Eskerrak, Vladimir, egun honengatik

Danel Agirre

Apareju galantaz gain aparejadore efikaza ere izaten badakien Ikerrek kontatu zidan. Etxebizitzen zaharberritzean, ohikoa bilakatzen ari da sakelakoaren aplikazioarekin menderatu daitekeen sarraila instalatzea. Indonesian surfean edo Bretainian furgonetarekin ibilita ere, tantaka dagoen komuneko hodia konpontzera datorren iturginari (edo maitalearekin non ezkutatu ez duen lagunari, edo hozkailutik speed gramoa jasotzera doan bezeroari) atea zabaltzea posible da egun. Gauzen Internet aurrerabide probetxuzkoa da zinez. Besteak beste, nabarmen sinplifikatu duelako gizakia gizaki denetik arduratu izan duen obsesio funtsezkoa: krimen perfektua burutzea, jakina.

Orain arte, krimen perfektua pasarte korapilatsuz betetako misioa zen. Ileorde barregarri bat ipini eta bibotea hazten utzi, biktima auto batetik gaua joan eta gaua etorri espiatu, sedukzioa eta sexua modu ezin hotzagoan erabili, inork ikusi gabe alboko edalontzira lo egiteko hautsak bota, zerraldoa zakuan sartu eta baso ilunean lurperatu… Tramite zirraragarriak ziren horiek guztiak, baina norberaren larrua arriskatzeaz gain, oso gizatiarra ez den perfekzioa eskatzen zutenak.

Hozkailuak ere Internetera konektatu behar honek krimen perfektuaren demokratizatzea ekarri du berekin. Sareko pare bat gidaliburu irakurtzeak nahikoa dirudi Garoñako zentraleko erreaktorearen edo Esako urtegiaren konporten kontrola eskuratzeko. Hamar lerro kode baino ez den troiar bat idatzi, bandera faltsuko zerbitzariren bat topatu, teknikariek eguneratu gabeko pare bat firewall-i iskin egin eta egilea Ipar Korea izan denaren traza igorriko duen aztarna pare faltsua laga: ez da gehiago behar. Etxebizitza zaharberritu eta sakelakoaren aplikazioarekin menderatu daitekeen sarraila instalatzea, sorginduta dagoelako aspalditik inork alokatu ez duen txaletera bizitzera joatea bezalakoa da. Parekatu ezinezko abentura bai, ausarkeriaz betetakoa ere bai.

Gizakia naizen aldetik, krimen perfektua burutzea da arduratzen nauen obsesio funtsezkoa. Nire kasuan —diedan ezinikusiaz jabetuko zinen honezkero—, kalean eta mendian kirola egiten duten horiek guztiak ditut jomuga. Maratoilariei, triatletei eta ultratrail eta kilometro bertikal zaleei eraso ahal izateko, bibote faltsua hazten utzi eta bazterren batean bidelapur baten moduan itxaron beharko nituela uste nuen lehen. Gauzen Interneti esker, askoz modu eraginkor eta aseptikoagoan asebete ahal izango dut nire bulkada. Ordenagailu aurretik mugitu ere egin gabe, Atlas mendilerroan lehen aldiz lasterka doanaren erloju adimenduna hackeatu eta korrikalaria amildegi batera bideratuta, adibidez.

Bada domotika eta saretik maneiatu daitekeen trasteria hedatu direnetik krimen perfektuak erromantizismoa galdu duela deitoratzen duenik. Ni, berriz, oso bestelako txikikeria batek kezkatzen nau apur bat: Hirugarren Mundu Gerra batere emoziorik gabeko sestra izango den itxura osoa hartzen ari da. Errusiaren nagusitasuna hain da nabaria kontu hauetan, Fancy Bearsen indar erakustaldi bakoitza horren biribila iruditzen zait, esnatutakoan oraindik ura eta argindarra baditudala egiaztatzen dudan bakoitzeko Vladimir Putini eskerrak ematen dizkiodala, bere bihozberatasunagatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.