“Askok daukate ura sentitzeko dohaina, baina ez dakite”

“Askok daukate ura sentitzeko dohaina, baina ez dakite”

Itzea Urkizu

Higienea eta egarria baino askoz gehiago biltzen ditu urak. Hala uste du, behintzat, Imanol Etxeberria ur bilatzaileak (Tolosa, 1970). Ura aurkitzea da haren lana, baina baita ur eta energia korronteen araberako bizi antolaketa sustatzea ere.

Nola jakin zenuen ahalmen hori zenuela?

1990ean zahori batekin elkartu nintzen, eta proba egiten utzi zidan; ikasteko aukera nuela esan zidan. Ezusteko handia izan zen niretzat, baina pixkanaka hasi nintzen sentsibilitatea hartzen.

Nola ikasten da sentsibilitate hori hartzen?

Sentitu egiten da, eta sentitzen den hori irakurtzen jakin behar da. Noski, kezkak eta zalantzak sortzen dira bidean, eta okerrak ere egiten dira.

Zer da, zehazki, ur bilatzailea izatea?

Berez, lur azpikoa sentitzen duen pertsona da. Bi adar hartzen ditugu eskuetan, eta horrek tentsio jakin bat ematen digu; adarrak alde batera zein bestera mugitzen dira, asko gainera.

Gaur egun, zertarako baliatzen da gaitasun hori?

Ura ez dagoen lekuetan aritzen gara gu; adibidez, urrutiko baserrietan. Nafarroan ibiltzen gara asko, eta baita Aragoin eta Sorian ere [Espainia]; lan asko egiten dut Moncayoren magalean. Trufa ekoizle askorekin aritu izan naiz, adibidez, haiek ura behar-beharrezkoa baitute. Eta anguletan aritzen direnentzat ere aritu izan gara lanean, geotermia egiteko.

Zer-nolako tresnak baliatzen dituzue?

Alde batetik, penduluak daude, eta hiru hagatxo edo ziri mota ere bai. Hala ere, tokian tokiko fruituren baten bi adarrek ematen dituzte sentsazio handienak.

Nahikoa da adar horiek eskuetan hartzea?

Eskuetan hartu, ibili, saiatu eta sentitu. Eta behin gune zehatz hori aurkitu duzula uste duzunean, ura zenbat metrora dagoen, eta, gutxi gorabehera, zenbat ur egon litekeen ere kalkulatzen dugu. Ur horrek zer-nolako kalitatea duen ere jakin dezakegu, eta baita erreka bat edo ur poltsa bat ote den ere.

Duela gutxi zuen lanbidea erakusteko tailer moduko bat egin zenuten Oteitzan, Nafarroan. Zer moduzko harrera izan zuen?

Eskola batean egin genuen, eta ehundik gora neska-mutil bertaratu ziren. Bi zahori aritu ginen irakasle lanetan, Jose Luis Martos nafarra eta ni neu. Oso-oso polita izan zen, haur askok erraztasun izugarria dutelako ura non dagoen jakiteko. “Hor ura dago” esaten ziguten. Leku hartara gerturatu, eta baietz ikusten genuen, asmatu zutela. Bost orduz aritu ginen, haurrek ez zutelako amaitu nahi. Oso pozik geratu ginen hitzorduak izandako harrerarekin.

Ur bilatzaile jaio egiten da, ala ikasi egiten da?

Berezko zerbait behar da zahoria izateko, baina erradiestesirako, adibidez, ez. Gorputzak bidaltzen dituen estimulu elektrikoak eta elektromagnetikoak eta erradiazioa jaso eta bideratzen ditu erradiestesiak. Edonork egin dezake hori. Baina badu zerbait genetikotik: askok daukate ura sentitzeko dohaina, baina ez dakite, horretan hasteko aukerarik ez dutelako izan.

Ba al da paisaia edo ingurune egokiren bat ura aurkitzeko?

Egia esan, ez. Joan izan naiz hainbat lekutara ura ziur aurkituko nuela pentsatuz, eta aurkitu gabe bueltatu izan naiz. Kontrara, Bardeetan bada ura dagoen toki bat.

Mundu bitxia da, beraz.

Bai. Ikerketa txiki bat egiten ari gara Nafarroan, Erriberriko gazteluan eta inguruko eliza batzuetan. Berdin-berdin babestuta daude aztertu ditugun eliza guztiak: lau puntu edo bidegurutze dituzte alboetan, Hartmann eta Curry lerroenak, eta beteta nahiz ur failez babestuta daude.

Zer dira Hartmann bidegurutzeak?

Ernest Hartmann doktoreak izendatu eta zabaldu zituen. Energia lerroak irteten dira lurraren erdigunetik, eta Hartmann eta Curry lerroek —bi indartsuenek— bat egiten duten guneak dira Hartmann bidegurutzeak.

Dekorazioan ere aritzen zara.

Harmonizatzen aritzen naiz. Txikikeria askoren bitartez, lerro kaltegarriak erakartzen ditugu gure etxeetara.

Arriskutsua izan daiteke hori kontuan ez hartzea?

Osasunari kalte egin diezaioke. Norbaitek etxe azpian ur korronteren bat badu, horrek nahitaez eragingo dio, 24 orduz, etengabe, ura pasatu eta pasatu ari delako. Konturatzen ari naiz jendearen gaixotasunek, askotan, etxea antolatzeko moduan dutela jatorria. Matia egoitzara joaten naiz, Donostiara, eta jende asko artatzen dut nire kontsultan.

Izan ere, reiki maisua ere bazara. Badute loturarik?

Bai, energiei lotutako kontuak dira biak. Ondo dago pertsona bati reikia egitea, baina lo ondo egiten ez badu, Hartmann edo Curry lerro bat pasatuko zaio ohe azpitik, ia seguru. Horregatik, ohearen kokalekua aldatzen ez bada, loaren arazoak berdin jarraituko du.

Badute ikasteko aukerarik ogibide horretan trebatu nahi dutenek?

Neronek eskaintzen ditut zahori tailerrak, eta baita reiki eta etxebizitzak harmonizatzeko tailerrak ere. Oraingoz, oso gustura etortzen da jendea; gero eta interes handiagoa sortzen du gaiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.