[Museora] Arditurri. Aiako Harriaren altzoan

[Museora] Arditurri. Aiako Harriaren altzoan

Eider Goenaga Lizaso

Aiako Harria da, Aizkorri-Aratz, Aralar eta Pagoetarekin batera, Gipuzkoako Parketxe Sarea osatzen duten natur parkeetako bat. Mendiaren forma bereziak urrunetik ikusgai eta ezaguterraz egiten du Aiako Harria; baina, batez ere, mendiaren osaera geologikoarengatik da berezia. Euskal Herriko formazio geologiko zaharrenetakoa da —orain 250 milioi urte inguru azaleraturikoa—, eta granitozko bakarra. Mendiaren magalean, Arditurri interpretazio zentroa dago, eta bertan harrera egiten diete iristen diren guztiei. “Interpretazio zentroa natur parkearen barruan dago, eta bertan aurkituko duen guztiari buruzko informazioa ematen diogu bisitariari”, azaldu dio Hitza-ri Itsaso Aritzeta Arditurriko koordinatzaileak (Andoain, 1985). Natur parke batek berez duen erakarmenari, Arditurriko meategiek duten interesa eta haiek bisitatzeko aukera gehitu behar zaio; bi arloak lantzen dira interpretazio zentroan.

Milaka bisitari hartzen dituzte urtean. “Asteburuetan bisitari asko etortzen zaizkigu meategia ikustera, baina beste asko natur parkeaz gozatzera etortzen dira, ibilalditxo bat egitera. Ez dakit esaten zeintzuk diren gehiago”. Batera zein bestera joaten denak interpretazio zentroarekin egiten du topo lehenik. “Gurea oso interpretazio zentro txikia da, eta bi solairutan dago banatuta. Lehen solairuan, natur parkeari buruzko informazioa ematen dugu; noiz sortu zen, zein eskualde hartzen dituen, zein espezie topa daitezkeen bertan, kultur ikuspegia ere lantzen dugu… Bigarren solairuan, berriz, meategiaren inguruko informazioa dago; meatzeetan atera izan diren mineralei buruzkoa, erromatarren garaitik izan duen bilakaera, kondaira batzuk…”.

Interpretazio zentroa doan bisita daiteke, eta nork bere kabuz egiten du bisita, bertan ipinitako panelek lagunduta. Natur parkean egin daitezkeen ibilbideei buruzko informazioa eta planoak ere banatzen dizkiete bisitariei. “Baina meategia bisitatu nahi duenak gurekin egin behar du bisita gidatua”.

Aritzetaren arabera, Aiako Harriaren osaera geologiko bereziaren ondorio izan da bertako meategien ustiaketa. “Granito horren inguruan sortutako zainak oso bereziak dira, bertan daudelako meategi hauetan ustiatu nahi izan diren mineral horiek guztiak; burdina, galena (zilarraren eta berunaren arteko nahaste bat), fluorita, eta, azkenik, blenda, eta hortik zinka eskuratzen zuten”.

Meategien ustiaketaren lehen datuak eta arrastoak erromatarren garaikoak direla azaldu du Aritzetak —hainbat galeria daude erromatarrek eraikitakoak—, nahiz eta arkeologoek uste duten lehenago ere egiten zela mineralen ustiaketa. “Erromatarren ondoren, hainbat garaitako datuak daude, bai Erdi Arokoak, eta, noski, baita 1800. urtetik aurrerakoak ere. Ustiaketak 1984 arte iraun zuen. Guk esaten dugu erromatarren garaitik ustiaketak ez zuela etenik izan”.

Aritzetaren arabera, guztira 15-18 kilometro inguruko galeriak eraiki zituzten meatzaritzarako; asko jada suntsituak daude, baina horietako bat bisitak egiteko egokituta dago. Bisita egiteko bi modu daude. Batetik, oinarrizko bisita dago; 200 metroko pasabide egokitu batetik egiten da, meategiaren barrura sartzen da, eta edozeinek egin dezake, “baita gurpil aulkian ere”. Amaieran, erromatarren garaiko galeria bat ikus daiteke. Interpretazio zentroan gaiari buruzko bideo bat ikusten dute lehenik bisitariek, eta, ondoren, meategiaren barruan, gidariaren azalpenekin osatzen da informazioa.

Joandako tokitik itzultzen da oinarrizko bisita; baina, sakoneko bisita eginez gero, 200 metro horien ostean, 15 metroko eskailera batetik jaitsi eta meategian barrena jarraitzeko aukera dago, beste toki batetik irteteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.