“Soldata kobratzea bezala, euskaraz lan egitea ere eskubide negozia ezina da”

E. Goenaga Lizaso

Euskaraz lan egitea langileen eskubidea da, eta horretan zalantzarik ez dute ELAk eta LABek; baina horren kontzientzia ez dago nahi beste eta behar besteko indarrarekin txertatuta langileen kontzientzian, eta Urola Kostan Kontseiluarekin batera martxan jarriko duten egitasmoan hori bilatzen dute. “Nik uste dut egitasmo honen funtsa hori dela, langileak ahalduntzea, euskara beste eskubide batzuen maila berean ikus dezaten, hizkuntza eskubideei beste eskubideek duten formalismo eta konpromiso maila emateko, eta baliabideak eskaintzeko”, azaldu du Amagoia Unanue Etxabek, ELAren Urola Kostako koordinatzaileak.

Aihotz Aiestaran LABen Urola Kostako idazkariaren aburuz, euskaraz lan egitea beste edozein eskubideren mailan dago. “Inork ez du jartzen zalantzan soldata kobratzeko eskubidea, edo aitatasun edo amatasun baimen bat, edo lanerako ezintasun bat. Bada, soldata kobratzea bezala, euskaraz lan egitea ere eskubide negozia ezina da”. Langileei, eta sindikatuetako ordezkariei ere bai, ideia hori barneratzea kosta egiten zaiela aitortu dute sindikatu bietako kideek. “Gertatzen da diruarekin lotzen ditugun eskubideak dauzkagula barneratuta, eta oso argi hartzen ditugula gure egitekoen artean; baina balio ez-ekonomikoa edo balio soziala duten eskubideak —berdintasuna, homofobiaren kontrako neurriak, euskara…— bigarren mailan gelditzen dira. Horiek gerorako uzten dira”, gehitu du Unanuek.

Elkartuta

ELAk zein LABek urteak daramatzate hizkuntza eskubideen gaia lantzen; ekintza sindikalean txertatzeko beharra argia da haientzat, baina orain arte bakoitzak bere bidetik jo du arlo horretan ere. “Askotan, gainera, enpresaz enpresa egin da borroka hori. Ez dago normalizatua, ez dago orokortua, eta langileen borondate eta sentsibilitatearen arabera egin dira urratsak”, dio Aiestaranek.

Baina, Urola Kostan, ELA eta LAB elkarlanean arituko dira, bai aukeratu dituzten enpresetako langile ordezkariak eta bai eskualde mailako ordezkariak. “Elkarlan hau garrantzitsua izango da”, esan du Unanuek. “Herri honetan, ELAk eta LABek batera egindako gauzetan emaitza batuketa baino gehiago da. Eta Urola Kostan bi sindikatuok %85eko ordezkaritza dugu. Gainera, uste dut langileek ere eskertzen dutela biak batera joaten garenean”.

Dagoeneko, aukeratu dituzten hamabi enpresetako langile ordezkariek jaso dute formazio bat. Apirilean hasi ziren horretan, eta orain hasiko dira enpresak euskalduntzeko lehen pausoak ematen. “Uztail arte girotze lana egingo dugu, gai honekin langile guztiengana iristeko; eta, aldi berean, enpresetako Adosguneetan diagnosi subjektiboa egingo dute langileen ordezkariek, Kontseiluak jarritako irizpideekin: zein den egoera, zein neurri behar diren, nolako erantzuna espero duten enpresaren aldetik”. Uda ostean hasi nahi dituzte harremanak zuzendaritzekin. “Guk egindako diagnostiko subjektibo hori mahai gainean jarri, eta gero enpresak egin beharko luke diagnostiko objektibo bat”. Ondoren ekingo zaio neurriak hartzeko bideari; ahal dela, enpresak eta langile batzordeak batera.

Zuzendaritza eta jabeen aldetik erantzun ezberdinak espero ditu Aiestaranek. “Enpresa batzuetan, GKN eta Bielen adibidez, badituzte euskara planak, eta hasiak dira bide bat egiten; beste batzuetan, zuzendaritza eta jabeak euskaldunak dira, eta prest egon daitezke; baina, beste batzuetan, ziur, zuzendaritzaren aldetik jarrera itxiagoa izango da. Beraz, beste borroka sindikalekin gertatzen den bezala, zenbait enpresatan negoziazio lasaia izango da, baina besteetan borroka egin beharko dugu. Soldatarekin berdin gertatzen da: batzuetan erraz lortzen da, baina besteetan gogor borrokatu behar da. Hori aurrez espero dezakegu”.

Borroka horretan langileen jarrera ezinbestekoa izango da. Bi ordezkari sindikalek garrantzitsua irizten diote langileen ahalduntze eta kontzientziazioari. “Lehenik, langileak sinistu behar du euskaraz lan egitea bere eskubidea dela, ez dela borondate kontua. Askotan, argi dugu familian, ikastolan, lagunekin, aisialdian euskaraz egin behar dugula eta euskaraz egin nahi dugula. Baina, gero, lanean ez zaio lehentasun hori ematen, eta horretan langileok aldatu behar dugu txipa”, esan du LABekoak.

Egitasmoaz ilusioz hitz egiten dute, eta Unanuek aurrera begiratzen du: “Lortu behar dugu ekintza hau kutsakorra izatea, eskualdean giro bat sortu eta enpresa gehiago erakartzea, eta, noski, beste eskualdeetara zabaltzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.