Heziketarako, prestakuntza

Heziketarako, prestakuntza

Olatz Mitxelena

Bolo-bolo dabil gaia. Asko hitz egiten da kirol begiraleen prestakuntzaz. Errazegi, ziurrenik. Prestakuntzaren beharra egon badago, zalantzarik ez da; baina azken urteetan urratsak egin dira lurralde osoan. Norabide horretan, Pasaiako Udalak plazaratu berri duen ikastaroa da adibideetako bat. Kirol eskoletan aritzeko begirale ikastaroa eskainiko dute hilabete honetan, futbol eta hockey eskoletan ari diren edo aritu nahi duten begiraleei zuzenduta. Orain dela hiru urte egin zuten, lehendabizikoz, antzeko eskaintza bat.

Pasaiako Udaleko kirol teknikaria da Ibai Saavedra, eta, azaldu duenez, “haurrekin aritzeko begirale euskaldunak prestatzea eta begiraleen erreleboa bermatzea” dira ikastaroaren helburuak. Ez dute ausaz erabaki eskaintza futbol eta hockey eskolei bideratzea. Begirale eskasia dute aipatu eskoletan, eta haien eskariz sortu dute ikastaroa. Pasaian, gainera, 0-12 urte bitartean, ez dago Eskola Kirola programaz kanpoko beste kirol eskaintzarik. Horregatik da ikastaroa Lehen Hezkuntzako haurrak entrenatzen dituztenentzat, 3. eta 6. maila arteko ikasleekin lanean ari direnentzat.

Edonola ere, Saavedrak azaldu duenez, ikastaroan izena emateko ez da ezinbestekoa aurrez begirale gisa aritu izana. Hori bai, derrigorrezkoa da 16 urteak beteta edukitzea, eta baita euskaraz jakitea ere. Hilaren 12tik 17ra egingo dute ikastaroa, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara. Gaur ixtekoa zuten izena emateko epea, baina, kirol teknikariak adierazi duenez, datozen egunotan ere onartuko dituzte izen-emateak, www.pasaia.eus webgunean. Doan izango da ikastaroa.

Azken urteotan Realaren fundazioaren bitartez Gipuzkoa osoan “antzeko ikastaro asko” eskaini dituztela azaldu du Saavedrak. “Fundazioak bere gain hartu nahi izan du prestakuntzaren arduraren zati bat”. Kirol teknikariak gaineratu duenez, eskualde guztietan horri esker bete dituzte gutxiengo batzuk.

Ikastaroa, beraz, lehen urratsa da: “Ulertzen dugu orain arte haurrekin aritu diren begirale horiek ez dutela gutxieneko prestakuntzarik jaso”, hasi du azalpena Saavedrak. “Kasu honetan, gutxieneko prestakuntza hori eduki dezaten aukera eman nahi diegu, eta, era berean, bide bat zabaldu nahi dugu begirale horiek euskaldunak izan daitezen”. Teknikariaren hitzetan, kirol elkarte horietan haurrentzako eskaintza euskaraz izan dadin “bermatuko” lukete horrela.

Haur eta nerabeekin aritzeko beharrezkoa da oinarrizko prestakuntza. Inor gutxik du zalantzarik horretan. “Baina argi dago inoiz eta inon ez dagoela nahikoa prestakuntzarik”, ohartarazi du Saavedrak. Behar horri segika ibiliko da ikastaroaren helburua. “Haurrekin eta nerabeekin aritzen diren ikur edo eredu horiek gutxieneko prestakuntza behar dute”. Zehaztuta dauden formakuntzak direla azaldu du kirol teknikariak. “Realaren fundazioak oso egokitzapen onak egiten ditu alde horretatik”.

Hutsunea, hala ere, ez dago prestakuntzan soilik. Kopuruan ere zuloa dago. Begirale gehiago behar dira. Alde horretatik, prestakuntza bermatzea bezain garrantzitsua da jende gehiago biltzea eta begiraleen erreleboa bermatzea, hor sortzen direlako, askotan, bestelako gabezia larriagoak. “Kirol eskoletan, aukera izanez gero, erreferentzia izango diren pertsona onenak hautatzen dituzte, baina hor ere, askotan, jende gehiago behar izaten da”, nabarmendu du teknikariak. Ohartarazi duenez, jende faltak behartuta, askotan, “edozein pertsonari” ematen zaio prestatzaile gisa aritzeko aukera, horrek daukan arriskuarekin.

Horregatik, hain zuzen, halako eskaintzak “maiztasunez” egitearen aldekoa da Saavedra, “oso aldakorra” den errealitate bati behar bezala erantzun ahal izateko: “Denentzat onuragarria izaten da beti jende berriari atea irekitzea”.

Eskola kirola eta eskolak

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere on-line ikastaro bat eskaintzen du urtean bitan, baina Saavedrak nabarmendu duenez, Eskola Kirola programaren barruan ari diren begiraleentzat pentsatutako prestakuntza izaten da hori gehien bat. Aurten, 25 urte bete ditu Eskola Kirola programak, eta Gipuzkoan bete-betean da gogoeta prozesua. Aldundiak lantalde bat osatu du programaren hainbat korapilo aztertzeko. Programaren onurak defendatu ditu Saavedrak: “Oso eredu interesgarria da Gipuzkoakoa. Azken 25 urteotan landutako ereduari esker da gaur egun Gipuzkoako kirola hain anitza maila guztietan. Eredu horrek oso emaitza onak eman ditu, bai eliteko kirolean, eta baita maila ertainean edo txikian ere”.

Gauzak berrikustea “komenigarria” izaten dela uste du, hala ere, kirol teknikariak, baina “giltzarri” izan diren arloei eustearen aldekoa da. Alde horretatik, kirol eskolen ibilbideak, orain arte bezala, osagarria behar duela sinetsita dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.