“Haur gaixoei laguntzeko ehun kilometro egitea ez da ezer”

“Haur gaixoei laguntzeko ehun kilometro egitea ez da ezer”

Imanol Saiz

Azken bi urteotako erronketako batean, Arkaitz Erice Kalu-k (Lezo, 1978) ehun kilometro egin ditu korrika, eta, bestean, 24 orduz ibili da korrika gelditu gabe. Ildo horri segika, Ametsen Bidea aldarrikapen martxa antolatu du hilaren 27rako, Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteekin elkarlanean. 120 kilometroko ibilbidea egingo du Mutrikutik Lezora, Hondarribitik barrena. Egun horretarako ekitaldi mordoa prestatu dute Lezon, eta gaixotasun arraroak dituzten haurrei bideratuko diete lortutako dirua.

2015ean 100 kilometro korrika, iaz 24 orduz gelditu gabe eta aurten 120 kilometro. Erotuta?

[Barrez] Oraingoz, ezetz uste dut; baina bai, bai, erokeria da. Azken bi erronkak bukatu ostean, “zorioneko erokeria nirea” esaldia etorri zitzaidan burura. Azken finean, erokeria da hainbeste kilometro korrika egitea, baina gustura egiten dut. Orain bost urte, ez nukeen sekula pentsatuko horrelako erronkak egiteko gai izango nintzenik, ezta gutxiago ere. Erokeria izan daiteke ehun kilometrotik gora korrika egitea, baina beharrezko erokeria da niretzat. Ezagutzen ez ditugun gaixotasun arraroak dituzten haur askoren kasuak azaltzen dira egunero, eta diru laguntza gutxi ematen dute erakundeek. Erokeria izan daiteke, bai, baina ni bezalako ero gehiagok parte hartzea espero dut, denen laguntza beharrezkoa baita.

Zerk bultzatu zintuen horrelako erronkak egitera?

Markelen kasuak bultzatu ninduen honetan guztian sartzera. Jaio zenetik garunean paralisia duen Lezoko haur bat da Markel Merino. Haurraren gaixotasuna ondo ezagutzeko aukera izan genuen, eta zerbait egitea erabaki nuen. Pare bat urtez mendiko lasterketetan buru-belarri aritu ostean, etxera iritsi nintzen batean erokeriaren bat egin behar nuela pentsatu nuen, gertukoek kontzientzia har zezaten. Eskubaloi eta futbol partidak jokatu ditugu, baina beste kirol batzuen bila aritu gara. Muturreko kirolena beste aukera bat izan zitekeela ikusi genuen. Distantzia handiko martxak bizitza bera bezalakoak dira. Negar egiteko, hunkitzeko eta baxualdiak eta susperraldiak izateko denbora ematen du martxa luze batek, bizitzak bezalaxe. Gaixotasun arraroa duten haurrek batzuetan, zoritxarrez, ez dute izan zorterik besteentzako garrantzi handirik ez duten alorrak garatzeko. Besarkada bat, irribarre bat… Hunkitu egiten naiz, erabat. Familia horiei laguntzeko egiten ari garen lan guztia ikusi behar du jendeak.

Nola sortu zen harremana Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteekin?

Gaixotasun arraroak dituzten haurren familiei laguntzeko Errenterian sortutako elkartea da Juneren Hegoak. Markelen gurasoen bidez ezagutu nituen, Javi eta Soniaren bidez. Egunero jende mordoa aritzen da lanean elkarte horietan, eta izugarri pozten nau laguntzeko prest dauden boluntarioak ikusteak; kaleko jendea da, solidarioa. Gizartean arazo bat dugula uste dut. Norberak bere buruari begiratzen dion mundu honetan, laguntzeko prest dagoen jende mordoa dago oraindik, eta oso pozgarria da hori.

Zer-nolako erantzuna jaso zuten aurretik egindako bi erronkek?

Tokikoan izan dute erantzuna, gehienbat. Sare sozialen bidez jaso ditugu mezu gehienak; jende askok adierazi digu elkartasuna. Lehen erronka egin genuenean, lagun artean geratzeko asmoa genuen, baina ez zen hala izan, eta eskerrak. Jendea piztu egin zen haur gaixoei laguntzeko lanean ari ginela ikustean. Bizitza guztian sufrituko duen haur bati laguntzeko, ehun kilometroz sufritzea ez dela ezer jakinarazi behar zaio jendeari. Aurten, momentu berezia izango dugu hilaren 27an. Markelen beharrak asetzen baditugu —Thrasuit terapia jaso behar du urtean bi hilabetez— eta gurasoen irribarrea ikusten badugu, lanean ongi ari garen seinale izango da. Jende asko dago prest laguntzeko. Noraino iritsi nahi dugun? Haurrei laguntzeko beharrezkoa den tokiraino.

Gipuzkoa osoa zeharkatuko duzu. Zein laguntza izango duzu?

Ez naiz bakarrik ibiliko, ezta gutxiago ere. Auto batekin joango gara hasieratik, laguntza modura. Lehen kilometrotik jende mordoa etorriko da nirekin, eta gehiagorekin bukatzea espero dut. Bidean ez da faltako jatekoa eta edatekoa, dena behar bezala ateratzeko. Txirrindulari talde bat gurekin joango da ibilbide osoan; Pasai Donibanen motorrean ibiltzen den talde batek ere lagunduko digu; Trintxerpetik Pasai Donibanera, hainbat traineruren laguntzarekin zeharkatuko dugu badia… Hiru urteotan, ez dut egin kilometro bakar bat ere bakarrik, beti izan dut norbait ondoan. Iaz, hemezortzi orduz korrika aritu ostean, bakarrik uzteko eskatu nien, sentsazioen bila [barrez]. Lasterketa kontuak ahaztu eta emozioz beteriko momentu gisa bizi izaten dut. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto. Hilaren 27rako pailazoak, magoak, barbakoa eta kontzertuak antolatu ditugu Lezoko Saldise plazan. Laguntzeko prest gaudela helarazi behar diogu jendeari. Korrika, animatuz edo ekitaldietan parte hartuz, berdin dio; haurrei laguntzea da helburua.

Kirola eta aldarrikapena, batuketa interesgarria.

Zalantzarik gabe. Beharrezkoa da aldarrikapena egitea, eta kirola esparru bikaina da. Haur horiek asko lagundu didate egunerokoan, eta nire laguntza emateko garaia iritsi da orain. Ona da kirolean lehiatzea, baina hobea da benetan merezi duen kausa baten aldeko aldarria egitea. Hori da erronkaren funtsa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.