[Herriz herri] Oñati. Bere kasa dabilen herria

[Herriz herri] Oñati. Bere kasa dabilen herria

Aitor Biain

Entzuteaz “nekatuta” dauden arren, oñatiarrak “bereziak” dira. Hala aitortu du Mikel Biain alkateak (Oñati, 1977). Denak du eragina “berezi” izate horretan, haren ustez: “Historiak, orografiak, kulturak, azpiegiturak, ekonomiak…”. Jauntxoen herria urte askoan, konderria gero, 1845 arte ez zen batu Gipuzkoara. “Hori, oraindik, atzo da guretzat”. Lurralde historikoaren hego-mendebaldean kokatuta dago, Debagoiena eskualdean. Inguruan, Arrasate, Bergara eta Arabarekin ere egiten du muga, besteak beste.

“Orografia kontuan hartuta, aitortu beharra dago ez dela erraza Oñatira iristea”, azaldu du Biainek. “Eta argi dago horrek eragin egin duela gure izaeran, nahiz eta mitotik ere asko izan”. Bi sarrera-irteera ditu herriak: bata, Legazpira, Udanako gaina igarota; bestea, Arrasate eta Bergara aldera. Ez da errepide nagusirik igarotzen herritik, eta aurten beteko dira 50 urte “Vasco-Navarro” trenaren adarra kendu zutela.

Naturaz inguratuta dago herria. Landa eremu zabala du —Gipuzkoako udalerririk handiena da azaleraz—: hamasei auzo ditu, eta 500 baserri inguru. “Arbasoen ezaugarriak eta berezitasunak gordetzen lagundu du horrek”. Bada, dentsitate oso baxua du: 104 biztanle kilometro koadroko. Egun, 11.300 biztanle ditu herriak, eta, azken urteotako datuei erreparatuz gero, “hazten” jarraituko duela dirudi. “Modu nahiko orekatuan, gainera”. Edonola ere, etorkizuneko erronka nagusia gizartearen zahartzaroari “kalitatezko erantzuna” ematea izango dela aitortu du alkateak. “Ate-joka dugu, eta udalok prest egon behar dugu. Lanean dihardugu dagoeneko”.

Hain zuzen, naturaren eta industriaren arteko orekan bizi da Oñati. Herri “aberatsa” da alkatearen hitzetan, bizi kalitatearen “maila altua” duena. Aberatsa da albo guztietatik begiratuta: historiari dagokionez, kulturatik eta sorkuntza aldetik, natur baliabideei dagokienez, eta baita baliabide ekonomikoen eta enpleguaren aldetik ere. “Berezko martxa dauka herri honek”.

Industria da herriaren motorra: “Industriatik bizi izan gara beti; baita orain ere”. Egun, kooperatibek egiten dute ekarpenik handiena enplegu aldetik. “Baina kooperatiba ez izanagatik ere, pisu handia duten enpresak ere badaude. Eta guretzat garrantzitsua da, gainera, industriaren kapitalak oraindik, zorionez, herrian sustraiak badituela ikustea”. Langabezia tasa %6 ingurukoa du. “Askotariko jarduera ekonomikoa daukagu, oso dibertsifikatuta dago: eraikuntza, elikadura, automozioa…”.

Oreka hori mantendu nahian, ondare naturala errespetatzeaz gain, oñatiarrek ongi dakite horri probetxua ateratzen ere. Izan ere, aisialdirako ez ezik, energia lortzeko ere baliatzen dute inguruak eskaintzen diena. Herrigunea %100 hornitzeko adina energia ekoizten dute herrian bertan. “Menditik datorren ura baliatzen dugu energia ekoizteko. Historian zehar gorabehera batzuk izan arren, egun oraindik ekoizpenaren, banaketaren eta merkaturaketaren jabetzari eusten dio udalak, eta hori ez da herri askotan gertatzen”, azaldu du alkateak.

Natura da herriaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa. Horregatik, udal gobernuak argi du ildo horretan oinarritutako politika “ausartak” eramango dituela aurrera. “Erabaki ausartak hartu behar ditugu, hasieran denen gustukoak izan ez arren, gerora denon onurarako izango direnak”. Horren adibide da mugikortasun jasangarriaren alde egindako hautua. Horren harira, hainbat proiektu jarri ditu martxan udalak: oinezkoentzako gune gehiago sortu, herrigunean TAO sistema jarri, ikastetxeetara oinez joateko kontzientziazio kanpainak egin, herribusa, auzoak irisgarri bilakatzeko planak…

Ingurumenari lotuta, turismoak ere badu zeresana, ordea. “Herriaren turismo estrategiaren barruan beti egon izan da naturaren ikuspuntua. Ondare kulturalaz gain, ondare naturala ere kontuan hartu izan dugu”. Horren adibide dira 2007an bisitarientzako egokitu zuten Arrikrutzeko koba, karabanentzako gunea eta Aizkorri-Aratz parke naturala. Edonola ere, udalak “tentuz eta arduraz” jokatu behar duela uste du alkateak. “Baditugu nahikoa baliabide turismoari aurre egiteko, modurik eta egokienean betiere. Datozen bisitariak ahalik eta egokien artatzea izan behar dugu helburu”.

“Gainezka” egitear kulturan

Festetan bizi den herria da Oñati, askotarikoa baita maiatzean hasi eta irailaren amaierara arteko kultur eskaintza. Biainek azpimarratu duenez, asteburu bakar bat ere ez dago eskaintzarik gabe. “Gehiegi dela ere esango nuke nik. Gainezka egitear gaude aurten”. Alkatearen ustetan, aberatsa den arren, arazoak ere ekar ditzake horrek: jarduera oro gutxiestea, hain zuzen. “Garai batean eskaintza gutxiago zegoen arren, gehiago baloratzen genituen zeudenak. Artzain-txakur txapelketa bera jarriko nuke adibidetzat. Ilusioa sortzen zigun garai batean, baina, gaur egun, egun bat gehiago da egutegian. Halako kasu asko daude”.

Edonola ere, sorkuntza mailan ere erreferente izan da beti Oñati. Askotariko eragileak eta elkarteak daude herrian; gaur egun, eraikin bakarrean bilduta daude guztiak, Eltzia proiektuaren barnean, elkarren arteko sinergiak sortzeko. “Hasi besterik ez da egin, eta emaitzak urte batzuen buruan ikusiko ditugula uste dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.