[Herriz herri] Oiartzun. Euskal Herriko lehen harria

[Herriz herri] Oiartzun. Euskal Herriko lehen harria

Asier Perez-Karkamo

Aiako Harriaren magalean dago Oiartzun, paisaia margolari batek propio eskatu izan balu bezala. Herri txikia da, baina udalerri handia: Errenteria, Lezo eta Pasaia elkartuta adinako azalera dauka. Natura eta industria bizikidetzan uztartzeko aukera ematen dio horrek. Industria jarduera, naturaren esanetara. Horrelakoa da Oiartzun, eta horrela lan egiten dute eta bizi dute oiartzuarrek.

10.211. Horiek dira 2016an Oiartzungo erroldan izena emandako herritarrak, 25 urte lehenago baino 1.300 pertsona gehiago. Mende laurdenean asko handitu da herria, baina handitze horrek ez du gehiegi eragin paisaian. Udalerri oso zabala da Oiartzun, Gipuzkoako bigarrena Oñatiren atzetik, eta dentsitate oso baxua du: 171 biztanle kilometro koadroko. Errenteriakoa, esaterako, 1.237 biztanlekoa da.

Dentsitate horrek esan nahi du oso txikia dela gizakiak okupatutako lur zatia, eta, ezaugarri horri eutsiz gero, urte asko barru orain denaren antzerakoa izango dela gerora ere. Ez da gutxi, kontuan izanik Euskal Herria bertan jaio zela, geologiari begiratuta, behintzat. Aiako Harria da itsasotik altxatu zen Euskal Herriko lehen lur zatia, duela 250 milioi urte.

Euskal Herriko lehen mendia da Aiako Harria, eta harribitxia da geologiaren ikuspegitik. Oso ondo azaltzen dute hori, modu atseginean, Ergoien auzoan, Luberri Ikasgune Geologikoan (www. luberri.org webgunean lor daiteke informazio gehiago). Oiartzun haraneko, Oiartzualdeko eta Aiako Harriko ondasun geologiko nahiz paleontologikoen eta Euskal Herriko historia geologikoaren berri jasotzeko aukera izaten du bisitariak bertan, eta azken 1.000 milioi urteetan barrena bidaia egitekoa ere bai.

Denboran ez da oso urrutira joan behar beste bidaia luze bat egiteko. Arditurri eremuan, izen bereko auzoan, burdin arotik gizakiak ustiatutako meategiak bisita daitezke. Erromatarrei zor zaie Arditurriko meategi sarearen zatirik ikusgarriena, baina Aiako Harriko zorupea garai desberdinetan zulatua izan da, zilarra, burdina, beruna eta abar lortzeko. 1984an itxi zuten azken meategia, eta lurrari kutsadura kendu eta gero, bisita gidatuak eskaintzeko prestatu zituzten meategiak. Leku paregabea da, eta urtetik urtera hazten ari da bisitari kopurua. Arditurrira autoz joan daiteke, eta baita bizikletaz ere. Arragua auzotik —Errenteriarekin muga egiten du, eta Euskotrenek geltokia du bertan—, meazuloetaraino bertaraino irits daiteke. Bederatzi kilometro luze den bidegorria da, udalerria ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatzen duena.

Denboran bidaiatzeko hirugarren aukera badago Oiartzunen, begiekin eta belarriekin bidaiatzeko. Herri Musikaren Txokoak eskaintzen du aukera hori, Ergoienen. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko folk musikari eskainitako gunea da, besteak beste, Juan Mari Beltranen bilduma partikularra gordetzen duena. Beltranen beraren ekimena da, eta zientoka instrumentu biltzen ditu.

Atari zabalari dagokionez, mila leku daude Oiartzunen galtzeko. Horietako bat azken urteetan ari dira indartzen: Nafarroako Erresumako Gotorleku izandako Beloagako gaztelua. Gurutze auzoan dago, errepide ondoko jatetxeetatik ez oso urruti. Gazteluaren aztarrenak baino ez dira geratzen, baina bertatik erraz barnera daiteke gotorlekua kokaleku horretan eraiki izanaren arrazoia. Oiartzun haraneko eta, itsaso aldera, Txingudiko badiako ikuspegi onenetakoak lor daitezke Beloagatik.

Oiartzun ezin da ulertu bere naturgunerik gabe, herriari bere izaera ematen baitio. Izan ere, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago udalerriaren erdia, eta oso zaila da granitozko silueta begi-bistatik galtzea. Oiartzuarrek badakite non bizi diren, eta kontziente dira zaindu egin behar dutela leku paregabe horretan bizitzen jarraitu ahal izateko. “Naturgune garrantzitsua da Oiartzun, naturatik asko du, eta zaintzeko politika aktiboa martxan du”, azaldu du Eneritz Arbelaitz alkateordeak.

Baina oso handia da udalerria, eta hain maldatsuak ez diren lur eremuak ere baditu, garraiobide nagusietatik gertu daudenak, gainera. Hala, industria garatzeko aukera izan dute oiartzuarrek, eta, lehen sektoreaz gain, industriak ere garrantzi handia du oiartzuarren ekonomian. Batetik, diru sarrera bezala, eta, bestetik, enpleguari dagokionez. “Herria hedaduraz oso zabala da, eta hedadura handi horrek berak eman du industria garatzeko aukera ere”, erantsi du Arbelaitzek. “Horregatik da posible, era berean, bi jarduera horiek dezenteko presentzia izatea”. Natura eta industria eskutik, bata bestearen osagarri gisa, baina bakoitza bere aldetik, elkarri traba handirik egin gabe.

Orekan jarraitzeko erronka

Nekazaritza, industria eta zerbitzuak, azken horiek, batez ere, Elizalde auzoan, herrigunean. Herri txikia izan arren, ez zaio ezer falta Oiartzuni. Naturaren eta giza jardueraren arteko orekari esker iraun du herriak, eta bide horri eustea da etorkizunerako erronka. Alkateordeak, behintzat, argi dauka: “Natur ingurunea babesten jarraitzea, lehen sektorea bultzatzeko eta biziberritzeko egitasmoak sustatzen jarraitzea, industrialdeak berritzea, eta herriko zerbitzuak osatzen jarraitzea, horiek dira etorkizunerako ditugun erronkak, oiartzuarrentzako Oiartzun gero eta herri hobea izan dadin”.

Herri bat parke natural batean, horrelakoa da Oiartzun, granitozko mendi puskaren magalean naturarekin bizikidetzan iraun duen bizitokia, Santiago de Compostelara doazen erromesentzat Gipuzkoako hirugarren herria, Euskal Herriko lehen harria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.