.505 herritar daude deituta botoa ematera; orotara, 362.989 herritar —azken hauteskundeetan Gipuzkoako errolda 581.000 biztanlekoa izan zen—.

2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) izan ziren Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketak; Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egin zuen urte bereko ekainean, Durangotik Iruñera; 2015ean, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko estadioetan egin zituzten ekitaldiak, 2016ko galdeketak iragartzeko; eta 2016an hasi ziren galdeketak egiten, herriz herri (Gipuzkoan, Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian egin ziren). Aurten, berriz, bigarren deialdia izango da igandekoa; martxoaren 19an, Tolosaldean, Oiartzualdean, Astigarragan eta Hernanin bozkatu zuten.

Gainerakoetan bezala, igandean bozkatuko duten herrietan galdeketa antolatzen pasatu dituzte azken hilabeteak. Taldeak sortu, babesak bilatu, erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duten herritarren atxikimendua lortu, galderak hitzartu, sinadurak bildu… Prozesu horretan, ahalik eta aniztasun handiena lortzea da Gure Esku Dago-ren erronka handienetako bat.

Galderak

Ia urtebeteko prozesuaren ostean egingo zaie galdera herritarrei, eta galdera adostea izaten da herri edo eskualde mailan antolatutako taldeen egiteko nagusietako bat. Urola Kostan, adibidez, kontsulta antolatu duten herri guztietan galdera bera egingo dute. Azkoitia, Aizarnazabal, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian egingo da kontsulta, eta herritarrek “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?” galderari erantzun beharko diote. Eskualde horretan, Aia eta Beizama gelditzen dira galdeketa egiteko.

Debabarrenean herri bakoitzak bere galdera adostu du. Eibarren, “Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?”; Mutrikun eta Soraluzen, “Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”; eta, Itziarren, “Euskal Herri independente bat nahi duzu?”. Elgoibarren eta Deban bi galdera egingo dituzte, eta lehenari baiezkoa erantzuten dionak erantzun beharko dio bigarrenari: “Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?”, eta, baiezkoa bada, “Nahi al duzu euskal estatu independentea?”. Debabarrenean, Mendaro geldituko da herri galdeketa egin gabe.

Lasarte-Orian ere bi galdera izango dira. “Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi duzu interes publikoko gaietarako?” eta “Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?”. Usurbilen eta Zubietan, berriz, galdera bera egingo diete herritarrei: “Nahi al duzu Euskal Herria Estatu independentea izatea?”.

Herri kontsulta Donostiarekin batera antolatu beharrean, Zubietak bere aldetik egingo du. Joan den martxoaren 4an egin zuten Zubietan herri galdeketa aurkezteko ekitaldia, eta bozketa Donostiatik bereizita egiteak helburu bikoitza duela azaldu zuten. “Zubietarrok herri bezala beti aitortu dugu bagarela desberdin, herri izaera propioa dugula, baina inoiz ez garela ausartu publikoki jauzi bat ematera. Aukera hau baliatu nahi da, zubietarrok herri aitortza mahai gainean jartzeko. Euskal Herriko etorkizunaz herri moduan erabaki nahi dugula irudikatu nahi dugu. Herri baten adierazpena izatea nahi genuke. Herriaren agerraldi publikoa”, adierazi zion Noaua! aldizkariari Zubietako galdeketa antolatu duten taldeko kide batek.

09:00etatik 20:00etara

Boto aurreratua jada ari dira jasotzen, baina, etzi, hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara bitartean egongo dira irekita. Nortasun agiriarekin bozkatu behar da, eta, agirietan botoa ematen den herria bizileku gisa agertzen ez bada, errolda agiria eraman behar da. Espainiako nortasun agiria ez dutenek pasaportea eta errolda agiria aurkeztu behar dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.